Gazako egunerokoa (24)

«Alde egin behar genuke?»

GAZA. HERRITARRAK ALDE EGITEN.
Gazako herritarrak zerrendaren hegoalderantz joaten, joan den azaroaren 10ean. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Azaroak 10, ostirala

Gauzak okertzen ari dira egunetik egunera. Goizean, autoa hartu, baina ezin izan naiz neure betiko kalexketatik joan Gaza hiriraino. Jabaliako esparrutik Gaza hiriraino doazen kale nagusiak, jakina, aspaldi blokeatuta daude; beraz, Nazla hiriko kale eta kalexketatik joanda probatu dut, handik Jalaa kalearen iparraldeko bukaeraraino iristen baita, zeharka bada ere. Nazaldik Jalaara doan errepidearen erdialdera iritsi, eta gelditu behar izan dut. Kalean inor ez, nitaz bestalde. Eraikin guztiak, itxuraz, hutsik. Eztanden oihartzuna nonahi. Aurrera egiten badut, gudu zelaiaren erdi-erdian sartuko naiz. Parean dudan etxean jo dute tankeen jaurtigailuek. Gero eta gertuago sumatzen ditut leherketak. Alde egin behar dut. Buelta eman eta beste aldera jo behar dut autoarekin.

Gaur goizean ezin izan dut Wissam ikusi eta janari bero pixka bat eraman, nik nahi bezala. Goizaldean merkatura joan naiz, oilaskoa erostera propio. Ez nuen espero edukiko zutenik, baina bazegoen, bai. Nire arreba Eixari esana nion ea prestatuko zuen oilaskoetako bat Wissami eramateko, eta arroz pixka batez betetzea proposatu nion. «Eta zopa pixka bat ere bai!», nik erantsi. Bidean, gasolindegi baten parean gelditu naiz hamar minutuz, Al-Xifa ospitalerako beste bideren bat aurkitu nahian. Orduan jakin dut, kalean zebilen jendeak esanda, tankeak erasoka ari zaizkiola ospitaleari. Dozenaka lagun, hilik eta zauriturik. Tankeen jomugan, ospitalearen parte jakin batzuk. Gainera, tankeek inguratua eduki dute Nasser kaleko Rantisi ospitalea. Han babestutako askori tiro egin diete, nahiz eta bandera zuria erakutsi, handik atera nahian. Jalaa kalearen iparraldean ere jo dute erasoa. Horrek esan nahi du Gaza hiriaren erdia, mendebaldeko partea, okupatua dagoela berriz ere. 2005ean gaude ostera.

Aurrerago, jakin dut Wissam hegoaldean zegoela ordurako. Osabak, gurpil aulkian hartu, eta Khan Younis-era eraman du, Sallah ad-Din kaletik. Bonbardaketak eta tiroak aditu ospitalearen atzealdean, eta garrasi batean hasi omen da Wissam. Eztandek guztia minberritu diote, misilak etxea jo zuen eguneko guztia. Oihuka ibili da: «Atera ni hemendik... atera!». Inork ezin jakin ospitaletik ateratzea nahi zuen, ala hondakinetatik atera zutenekoa berritzen ari zitzaion gogoan. Anbulantzia bakar bat ere ezin izan da atera ospitaletik, eta, beraz, antigoaleko moduan alde egin beste erremediorik ez. Oinez. Tira: gurpil aulkian. Milaka lagun ihesi atera dira ospitaletik Wissamekin batera.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Nik, ordea, autoan nagoela, ezin jakin kaleko jendeak esaten didana baino gehiago. Berririk ez, Internetik ez, eta sakelakoaren seinalea, ahula baino ahulagoa. Geroxeago jakin dut lekuz aldatua zela jadanik: Wissam Khan Younisera iritsi eta haren osabak deitu ondoren, hain zuzen. Beste norabait eraman nahian nenbilen ni oraindik, eta orduan jaso dut deia.

