Alemaniako egoerari buruzko metafora bat nahi izanez gero, nahikoa da egun hauetan Bundestag ingurura gerturatzea, Berlinen. Obra batzuk egiten ari dira Alemaniako Parlamentuko eraikin dotorean, eta konponketa da, labur esanda, herrialdeak behar duena. Egonkortasun garai luze baten ondoren, arrakala batzuk azaldu dira sistema politikoan eta ekonomikoan, eta ikusteko dago gaurko hauteskundeek horiek konpontzeko modua ematen ote duten.
Eta metaforarekin jarraituz, Bundestagetik aurrera metro batzuk eginez gero, ibiltariak soldadu sobietarren omenezko monumentu oso sobietarrarekin egingo luke topo. Berlin naziengandik askatu zuen ekialdetik iritsitako Armada Gorriak, baina triskantza batzuk egin zituen bidean, eta hori da, metaforikoki orain ere, Errusiako armadak Ukraina inbaditzean Alemanian eragindakoa ere: Errusiako gas merkearen beharra zuen sistema ekonomikoan zuloa eragin zuen, eta zulo horrek elikatu du krisi soziopolitikoa ere.
Haserre eta neke horren adierazpenik argiena da eskuin muturra bere emaitzarik onena lortzekotan dagoela Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Adierazpen hori beste herrialde gehienei buruz ere esan daiteke, baina Alemanian esangura berezia dauka, nazismoak eta haren krimenek ultraeskuinaren eta nazionalismo sutsuaren aurkako antidoto bat eman ziotelako Alemaniako gizarteari.
Inkestak zuzen badaude, botoen %20 lortuko ditu Afd Alemaniaren Aldeko Batasunak, eta Bundestageko talderik handienetan bigarrena izango da. 2021ean %10,4 lortu zituen, eta bosgarrena izan zen.
Aurretik soilik CDU-CSU batasun demokristaua izango du, botoen %30 inguru lortuta, Friedrich Merz buru duela. Baina Merzek arrisku politiko handia hartu zuen urtarrilaren amaieran immigrazio politika gogortzeko proposamen batean AfDrekin batera bozkatu zuenean. Boto horrek auzitan jarri zuen ultraeskuinaren aurkako babes hesia, brandmauer izenekoa. Hau da, eskuin muturrarekin ezin dela inolako harremanik izan.

Ondotik, Merzek argi adierazi du inondik inora ez duela AfDrekin gobernatuko, baina zirrikitu bat erakutsi izanak indartu egin ditu AfDren aurkako manifestazio jendetsuak. Eta mobilizazio horietan milaka herritarrek ohar ozen bat egin diote CDUri: ez hurbildu eskuin muturrera. 1933. urtea aipatzen zuten kartel ugari erakutsi dituzte manifestatzaileek, gogoraraziz urte horretan Adolf Hitler kontserbadoreen laguntzarekin iritsi zela boterera.
Kontserbadoreen jokaerak kanpaina berotu duela aitortu du Andreas Schafer Berlingo Humboldt Unibertsitateko soziologia politikoko irakasleak, baina nabarmendu du inkestetan ez dela aldaketa nabarmenik gertatu. «Horrek erakusten du jada ez dagoela eskuin muturrari botoa ematea eragozten duen arau sozialik. Jende batek hala egiten zuen lehen, baina barne gatazka baten ondotik. %20ek esaten badute AfDri botoa emango diotela, arau hori indargabeturik dago».
«%20ek esaten badute AfDri botoa emango diotela, indargabeturik dago eskuin muturrari botoa ematea eragozten zuen arau soziala»
ANDREAS SCHAFER Humboldt Unibertsitateko soziologia politikoko irakaslea
Edonola ere, Schaferrek uste du aldea dagoela bozketa batean bat egitearen eta elkarlanean aritzearen artean, eta CDUk ez duela hurrengo urratsa egingo. «CDUko kide gehienek AfD gorrotatzen dute. Batzuek badute sinpatia pixka bat, baina gehienek ez. Alderdia suntsituko luke AfDrekin elkarlan etengabean aritzeak. Eta suizidio politika eragotzi nahi duenez, promesa oso garbi bat egin du oraingo lidergoak».
Iritzi horren seinale da Angela Merkel kantziler ohiak bere isiltasuna hautsi izana eta AfDrekin batera bozkatzea «akatsa» izan zela ohartarazi izana; baita Mercedes Benz, Siemens, Deutsche Bank eta Alemaniako konpainia handienetako buruek neutraltasuna alde batera utzi izana ere AfDren aurkako botoa eskatzeko.

Rafael Zelik politologoak ere uste du CDU oraindik ez dela «ausartuko» ultraeskuinarekin aliatzera, baina ziurtatu du alderdiko sektore batzuek ongi ikusiko luketela. «Eskualde eta udal batzuetan, ekialdean batez ere, jada ari dira elkarlanean, baina maila federalean aritzeak erabat hautsiko luke haien kultura politikoa, eta sektore batzuek alde egingo lukete».
Noiz arte iraungo du babes hesiak? Zelikek Giorgia Meloniren izena aipatu du. Eskuin klasikoarekin ongi moldatzen ari da Italiako gobernuburu ultraeskuindarra, eta hura bezain «bizkorra» den lider batek egoera alda dezake Alemanian ere. «Ez daukate oraindik Meloni bezain inteligentea den inor, baina gerta daiteke».
