Alemaniaren errenditzeak, 1945eko maiatzaren 7an, bukaera eman zion II. Mundu Gerrari. Gizateriaren historian hildako gehien eragin duen gudaren ostean —60 milioi inguru; 40 milioi zibil eta 20 milioi militar—, estatuen arteko harremanetan bakea nagusituko zela uste zen, baina denbora asko ez zen igaro beste gatazka batek nazioarteko egoera garraztu arte.
«Baltikoko Stettindik Adriatikoko Triesteraino, altzairuzko oihal bat erori da kontinente osoaren gainean. Lerro horren beste aldean, Europako antzinako estatuen hiriburuak daude». 1946ko martxoaren 5ean, Fultungo hitzaldian, Winston Churchillek lehen aldiz erabili zuen Iron courtain esapidea. «Behar-beharrezkoa da ingelesa hizkuntzatzat duten herrialde guztiak berehala bat egitea».
II. Mundu Gerraren amaieratik urtebete igaro ez zela, bazterrak astindu zituen diskurtso horrek. «Churchillek eta bere lagunek Hitlerren eta haren lagunen antz izugarria dute», esan zuen Stalinek.
Gudan garaile, AEBak eta Sobietar Batasuna munduko potentzia ekonomiko eta militar nagusi bihurtu ziren. Ardatzeko potentziak garaitu ostean, bloke bakoitza bere sistema ezartzen saiatu zen herrialde askatu berrietan.
Okupazio indarrak Berlinen
Azkar asko azaleratu zen Alemanian Gerra Hotza, eta bi potentzien arteko norgehiagokaren lekuko bihurtu zen lurraldea. «Mendebaldeko Alemanian, aliatuak okupazio indar moduan hartu genituen», dio Stephan Mullerrek, AEF Alemaniako Errepublika Federalean bizi izandakoa oroituz. Kerstin Schick, ostera, AED Alemaniako Errepublika Demokratikoan bizi zen. «Ekialdeko Berlinen, soldadu sobietarrak askatzaile eta lagun moduan hartu genituen. Senidetzat geneuzkan, ez okupazio indartzat».
Alemania eta Berlin, lau sektoretan banatu zuten Amerikako Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Sobietar Batasunak. 1947. urtean, lehen hirurek beren kontrol eremuak ekonomikoki batu, eta, 1948an, AEF sortu zen, zeinak demokrazia parlamentarioa eta liberalismo ekonomikoa zuen. Alde bakarreko dibisa erreforma ere gauzatu zuten: balio handiagoko markoa jaulki zuten, sobietar eremukoaren aldean.
«Ekialdeko markoak mendebaldekoak baino askoz gutxiago balio zuen. Gogoratzen dut aitak, ekialdean lan eginda bueltatzen zenean, hango markoak ekartzen zizkidala. Gure txanponen berdinak ziren itxuran, baina umeok jolasteko erabiltzen genituen; plastikoz eginak zeuden, eta gezurretako dirua zirudien». Kai Thiemann, Bonnen jaioa, gobernuarekin batera mugitu zen Berlinera, 1999-2000 urte bitartean.
1948an, Sobietar Batasunaren eta aliatuen artean erabateko haustura izan zen. Presio neurri modura, sobietarrak, ur eta lur sarbideak itxi, eta Berlin bakartzen saiatu ziren. Horri aurka egiteko, Luftbrucke delakoa (aire-zubia) sortu zuten mendebaldeko indarrek. Urtebeteko blokeo saioan, 300.000 hegaldik erregai eta elikagaiz hornitu zuten Berlin.
Eraginkortasunik eza ikusirik, sobietarrek urtebete geroago blokeoa kendu eta mugak zehaztu zituzten. Handik gutxira sortu zen AED.
Alemaniako muga ekialde eta mendebaldearen arteko banaketa lerroa zen. Sektoreen arteko mugak zabalik, beste aldera igarotzeko bide bakarra zen Berlin. Ehunka pertsona, estatu komunista utzi, eta mendebaldera igarotzen ziren egunero.
1952ko udaberritik aurrera, txarrantxarekin sendotu zuten muga. 1953an, etxegintza arloko langileek deitutako greba AEDko Gobernuaren aurkako matxinada bilakatu zen, eta, 500 hiri baino gehiagotan, manifestariak gogor erreprimitu zituzten.
1961eko udan, harresi bat eraikitzeko asmoei buruzko zurrumurruak entzuten hasi ziren, eta Walter Ulbricht AEDko Estatu Kontseiluko buruak prentsaurreko bat eman zuen: «Inork ez du harresirik eraikitzeko asmorik». Bi hilabetera, lanak hasiak ziren eta kamioien zarata etengabea zen Berlin ekialdean.
Sektoreen arteko muga itxi eta iheslarien fluxua geldiarazi zuten. Aliatuen erantzunaren zain egon ziren biztanle asko, baina ez zen ezer gertatu. «Aliatuek ez zuten gerra atomikorik nahi. Statu quo-a nahiago izan zuten», dio Hallen (AED) bizi den Michael Klarichek.
1961etik 1989ra, 165 kilometroko harresiak Berlin bakartu zuen, Sobietar Batasunaren barruan kapitalismoaren uharte bilakatuz. Mundu bananduaren ikur bihurtu zen harresia.
Muga itxi osteko hilabeteetan, jende asko saiatu zen beste aldera pasatzen. Bernauer Straben eraikinak mugaren erdian zeuden. Mendebaldera igarotzeko asmoz, leihoetatik salto egin zuen jende askok. Ihesaldien ondorioz, eraikinak hustu eta mendebaldeko leihoak hormatu zituzten.