«Oihuka ibili da: 'Atera ni hemendik... atera!'. Inork ezin jakin ospitaletik ateratzea nahi zuen, ala hondakinetatik atera zutenekoa berritzen ari zitzaion gogoan»

Iluntzen ari du gure auzoan, eta guztiek hurrengo eguna dute buruan. Bai baitakite gaur gauean erabaki beharra daukatela hemen geratuko diren ala hegoaldera joko duten. Beharbada, hemendik aurrera ez da aukeratzerik izango. Gaza hiria hartuta daukatenez, soldaduak esparruan sartzea izan liteke hurrengo pausoa. Alde egin behar genuke? Bilal-i deika ibili, baina ezin izan dut harekin hitz egin. Hanna erreguka aritu zait, joateko eta joateko; hegoaldera jotzea ez dela hemen geratzea bezain arriskutsua. Faraj-entzat, zaila izan da erabakitzea; ezin du hemen utzi ama, 90 urtekoa, eta gurpil aulkian eraman behar du. Mohammed-ek esan dio denek lagunduko diogula, bultza egingo diogula denon artean. Eta nik berriz: «Eta zergatik ez dugu itxaroten eta ikusi zer gertatzen den? Tankeak gure kalera iritsi arte behintzat...». Adham-ek bota du ordurako harrapatuta egongo garela etxearen hondakinen azpian. Hori aditu, eta denak lurrera begira geratu dira, denak batera garaitu balituzte bezala.

—Zer gertatuko da —nik galde—. Zein da haien plan borobila?

—Hau okupatuta edukitzea berriz? —bota du Mohammedek—. Okupatuta edukiko dute benetan? Hori nahi al dute ba?

Nork daki zer bide hartuko duen honek guztiak, baina beldurtzen gaituzten aukera guztietatik izugarriena, distopikoena, zera da: «Ipar Gazako zerrenda» huts-hutsik uztea. Bestela esanda, beste Nakba bat izatea. Israeldarrek hitzematen badute ere aldi baterako dela deportazioa, tarte jakin baterako baino ez, inork ez die sinetsiko. Berdin-berdin gertatu baitzen 1948an. Gure amonak alde egin behar izan zuen Jaffako bere etxe galant hartatik, handik egun batzuetara itzuliko zelakoan. 75 urte pasatu dira geroztik. Bihotzean min dugu guztion galera hartaz oroitzean. Badakigu zeren antza duen. Oraingo honen antza.

Dirudienez, mugarri bat da hau. Esparrua kaiola bat da, gero eta txikiagoa. Tropak mendebaldean daude orain, Saftawi auzoaren inguruan, eta Jalaa kalea blokeatuta dago; beraz, hurrengo egunetan ateratzekotan, ekialdeko sarreratik atera beharko da, Salah al-Din kaletik, hura baita Nakba Road berria.

Bart gauean, suzko uztai horietako bat erori da Indonesiar Ospitalearen inguruan, Jabalia ekialdean. Misilak ikusi ditut, zerutik erortzen. Eztandak aditu ditut, eta etxeek nola jotzen zuten lurra. Ospitalearen hegal bateko aldea kaltetuta dago, baina inguruko eraikinetan izan da hondamen handiena. Gero, hots bakarra entzun dut: anbulantzien eta babes zibilekoen autoen hotsa.

«Nork daki zer bide hartuko duen honek guztiak, baina beldurtzen gaituzten aukera guztietatik izugarriena, distopikoena, zera da: 'Ipar Gazako zerrenda' huts-hutsik uztea. Bestela esanda, beste Nakba bat izatea»

Arrastorik ez daukat zer gertatu den Saftawiko nire etxean. Jendeak dioenez, tankeak iritsiak dira kale horretara. Buruan dabilkit zer gertatu ote zaien nire liburu guztiei, biblioteka eder bat osatu baitut joan deneko 35 urtean. Hondakinen azpian egongo ote dira? Hantxe izango dira lehen argitaraldiko ale batzuk, aspaldi hildako egile batzuen sinadura eta guzti. Idazle bihurtu ninduten liburu horiek, eta gaur naizen bezalakoa egin. Nire bihotzean txoko bat du liburu horietako bakoitzak, eta nire ibilbide intelektualaren parte dira. Bizilagun bati deitzen saiatu naiz, zer dakien galdetzeko. Deir El Balah-en dago orain, ordea, hegoaldean. Pentsatzen zuen neuk jakingo nuela zerbait. Israeldarren kontrolpean geratutako tokiak belztu egiten dira guretzat, gure pantailetatik desagertu. Inork ez daki haien berri, hango biztanle gehienek ihes egin baitute, edo erail egin baitituzte.

Eixaren etxera noa, han badut-eta notizien berri, Al-Jazeeraren bidez. Al-Xifari buruzko kontuek dena blaitzen dute. Handik ezin da emanaldirik egin jadanik: berriemaileak eta kamerariak alde egin dute, hegoaldera. Gero eta ilunago dago. Leherketek ez dute etenik. Etxea ezker-eskuin mugitzen ari da dardara batean, eta gu zain gaude, zer etorriko.

Hurrengo atala: «Gerra bukatzen denean, infernua izango da hau»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.