Ipar Irlanda. Istiluak Belfasten. Niall O'Donnghaile. Belfasteko alkatea

«Aldez aurretik pentsatu eta antolatutako zerbait izan dira eraso hauek»

Sinn Feineko alkatea kezkatuta agertu da istiluekin, baina irmo dio ez dutela baimenduko «mozorrotutako hainbat gizabanakok» bake prozesua kolokan jarri eta «iraganera herrestan eramatea».

Amaia Alvarez.
Belfast
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Niall O'Donnghaile (Belfast, 1985) orain dela hilabete izendatu zuten alkate, eta jada aurreneko krisiari egin behar izan dio aurre; etsituta eta kezkatuta dago liskarrekin. Short Stranden bizi da gainera, liskarrak piztu diren auzoan, hain zuen ere. Sinn Feineko kideak, aurretik, bi erabaki esanguratsu hartu ditu. Lehena, bere lehen bisita ofiziala Shankill auzo loialistan egitea, eta, bigarrena, alkatearen gelan Erresuma Batuko erreginaren irudia Irlandako independentzia aldarrikatzen duten adierazpenekin ordezkatzea. Belfasteko hirugarren alkate errepublikanoa da; gaelikoz dakien lehena.

Bi gauetan jarraian izan dira protestak Short Stranden. Zer gertatu da?

Mozorrotutako hainbat gizabanakok egin dute erasoa; aldez aurretik pentsatu eta antolatutako zerbait izan da, eta auzoan bizi diren nazionalisten kontra egin dute. Gutxiengo bat da gure komunitatea ezegonkortu nahi duena, eta indarkeria ekintza horien aurrean etsituta eta kezkatuta baldin bagaude ere, ez diegu iraganeraherrestan eramaten utziko.

Hiri barruko 'bakearen lerroak' deitutako harresiei dagokienez, aldaketarik egongo al da?

Short Stranden bizi naiz ni, harresiz inguratuta dagoen eremu batean, eta kontu handiz landu behar dugun gaia da. Errealistak izan behar gara, oso erraza baita argudio sinpleegietan erortzea. Bakearen lerroak beste mota bateko harresi batzuen irudi dira, belaunaldiz belaunaldi eraikiz joan diren harresien irudiak. Harresi fisikoak botatzeko, psikologikoak bota beharko ditugu aurretik. Hiritar guztiak berdintasunean bizi diren Irlanda bat eraikitzea da nahi duguna, eta bide horretan ez dugu inolako harresirik nahi; baina gaur egun harresien alboan bizi direnen sentipenak ulertu behar ditugu: oraindik ere beldur baitira, harresiak botaz gero zer gertatzen ahal den ez baitakite. Harresiak bihar bertan botatzea gustatuko litzaidake, baina orain gizartea seguru sentitzea ezinbestekoa da.

Zer aldaketa nagusi egongo dira hirian alkate errepublikanoa izanda?

Boto gehien jaso dituen alderdia izan gara azken hauteskundeetan. Hori aukera bikaina da Sinn Fein Irlanda osoan egiten ari den lana sustatzeko, eta aukera aparta da beste komunitateko kideak gure proiektura erakartzeko. Belfasteko ekonomia sustatzen ahaleginduko gara, eta, horretarako, turismoa erakartzea izanen da gure helburuetako bat. Garapena sustatzeko neurriak hartuko ditugu, eta hazkundearen etekinak komunitate guztietara ailega daitezen bide emango dugu. Hiritar guztiok trataera bera izatea izanen da gure xedea.

Sinn Feinek gaelikoaren legea eratu nahi du agintaldi honetan.

Sinn Feinek Kultura Ministerioa kudeatuko du, eta horrek bultzada handia emanen dio legeari. Irlandar hiztunen komunitateen eskubideak bermatzea gure lehentasunetako bat da. Hala ere, legea lortu bitartean, neurri zehatz eta praktikoak hartzen jarraituko dugu, orain arte bezala. Horien ardatzetako bat gaelikoa hezkuntza sisteman sustatzea da. Egia da oraindik ez dugula legea osatzea lortu; baina kultur etxe gaelikoak ditugu, irlandera sustatzeko klubak ditugu, gaelikoa geroz eta errotuagoa dago hezkuntza sisteman. Eta gero eta hiztun gehiago ditugu.

