Alemania, sozialdemokraziaren aurkako azken kolpea Europan

Ezustekorik ezean, bihar konfiantza mozioa galduko du Scholzek. Horrela, sozialdemokraziak beste gobernu bat galduko du EBn, eta taldeko hamar ekonomia indartsuenetatik bakarrean egongo da agintean.

Alemaniako kantziler Olaf Scholz, asteazkenean, biharko konfiantza moziora deitu ostean. CLEMENS BILAN / EFE
Alemaniako kantziler Olaf Scholz, asteazkenean, biharko konfiantza moziora deitu ostean. CLEMENS BILAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Alemaniako kantziler Olaf Scholzek konfiantza mozio batera deitu zuen asteazkenean, eta Alemaniako Parlamentuan bihar bozkatuko dute ea SDP Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren eta Berdeen arteko koalizio gobernua babesten duten edo hura agintetik kendu nahi duten. Azaroaren 6an egin zuen eztanda Alemaniako Gobernuak: FDP alderdi liberalak koalizioa utzi zuen, eta, hori dela eta, gutxiengoan geratu da gobernua parlamentuan. Horiek horrela, eta ezustekorik ezean, Scholzek mozioa galduko du bihar, eta gobernuak agintea utzi beharko du eta hauteskundeetara deitu. Alemanian boterea galduz gero, kolpea hartuko du sozialdemokraziak EB Europako Batasunean, taldeko hamar ekonomia indartsuenetatik bakarrean izango baitu agintea.

EBren BPG barne produktu gordinari erreparatuz gero, kiderik indartsuenak Alemania (%24,29), Frantzia (%16,52), Italia (%12,29), Espainia (%8,62) eta Herbehereak (%6,1) dira. Horietan, Alemanian eta Espainian dago sozialdemokrazia gobernuan, baina, dirudienez, bihartik aurrera Espainian mantenduko da soilik. Are gehiago, bost herrialde horiei erreparatuta, antzeman daiteke eskuin muturrak boterea nabarmen handitu duela EBn: Italian eta Herbehereetan daude agintean.

Duela ia hamar urte, 2015ean, sozialdemokraziaren egoera hobea zen. Bost herrialde horietatik bik zuten gobernu sozialdemokrata bat: Frantziak eta Italiak. Europako Batasuneko 27 kideei erreparatuta —2015ean 28 ziren, Erresuma Batua oraindik EBn baitzegoen—, sozialdemokraziarekiko atxikimendua txikitu dela ere ikus daiteke: 2015ean bederatzi herrialdek zuten gobernu sozialdemokrata bat, eta, bihar Scholzek parlamentuaren babesa galduz gero, EBko sei estatutan egongo da sozialdemokrazia agintean.

Aurten, Europako Parlamenturako egindako bozek, gainera, ez dute itxaropenerako tarterik uzten Alemaniako sozialdemokraziarentzat. SDP hirugarren aukera izan zen, botoen %13,9 eskuratuta, eta urrun gelditu zen CDU Batasun Kristau-Demokratak lortutako boto kopurutik (%30). AfD eskuin muturreko alderdia izan zen bigarren, botoen %15,9 lortuta.

Sozialdemokraziak izan duen babes jaitsiera azaltzeko, ideologia politikoaren oinarrietara jo behar dela uste du Iratxe Perea EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak: «Sozialdemokraziaren oinarrietako bat ongizate estatua da, eta Europako Batasunean hori gain behera doa argi eta garbi». Gaur egun, munduan —eta EB ez da salbuespen bat— «austeritate proiektu hegemonikoak» dira nagusi. Politika horiek «ongizate estatua sakon higatzen» dutela iritzi dio EHUko irakasleak.

«Jarrera argirik ez»

Pereak azaldu duenez, sozialdemokratei kalte egin die gastu publikoa ez areagotzearen aurrean kontrako «jarrera argirik» erakutsi ez izanak: «Austeritate politikei aurre egin ez izanak zalantzak eragin ditu jendearengan. Herritarrek bere buruari galdetzen diote: zein da alderdi horien proiektua?».

Are gehiago, Pereak nabarmendu du proiektu «hegemoniko» horri aurre egiteko agertu diren ezkerreko aukera politikoen —Podemos, Frantzia Intsumisoa eta Syriza, besteak beste— aurka egin izan dutela alderdi sozialdemokratek. «Austeritate hegemonikoari aurre egiteko aukerarik ez dago Europako Batasunean», ondorioztatu du irakasleak. Gaineratu duenez, EBren politikek «dimentsio soziala» galdu dute azken urteetan. Pereak uste du argi ikusten dela bilakaera hori genero politiketan: «1990eko hamarkadatik genero ikuspegia asko azpimarratu zen, politika denetan txertatuz. Austeritate programetan, ordea, guztiz desagertu da genero ikuspegia».

Hala ere, Pereak azaldu duenez, azken hamarkadan sozialdemokraziaren beherakada «areagotu» den arren, ez da azken urteetan sortu den joera bat: «2008ko krisiaz geroztik doa gain beheran sozialdemokrazia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.