Eskuin muturra alde batera utzita, CDUri ez zaizkio aukera asko geratzen Bundestagen gehiengoa duen koalizio bat osatzeko. Bere ohiko aliatuak, FDP alderdi liberalak, parlamentutik kanpo geratzeko arrisku handia dauka, botoen %5eko langa gainditu beharko bailuke, eta zaila dirudi. Horrek bi aukera ematen dizkie demokristauei: SPD alderdi sozialdemokrata eta Berdeak.
Biek osatu dute azken gobernua, FDPrekin batera, baina ziurtzat jo daiteke hautesleek zigortu egingo dituztela, zeren, egia bada ere egoera zailean izan direla, barne borroka gehiegi izan baitituzte 2024 amaieran hautsi arte.
SPDrekin nahiago
Zenbakiek ematen badute CDU SPDrekin batera gobernatzen saiatuko dela uste du Schaferrek. «Elkar ezagutzen dute, aurretik batera gobernatu izan dutelako, Merkelen garaian. Berdeen aukera ere badago, baina hor arazo bat dago: CDUk atea irekita utzi nahi du, baina CSU Bavariako bazkideak ez».
Humboldt Unibertsitateko irakaslearen arabera, gobernu horren lehen helburuetako bat izango da immigrazioari buruzko akordio bat egitea. Izan ere, migrazioa da hauteskunde kanpainako gai nagusia, askok uste baitute Alemaniak etorkin eta batez ere errefuxiatu gehiegi dituela. Azken hilabeteetan jatorriz kanpokoak ziren zenbait pertsonak egindako erasoek pertzepzio hori indartzeko balio izan dute.
«CDUk eskuin muturraren mehatxua erabiliko du sozialdemokratek eta berdeek babesa eman diezaieten ia-ia eskuin muturrekoak diren migrazio politika batzuei»
RAFAEL ZELIK Politologoa
Iritzi horrek elikatzen du AfDren botoa, eta horregatik uste du Schaferrek haren inguruan barne adostasun bat lortzen saiatuko direla. «Bere garaian, CDUk eta SPDk akordio bat lortu zuten immigrazioari buruz, eta urte luzerako konpondu zuen auzia. 2015ean politizatu zen berriro, Siriako errefuxiatuak etorri zirenean, baina orain konpromiso bat lortzen badute, AfD ahuldu dezakete, hori baita ultraeskuina gehien motibatzen duena».
Zelikek ere uste du migrazioaren gaiak garrantzi handia izango duela: «CDUk eskuin muturraren mehatxua erabiliko du sozialdemokratek eta berdeek babesa eman diezaieten ia-ia eskuin muturrekoak diren migrazio politika batzuei». Iazko udan mugak berriro kontrolatzen hastea erabaki zuen Olaf Scholzen gobernuak, eta beste traba batzuk jarri zizkieten errefuxiatuei, baina urrunago joateko aukera dagoela azaldu du Zelikek, batez ere Poliziaren «erabaki arbitrarioei» dagokienez.
Die Linkeren biziberritzea
Immigrazio politika erdigunean jartzeak eta eskuinera mugitzeak beste ondorio bat ere izan dute: Die Linke ezkerreko alderdiaren biziberritzea. Zatiketek eta emaitza kaskarrek larri zauritu zuten iaz, baina kanpainan suspertu egin da, eta Bundestagen sartzeko moduan ikusten dute inkesta guztiek. «Zentroko alderdiak oso eskuinera lerratu dira, eta mobilizazio oso indartsu bat izan da CDUk eta AfDk batera bozkatu izanaren aurka», azaldu du Zelikek.
«Batez ere hirietan, arazoa dago etxebizitzen eskasiarekin eta alokairuen gorakadarekin, eta horren aurka egin dituzten proposamenek oihartzun handia izan dute jende batengan», gaineratu du Schaferrek. «Ironia» iruditzen zaio Die Linke botoak handitzeko bidean izatea BSWren zatiketa jaso ondoren. «Estrategikoki abantaila bat eman die, orain ez baitaukate barne gatazkarik. Programa argiki ezkertiar bat daukate, eta barnean inork ez du haren aurka egiten. Eta lidergo berria oso arrakastatsua da gazteen artean bereziki».
Koalizio posibleak
Koalizio handia. CDUk eta SPDk osatuko lukete. 1949az geroztik lau aldiz gertatu da, azkena Angela Merkelen azken agintaldian (2018-2021).
Kiwi koalizioa. CDUren eta Berdeen artekoa —beltza da demokristauen kolorea—. Hiru landerretan jada gobernua osatzen dute, baina inoiz ez dute halakorik egin gobernu federalean. Koalizio horrek CSUren kontrakotasuna gainditu beharko luke, eta ia ezinbestekoa litzateke ekologistek sozialdemokratak gainditzea.
Alemania koalizioa. CDUk (beltzek), SPDk (gorriek) eta FDPk (horiek) osatuko lukete, baina, horretarako, liberalek ordezkaritza lortu beharko lukete Bundestagen, eta zaila daukate.
Kenya koalizioa. CDU-SPD-Berdeak. Aukera horrek indarra hartuko luke baldin eta ezkerreko bi alderdiek (Die Linkek eta BSWk) ordezkaritza lortuko balute.