Unionistek oposizio handia erakutsi dute ekimen horren aurrean...

Hala ere, legea lortuko dugula uste dut. Unionista batzuek zatiketa tresna gisa ikusten dute irlandera, eta hori aldatu beharreko ikusmoldea da. Nire eginkizuna izango da gaelikoa mehatxu gisa erabiltzen ez dugula erakutsaraztea. Irlanderaz egiten duen belaunaldi asko etorriko dira, eta horien eskubideak bermatzea beharrezkoa da.

Nolakoa da Sinn Fein eta DUPen arteko harremana gaur egun?

Orain dela ez urte gehiegi, DUPek ez zuen Sinn Feinekin hitz egiterik nahi, errepublikanoak ukatu egiten gintuzten. Orain, berriz, instituzioetan elkarrekin ari gara lanean.

Horren gaztea izanda, historia hurbilarengatik gutxiago markatua zaude, beste politikari batzuk baino.

Errepublikanoa naiz. Nire gurasoak eta aitona preso ohiak dira, beraz, familian ekintza errepublikanoa oso presente izan dut. Baina, ez, ni ez naiz preso ohia. Su-etena aldarrikatu zutenean 9 urte nituen; halere, horrek ez du esan nahi helburu errepublikanoetan gutxiago sinesten dudanik ezta unionistekin batera lan egin nahi ez dudanik ere. Gazteok egin behar duguna kontsentsua eratzen laguntzea da. Hala ere, gu ere gatazkaren ondorioak larriki bizi ditugu; pobrezia, alkohola eta depresioa, adibidez, belaunaldiz belaunaldi pasa dira. Iraganaren eta biktimen afera denoi dagokigu.

Martin McGuinnessek aurreko astean esan zuen ezinezkoa izanen dela biktimen inguruko kontsentsua lortzea. Ados al zaude?

Bai. Biktimen afera masiboa da. Sinn Feinek betidanik defendatudu nazioarteko batzorde independente batek kudeatu beharko lukeela biktimen gaia; Londresek kudeatuz gero ez duelako funtzionatuko.

Zer iritzi diozu Erresuma Batuko erreginak berriki Dublinera egindako bisitari?

Horren esanahi historikoa aitortzen dut. Hildako errepublikanoekiko izan zuen keinuak sinbolismo handia izan zuen, haienganako deitorea erakutsi baitzuen, eta hori aurrerapausoa da. Ez dugu ahaztu behar, ordea, erregina armadaren burua dela, hamaika lagun hil dituen erakundearen burua. Ballymurphyko sarraskiko biktimak, esaterako, egiaren aldeko borrokan ari dira oraindik; izan ere, Bloody Sundayrengatik baino ez dute eskatu barkamena. Kolusioa egon dela inoiz ez dute onartu. Eta, azken batean, erreginaren gobernuak oraindik ere uhartearen zati bateko jurisdikzioa kontrolatzen du. Gainera, guk errepublikanook ez dugu sistema monarkikoan sinesten. Beraz, bisitarekiko daukagun oposizio politikoa nabaria da.

Unionistekin bezala, errepublikanoen artean ere badira oraindik borroka armatuaren alde egiten dutenak. Arriskuan al dago bake prozesua?

Nire iritziz, haiendako garrantzitsuagoa da bake prozesua haustea Irlanda askatzea baino. Edonola ere, ez dut uste bake prozesua suntsitzeko ahalmena dutenik, irlandarrek indar handiz babestu dutelako. Talde horiek, gainera, ez dute era argi eta arrazoitu batean azaldu egiten ari direna. Sinn Feinen estrategiak, alabaina, batasunerantz aurrerapausoak ematea da.

Gertu ikusten ahal duzu hori?

Ez dakit epe laburrean gertatuko den ala ez, baina ikusiko dudala ziurtatzen dizut. Historia guztian ez da inoiz egon orain daukagun errepublikano kopuru handia. Eta ez da gure ikuspegiari dagokigunez bakarrik, unionistek ere argi ikusi beharko lukete arrazoi historiko eta politikoak ez ezik, ekonomikoak ere badaudela. Gaur egun ditugun mugak ez dira bideragarriak, uhartea berriz ere batzeak mesede ekonomiko eta sozial ugari ekarriko lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.