Alderdi Laboristak gehiengo osoa lortu du

Laboristek 412 diputatu izango dituzte Komunen Ganberan, eta toryek haien inoizko ordezkaritzarik txikiena lortu dute, 121 aulkirekin. Rishi Sunakek utzi egingo du kontserbadoreen buruzagitza.

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa eta Victoria Starmer emaztea, Downing Streeteko 10. zenbakian. TOLGA AKMEN/EFE
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa eta Victoria Starmer emaztea, Downing Streeteko 10. zenbakian. TOLGA AKMEN/EFE
ander perez zala
2024ko uztailaren 5a
20:00
Entzun

Keir Starmer Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren buruzagia pozarren agertu da, gaurko ordu txikietan, bere jarraitzaileen aurrean. Hamalau urteren ondoren, herrialdeak beste gobernu bat izango du, eta ez edonolako oinarriarekin: hautesbarruti bateko emaitzaren faltan, laboristek Komunen Ganberako 650 aulkietatik 412 izango dituzte —2019an baino 209 gehiago—, eta Tony Blairren 1997ko kopuru historikotik gertu geratuko dira —418 eserlekukoa—. Garaipena erabatekoa da, zalantzarik gabea, eta, Starmerren ustez, «jendeak hitz egin du, eta aldaketarako prest dago».

Alderdi Laboristaren buruzagia pozarren agertu da, baina berehala aldatu du aurpegia, eta nahiko serio mintzatu da, jakitun baita zer erronka dituen aurretik, Alderdi Kontserbadorea agintetik pasatu ostean. «Lau urte eta erdi behar izan ditugu Alderdi Laborista berritzeko, eta orain prest dago herrialdearen zerbitzura jartzeko, eta Erresuma Batua langileriaren zerbitzura jartzeko», adierazi du Starmerrek gaurko ordu txikietan egin duen agerraldian. 

«Lau urte eta erdi behar izan ditugu Alderdi Laborista berritzeko, eta orain prest dago herrialdearen zerbitzura  jartzeko, eta Erresuma Batua langileriaren zerbitzura jartzeko»

KEIR STARMERAlderdi Laboristako burua eta lehen ministro berria

Garaipena erabatekoa izan da, Ingalaterran, besteak beste, laboristek berreskuratu egin baitituzte 2019an galdu zituzten iparraldeko hainbat hautesbarruti, Eskozian nagusitasunez irabazi baitute berriz ere, 2010az geroztik lehenengoz, eta Galesen ordezkaritza handitu baitute. Hori bai, aintzat hartzekoa da sistema elektoralak lagundu diela —hautesbarrutian boto gehien lortzen duen hautagaiak jasotzen du eserlekua—, duela lau urte eta erdi egindako hauteskundeetan baino boto gutxiago jaso dituztelako. Edonola ere, laboristen buruzagia aurrera begira jarri da dagoeneko, eta esan du herrialdeak bere «etorkizuna berreskuratzeko aukera» duela orain.

Emaitza horren beste arrazoi bat Alderdi Kontserbadorearen hondamendia izan da. 2019an eserlekuen gehiengo osoa baino gehiago —365 aulki— lortzetik bere inoizko ordezkaritzarik txikiena izatera pasatu da gaur: 121 diputatu izango ditu Komunen Ganberan, 251 gutxiago—duela lau urte eta erdi jasotako botoen erdiak baino gehiago galdu ditu—. Rishi Sunak alderdiaren buruak aitortu du, gaurko ordu txikietan, «gauza asko» dituztela ikasteko, eta «gauza askori buruz gogoeta» egin beharko dutela hemendik aurrera.

Gogoeta horren lehen ondorioa izan da Sunakek Alderdi Kontserbadorearen buruzagitza utziko duela iragarri duela. Dimisioa ez da berehalakoa izango, izan ere, buruzagitzari eutsiko dio, alderdiak lider berria aukeratu bitartean. «Dena eman dut lan honetan, baina mezu argia jaso dut Erresuma Batuko Gobernuak aldatu behar duela esanez, eta zuena da balio duen iritzi bakarra», onartu du orain arteko gobernuburuak. Alderdiaren etorkizunaz ere aritu da Sunak, eta argi utzi du hamalau urteko ibilbidearen ostean, «berreraiki beharra» dagoela Alderdi Kontserbadorea. Agerraldia egin eta minutu gutxira utzi du lehen ministro kargua Sunakek.

