Alemania ekialdeko biztanleek uste dute bigarren mailako herritarrak direla oraindik ere. Franco delle Donne (Buenos Aires, 1983) analista politikoaren arabera, irudipen horrek «eragin handia» izan du eskuin muturrak Turingia eta Saxonia landerretan irailaren 1eko bozetan lortutako emaitzetan. Delle Donne aditua da eskuin muturrean, eta, batez ere, AfD Alemaniarako Alternatiba alderdia ikertu du. Epidemia Ultra podcastean eskuin muturraren inguruko dibulgazioan aritzen da, eta komunikazioan doktorea da Berlingo Unibertsitate Askean.
Ikusi gehiago
Zer neurritan daude lotuta Alemaniako 1990eko bateratze prozesua eta ekialdean AfDk lortu dituen emaitzak?
Eragin handia du. Bateratzea gertatu zenetik igaro dira 30 urte baino gehiago. Ekialdearen zein mendebaldearen arteko desberdintasunak murriztu egin dira, izan ekonomian, gizartean edo kulturan. Galdera da ea aldaketa hori sumatzen den; eta nabaritzen ez bada, arazo bat dago. Biztanleriaren zati batek, batez ere Alemania ekialdean, sentsazioa du mendebaldeak erabakitzen duela ekialdeak egin behar duena.
Hori erakusten du duela hiru asteko hauteskundeen aurretik egindako inkesta batek. Galdera hau egin zieten hautesleei: «Zenbateraino zaude ados baieztapen honekin: 'Ekialdeko Alemaniako biztanleak bigarren mailako biztanleak dira gaur egun ere'». Ados agertu ziren hautesleen %75; hau da, lau herritarretik hiru. Gainera, antzeko portzentaje batek uste du mendebaldeak erabakitzen dituela herrialdeko politika eta ekonomia; ados agertu zen, halaber, ekialdearen eta mendebaldearen arteko desberdintasun kulturalak gaur egun ere oso handiak direlako baieztapenarekin. 30 urteren ostean ere hor diraute desberdintasun horiek, herritarren pertzepzioaren arabera.
Soilik biztanleen pertzepzioan diraute desberdintasunek?
Hitz egin daiteke baliabideen transferentziaz, ekialdeko azpiegituren areagotzeaz... Baina desberdintasunek hor diraute, batez ere eliteen kontuan: mendebaldeko jendea da erabakiak hartzeko postuetan dagoena. Ez politikan soilik, baita ospitaleen edo unibertsitateen zuzendaritzetan ere. Hori enpresa publikoei dagokienez, baina sektore pribatuan ere egoera antzekoa da. Mendebaldearekin alderatuta, oso enpresa garrantzitsu gutxi daude ekialdean. Egon badaude, baina askoz ere gutxiago dira, eta horietan ere zuzendaritza postuetan daudenak, orokorrean, mendebaldekoak dira. Horrek eragindako sumindura, hein batean, eskuin muturrari emandako botoetan islatzen da; baita ezker kontserbadore populista berriari, Sahra Wagenknechtek zuzentzen duen alderdiari [BSW aliantza] emandakoetan ere.
Eskuin muturraren diskurtsoak sumindura hori du oinarri?
Beren komunikatzeko modua populismoaren eskuliburuan oinarritzen da. Hautesleei mintzo zaie esanez: «Duzuena baino askoz gehiago merezi duzue, eta horren erantzuleak eliteak zein zuen aurka daudenak dira». Gizartea bitan banatzen dute, elkarren aurka dauden bi taldetan. Ideia horretatik abiatuta, eskuin muturrak bere burua aurkezten du herriaren asmoak ulertzeko, helarazteko eta burutzeko gai den aktore politiko bakar gisa. Hau da, herriak merezi duena lortzea oztopatzen duena paretik kentzeko gai direla diote: izan politikariak, korporazio handiak, lobbyak edota migranteak. Gainera, diote eurek baino ez dutela ausardia orain gutxi arte politikoki zuzena ez zena esateko. Hori da eskuin muturraren beste komunikazio estrategia bat: mainstream-aren oposizio gisa posizionatzea.
«Eskuin muturrak boto gehiago lortzen du hutsik geratzen ari diren lurraldeetan, gazteek alde egiten dutenetan»
Migrazioari arreta berezia jartzen zaio Alemaniako agenda politikoan, eta eskuin muturra mezu horiez baliatzen ari da ekialdeko landerretako bozetan.
Ez daukat datu zehatzik, baina ekialdean dagoen immigranteen portzentajea txikiagoa da herrialdeko batezbestekoa baino. Ikerketa batzuek landu dute hori, hau da, atzerritarren mehatxu handiagoa sentitzea atzerritar gutxi dauden eremuetan. Segurtasun falta sumatzen du jendeak; baita, eskuin muturrak esaten duen moduan, atzerrikoa norbere nortasuna irensten ari dela ere. Berdin du uste horiek egia diren ala ez, jendea sinetsita dago gertatzen ari dela edo gertatuko dela.
AfDk ba al du berezitasunik Europako eskuin muturreko beste alderdiekin konparatuz?
Antzekotasun asko dituzte, baina AfDk baditu ezaugarri berezi batzuk ere. Europako beste alderdi ultraeskuindar batzuekin alderatuta, AfDk ez du lider karismatikorik edo mesianikorik. Giorgi Meloni du Italiako Anaiak alderdiak; Marine Le Pen, Frantziako RN Batasun Nazionalak; eta Geert Wilders, Herbehereetako PVVk. AfDn badago lider ezagunik, Bjoern Hoecke adibidez, baina ez du beste herrialdeetakoek bezalako pisurik.
Hirietan lortzen du boto gutxien eskuin muturrak. Zergatik?
AfDk indar handiagoa du landako guneetan. Ekialdeko azken hauteskundetan, hirietan ahulxeagoa izan da, nahiz eta horietan ere babes handia lortu duen. Batez ere hiri bizietan eta unibertsitateak daudenetan lortzen ditu boto gutxien. Izan ere, aldagai funtsezko bat da despopulatzea. Eskuin muturrak boto gehiago lortzen du hutsik geratzen ari diren lurraldeetan, gazteek alde egiten dutenetan.
Turingian eta Saxonian fenomeno hori gertatzen da?
Bai, badaude lander horietan despopulatzea pairatzen duten guneak.
Enpleguaren faltak eragiten du despopulatzea?
Industria edo lan gutxi egotea izan liteke fenomeno hori eragiten duten faktoreetako bat, baina eragina dute eskaintza kulturalaren gabeziak edota aniztasun faltak ere.
Gazteek alde egiten duten guneetan lortzen du AfDk boto gehien, baina gazte askok ere babesten dute eskuin muturra. Alemaniako iragana ahazten ari da?
Izan liteke, izan liteke hezkuntza politikoa falta izatea. Horrez gainera, sare sozialak modu eraginkorragoan erabiltzen ditu eskuin muturrak, eta alderdi tradizionalekiko etsipenak ere badu zerikusia.