Mundua

Alderdi Nazional Demokratikoaren egoitza nagusia sutan da Egipton

Hiru lagun hil dira, 120 zauritu dituzte eta 300 atxilotu istiluetan. Gobernuak etxeratze agindua ezarri du. Polizia negar gasekin eta ur kanoiekin oldartu zaie manifestariei, eta horiek harriak jaurtikiz erantzun dute. Kairo erdialdeko Tahrir plaza istiluen erdigune bihurtu da: Poliziak inguratu du, baina manifestariak inguruan pilatzen hasi dira. Mohamed al Baradei Bakearen Nobel sariduna protestetan parte hartzekoa zen, baina mezkita batean dago, ateratzen uzten ez diotela.

2011ko urtarrilaren 28a
19:11
Entzun
Lehertu da olatua Egipton. Tunisian sortutako mugimenduen segidan, azken hiru egunetan Egipton jazotako protestek eztanda egin dute dagoeneko. Esperotakoa gertatu da: 30 manifestaziotik gora atera dira Kairoko eta beste hiriburuetako kaleetan Hosni Mubarak presidentearen erregimenaren aurka -1981. urtetik dago agintean- manifestatzera eguerdiko otoitzen ondoren. 12:00etako barealdi tenkatuak ezin izan dio gehiegi eutsi, eta Polizia negar gasekin eta ur kanoi bidez oldartu zaie manifestariei. Azken horiek ez dira geldi geratu, eta harriak jaurtikiz erantzun diete erasoei. Poliziak armadaren laguntza jasoko du matxinadak baretze aldera.

Oraingoz, hiru hildako daude, berri agentziek jakinarazi dutenez. Dirudienez, Kairoko erdiguneko Tahrir plazatik hurbil protestan zeuden hiru zibil dira hildakoak. Polizia iturrien arabera "gomazko balek gertutik" jota hil dira manifestariak. Horrez gain, 120 manifestari zauritu dituzte, eta 300 lagun baino gehiago atxilotu ditu Poliziak. NBEk heriotzen arrazoiak argitzeko eskatu dio gobernuari.

Istiluen erdigune bihurtu da Tahrir plaza. Egunean zehar poliziak inguratua izan du eremua, baina gero eta manifestari gehiago inguruetan biltzen ari zirela ikusirik plaza protestarien eskuetan utzi du. Plaza hartzea zen manifestarien helburu nagusia, eta lortu dute.

Plaza hartu eta minutu batzuk geroago jakin denez, Alderdi Nazional Demokratikoko egoitza nagusia sutan dago. Al Jazira telebista kateak esan duenez, oraingoz ez dakite nola sortu den sutea, manifestariek eragin duten, edo sua egoitza barruan hasi den.

Protestak herrialdeko beste hiri nagusietara hedatu direla ikusirik, Egiptoko Gobernuak etxeratze agindua ezarri du Kairon, Alexandrian eta Suezen. Egiptoko 18:00etatik 07:00ra bitartean (Euskal Herriko 17:00etatik 06:00ra) iraungo du etxeratze aginduak. Dena den, jendeak kalean dihardu, eta ez diote jaramonik egin aginduari.

Lehenago edo geroago istiluak izango zirela espero zen, manifestazioak hasi aurretik ere zapalkuntza erabiltzen hasi baita gobernua. Anaia Musulmanak taldeko zazpi buru atxilotu dituzte, manifestatzaileen artean euren helburu politikoak gauzatzeko infiltratzea egotzita. Hala ere, protestagileak gero eta gehiago dira. Horien artean egotekoa zen gaur Mohamed al Baradei, Bakearen Nobel sariduna. Askotan oposizioa atzerritik egiten duela aurpegiratu zaio, baina gaur Kairon dago. "Egiptoren etorkizunerako garai garrantzitsua da hau. Aldaketa saihestezina da. Ez dago atzera bueltarik", esan du.

Hala ere, Al Jazeeraren azken albisteen arabera, eguerdiko otoitza amaitu denean kalera ateratzera zihoala Poliziak bertan atxiki du. Harekin batera, Osama Gazali oposizioko kidea ere atxiki dute mezkitaren barruan.

Gobernua ez da atzean geratu, eta dagoeneko Internet zerbitzua eten du, azalpen ofizialik ez badago ere, itxura guztien arabera deialdiak Twitter eta Facebook bitartez egiten ari direlako. Sakelakoekin mezuak bidaltzeko komunikazioak ere eten egin dituzte, Egipton inoiz hartu ez den neurria. Apirilak 6 izeneko posizioko mugimendu nagusietako bateko arduradunek gaurko eguna "haserrearen eta askatasunaren ostirala" izatea nahi dutela esan dute, eta herrialde osoan manifestatzera deitu dituzte egiptoarrak. Hedabideak ere gobernuaren jomugan egon dira, eta goizean Frantziako lau kazetari atzeman ditu Poliziak. Dena den, ordu batzuk geroago aske utzi dituzte.

Matxinadak asteartean hasi zirenetik, gutxienez zazpi lagun zendu dira, eta 1.000 atxiloketatik gora egin dituzte.

Protesta baketsuak onartzeko deia nazioartetik

Egiptoko egoera ezengokorraren karira, nazioartean kezka da nagusi. Hainbat gobernuk dei egin diote Mubaraki, horrek indarkeria utzi dezan. Protesta baketsuei polizia eta armadarekin ez erantzuteko eskatu diote; indarkeria ez dela bidea, eta herriaren asmoak entzuteko galdegin diote.

Hala, Hillary Clinton AEBetako estatu idazkariak argi mintzatu zaio Afrikako ipar ekialdeko herrialdeko gobernuari: "Manifestazio baketsuak baimentzeko eskatzen diogu Egiptoko Gobernuari, eta bide batez komunikazioak blokeatzeko harturiko neurriak kentzeko". Bidenabar, polizia eta armada ahalik eta gutxien erabiltzeko esan dio Mubaraki.

Clintonen hitzekin bat eginik, William Hague Erresuma Batuko Kanpo arloko ministroak "herriaren eskakizun bidezkoak" entzun ditzan ohartarazi dio gobernuari. Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak ere ildo berari jarraituz mintzatu da, eta "manifestazioak onartzeko" eskatu dio Mubaraki.

Tunisian gertatu bezala, badirudi Mubarak pixkanaka nazioarteko sostengua galtzen hasi dela. Ben Aliren presidentza bezala, begi onez ikusten zuten mendebaldeko herrialdeek Mubaraken gobernua. Azkenaldian erreforma batzuk egiteko beharraz ohartarazi zuten gobernuburua, baino, ez zien kasurik egin. Matxinadak indarra hartzen ari diren heinean, orain arte Mubarakekin zeuden gobernuak altxatuen alde jartzen ari direla dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.