Porrot horren erakusle, Sunaken aurreko lau gobernuburu kontserbadoreen —David Cameron (2010-2016), Theresa May (2016-2019), Boris Johnson (2019-2022) eta Liz Truss (2022)— hautesbarrutietan ere galdu duela alderdiak; eta, gainera, Galesen ez duela ordezkaritzarik lortu. Toryak, hortaz, krisi existentzial batean murgilduko dira berehala, alderdiak zer etorkizun izango duen finkatzeko.

«Dena eman dut lan honetan, baina mezu argia jaso dut Erresuma Batuko Gobernuak aldatu behar duela esanez, eta zuena da balio duen iritzi bakarra»

RISHI SUNAKAlderdi Kontserbadoreko burua

Alderdi Laboristak nabarmen gora egin eta kontserbadoreek behera egiteaz gain, Komunen Ganberarako hauteskundeotan beste albisteetako bi Liberal-demokratak eta Reform UK alderdien emaitzak izan dira. Lehenaren kasuan, bere inoizko ordezkaritzarik handiena lortu du —71 aulki, 2019an baino 63 gehiago—, besteak beste, Ingalaterra hegoaldean eta hego-mendebaldean kontserbadoreenak ziren hainbat hautesbarrutitan irabazi baitu. Eta bigarren indar politikoaren kasuan, lehen aldiz izango ditu diputatuak parlamentuko behe ganberan: lau; tartean, Nigel Farage buruzagia bera, zeina estreinakoz izango den Komunen Ganberan.

Testuinguru horretan, Starmerrek nahikoa oinarri izango du kanpainan zerrendatu dituen premiazko helburuak betetzen saiatzeko: esaterako, hazkunde ekonomikoa berreskuratzea, eta osasun sistema publikoaren erreforma egitea. Horiek guztiak izan ditu hizpide lehen ministro kargua hartu osteko agerraldian. «Adreiluz adreilu eraikiko dugu aukeren azpiegitura, langile klasearen eskolak eta unibertsitateak, etxebizitza eskuragarriak, jakin badakigulako horiek direla langileen itxaropena berpizteko osagaiak».

Datorren agintaldiko erronka nagusiak izango direnak ere aipatu ditu gobernuburu berriak, besteak beste, «egonkortasuna eta moderazioa». Nabarmendu du labortitek lau lurraldeetan gehiengoa lortu izanak argi uzten duela aldaketaren beharra: «Zauri hau, sinesgarritasunik eza, soilik lan eginez senda liteke, ez hitz hutsez. Laboristen alde bozkatu edo ez, eta batez ere bozaktu ez baduzu, ziurtatzen dizut gobernu honek zure zerbitzura egingo duela lan».

Ipar Irlandan, Sinn Fein garaile lehen aldiz

Ipar Irlandan, Sinn Fein lehen aldiz izan da Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeetan ordezkaritzarik handiena bildu duen alderdia. Zazpi eserleku izango ditu —2019an bezala—-, baina orain arteko politikari eutsiko dio, eta ez du parte hartuko parlamentuko behe ganberan.

Kontrara, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak behera egin du, eta bost aulki izango ditu datorren legegintzaldian, duela lau urte eta erdi baino hiru gutxiago. DUPek, hortaz, 2005etik geroztiko nagusitasuna galdu du hauteskundeotan, baita, tartean, mende erdi baino gehiagoan Pasley familiaren esku egon den hautesbarrutia ere —aurten berriz aurkeztu da Ian Pasley, DUPeko buru izandakoaren semea—.

Urteotako gainontzeko bozetan gertatu bezala, unionisten botoa zatitu egin da, eta, horren ondorioz, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak eta TUV Ahots Tradizional Unionistak diputatu bana izango dituzte; hautagai independente unionista batek ere eserlekua lortu du Erresuma Batuko Komunen Ganberan. Aldiz, SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristaren eta Aliantza Alderdiaren kasuan ez da aldaketarik izan; norbere aulkiari eutsi diote.

Plaid Cymru-k lau aulkiei eutsi die

Alderdi Laboristak Galesen izan duen gorakadaren aurrean, Plaid Cymru independentistak 2019an lorturiko lau eserleku eutsi die Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeetan. Rhun ap Iorwerth alderdiko buruzagi denetik lehen aldiz lehiatu dira boz horietan, eta, haren arabera, aurtengo emaitzak «ikusgarriak» izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.