Urteetan aliatuen arteko desadostasun iturri izan den auzian urratsa eman dute Alemaniak eta AEBek. Bi herrialdeetako gobernuek akordioa lortu dute Errusia eta Alemania lotuko dituen Nord Stream 2 gas hodiaren gainean.
AEBek konpromisoa hartu dute azpiegitura energetikoaren lanak ez oztopatzeko —oso aurreratuta daude—, eta Alemaniak neurriak hartuko ditu Errusiak Europan duen nagusitasun energetikoa murrizteko. Horrez gain, Berlinek finantziazioa bideratuko du Ukrainan energia berriztagarrien sektorea sustatzeko.
Washingtonek kezka iturri izan du Nord Stream 2 gas hodiak Ukrainan izan dezakeen eragina. Egun, herrialde hura da Errusiako gasa EB Europako Batasunera garraiatzeko bide nagusia, eta, Moskuk handik igarotzen diren hodien erabilera baztertuz gero, Ukrainako Gobernuak urtero 2.000 milioi euro bereganatzeari utziko lioke. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, ordea, aukera hori baztertu zuen joan den ostiralean, Etxe Zurian Joe Biden AEBetako presidentearekin egin zuen bileraren ostean. Ziurtatu zuen Nord Stream 2 hodiak ez duela Ukrainako hodi bidea ordezkatuko: «Gure asmoa da Ukrainak gas naturalaren igarobide herrialde izaten jarrai dezan». Hala adierazi zion Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri ere, hark ardura adierazi ostean, biek aurreko aste hasieran eginiko bileran.
«Egoera okerra da, eta gas hodi okerra», adierazi du gaur Victoria Nuland AEBetako Estatu Idazkaritzako hirugarrenak, «baina Ukraina babesten lagundu behar dugu, eta uste dut urrats esanguratsuak eman ditugula bide horretan akordio honekin».
Bi aldeek adostu dutenez, Errusiak gas hornikuntza arma politiko gisa erabiliz gero, haren kontrako neurriak hartuko ditu Berlinek, eta Europako Batasunak ere hala egiteko presio egingo du. Neurri horien artean legoke zigor ekonomikoak ezartzea.