Checkpoint Charlie kontrol pasabidean, giroa gori-gori izan zen 1961ean, tanke sobietarrak eta estatubatuarrak aurrez aurre. Funtzionario eta militarrek Berlin osoan libre mugitzeko eskubidearen gaineko akordioa urratu zuten sobietar soldaduek AEBetako militar bati muga gurutzatzea debekatu ziotenean, emaztearekin ekialdeko antzoki batera zihoala. 16 orduko tentsioaren ostean, tankeak erretiratu egin zituzten.
'Ostpolitik'
1963an, J.F. Kennedyk Berlin bisitatu eta gutxira, AED eta AEF arteko lehen igarotze baimena sinatu zuten. Lehenengo egunean, milaka pertsonak zeharkatu zuten muga, eta behin betiko erregulazio bat eskatzen hasi ziren alde bateko zein besteko alemaniarrak. 1963tik 1966ra lehenengo baimen horretaz gain beste lau akordio egin ziren arren, mugako postuak bere horretan mantendu zituzten.
1970ean, Mendebaldeko eta Ekialdeko Alemaniaren hurbilketa bat gertatu zen. Willy Brandt kantzilerrak Alemaniako Errepublika Demokratikoa bisitatu zuen, eta urteetako isiltasunak bide eman zion elkarrizketari: bi aldeek merkataritza harreman konplexu bat eratu zuten. Kantzilerrak Ostpolitik (Ekialdeko politika) bultzatu zuen, AED, Polonia eta Sobietar Batasunarekin harremanak hobetzeko.
1987an, Mikhail Gorbatxoven gobernuak Perestroika-ko erreforma ekonomikoak ezarri zituen. Sistema komunista berrantolatzea zuten helburu, komunismoa mantendu ahal izateko. Urte berean, agintari sobietarra gogoan, Ronald Reaganek hau esan zuen: «Gorbatxov jauna, bota ezazu harresi hau».
Harresiaren atzera egitea
1989ko maiatzean, Hungaria eta Austria arteko mugan txarrantxa kentzen hasi ziren. 13.000 pertsona baino gehiago mugitu ziren mugaldera irailean. Michael Klarichek Hungariara joateko bisa bati esker lortu zuen ihes egitea, emaztearekin, bi semeekin, lagun batekin eta haren semearekin. «Mugako soldadua zen senarra, eta mendebaldean zegoen jada. Tiro egin nahi izan ez zion iheslari batekin egin zuen alde».
Erregimen komunistaren kontrako protestak areagotu egin ziren Harresiaren azken hilabeteetan. Leipzigen, harresia jausi baino hilabete lehenago, 70.000 pertsonak segurtasun indarrei desafio egin zieten. Wir sind das Volk (Gu gara herria) lelopean diktadurari beldurra galdu ziotela erakutsi zuten. Joachim Gauck Alemaniako presidenteak hala gogorazi zuen: «Urriaren 9a gabe ez zen posible izango azaroaren 9rik». Elkarretaratzearen 25. urteurrenean, Leipzigeko iraultza baketsua goraipatu zuen Gauckek.
Herriaren barne presioari aurre egin ezinik, aste batzuk geroago, muga zabaldu beste aukerarik ez zuen izan Alemaniako Errepublika Demokratikoak. «Harresia bota zutenean, Berlinen nengoen», dio Angela Wischnatek. «Lanera joatean, kaleak gainezka zeuden. Harrituta nengoen, ez genuen espero. Asteetan ospatu zuen jendeak eraistea, kalean, gau eta egun. Hilabeteak behar izan genituen egunerokotasunera itzultzeko».
Harresia jausi eta 11 hilabete itxaron behar izan zuten alemaniarrek estatua bateratu arte, 1990eko udan. Irailean 2+4 agiriak sinatu zituzten Amerikako Estatu Batuek, Frantziak, Erresuma Batuak eta Sobietar Batasunak, bi Alemaniekin batera, eta estatu berriko mugak finkatu. Urriaren 3an, indarrean sartu zen Bateratze Ituna. Politika arloan arrakastatsua izan arren, alemaniar asko ez daude konforme bateratzearekin.
«Mendebaldeko merkatuak ekialdekoa hartu zuen», dio Klarichek. «Ekialdeko marka oso gutxi geratzen direla da horren erakusle», gaineratu du Stepahn Mullerrek. «Mendebaldeko merkatua oso pozik jarri zen harresia jausi zenean; 16 milioi kontsumitzaile berri zituen».
Ekialdeko eta mendebaldeko eremu izandakoen artean alde handia dago oraindik.
«Soldata baxuagoak jasotzen dituzte ekialdean», dio Angela Wischnatek. «Ekialdeko gazte asko mendebaldera etortzen da lanera, baina seme-alabak eduki nahi dituztenean ekialdera bueltatu diren asko ezagutu ditut. Herriminagatik edo... ekialdekoetatik gertuago sentitzen dira, balio eta pentsaerari dagokienez».
Berlingo Harresia. Eraistearen 25. urtemuga
ALEMANIA, GUDU EREMU GISA
Berlingo Harresia erori zeneko 25. urtemuga dela eta, Europako Batzordeak 'Nire Europa: 1989an, gaur eta bihar. Horrelako Europa nahi dut!' jardunaldiak antolatu ditu gaur Alemaniako hiriburuan. Hilaren 9ra arte, XX. mendeko gertaera garrantzitsuenetariko bat gogorarazteko hainbat ospakizun izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu