India

Aldatuko al du Indiak bere izena, 'Bharat' bihurtzeko?

Bost eguneko saio berezia hasi du gaur Indiako Parlamentuak, eta, hainbaten ustetan, herrialdeari izena aldatzeko baliatuko du Modi lehen ministroak.

'Bharat' izena (sankritozko grafian) 'India'-rekin batera,irailaren 8an, New Delhin, G20aren bileran. HARISH TYAGI / EFE / EPA
Edu Lartzanguren.
2023ko irailaren 18a
14:49
Entzun

Kolonialismoaren ajeak. India herrialdea atzerritarrek emaniko izenarekin ezagutzen da munduan, herritar askok nahasten dituzte indiarrak eta hinduak (hinduismo erlijioaren jarraitzaileak), eta, gauzak are gehiago zailtzeko, Ameriketako indigenei ere indiar esaten diete askok oraindik, Europako marinel batzuk, euskaldunak tartean, nahastu zirelako XV. mendean, eta Indiara heldu zirela pentsatu zutelako. Euskal Herritik Ameriketara xentimorik gabe joan, eta handik, maitea, bost milioen jabe itzulitako euskaldunei ere indiano esaten diegu gaur ere, India usaindu ere egin ez bazuten ere.

Baina, baliteke kontu horretan azkenean gauzak erraztea, Indiako (oraingoz) Legebiltzarrean gaur abiatu duten bost eguneko saio berezian, askok iragarri duten neurria onartzen badute: Indiako Errepublikari izena aldatu, eta Bharat izendatzea aurrerantzean.

Goazen hasierara. Nork asmatu zuen India hori?

Hori ere korapilatsua da. India, berez, latinezko hitza da, baina erromatarrek grezieratik hartu zuten. Antzinako greziarrek Indos hitza erabiltzen zuten, persiarrei Hindush maileguan hartuta. Izan ere, pertsiarren inperioa Asiako azpikontinentera heldu zen, eta hala deitzen zioten han mendean zuten eskualdeari. Azken batean, sanskritoko shindu hitzetik dator, eta horrek ibaia esan nahi du, Indus ibaiarengatik.

Itzuli asko egin dituen exonimo bat da, beraz. Kanpotarrek norberari emaniko izena da exonimo bat. Eskimal hitza da beste adibide bat, eta askotan iraingarritzat hartzen da. Horregatik eurek nahiago dute inuit izenarekin ezagunak izatea, hori delako eurek euren buruari izendatzeko erabiltzen duten izena (endonimo).

Antzeko gauza gertatzen da Indian ere. Herrialdeak Inperio Britainiarretik 1947an independentzia lortu zuenetik ari da hango gobernua menpekotasunaren arrastoen zama gainetik kendu nahian, besteak beste, britainiarrek hiriei emaniko izenak alboratzen. 1995. urtean, esaterako, Bombay izena baztertu, eta ofizialki Mumbai izendatu zuten hiria.

Baina, zergatik Bharat izena?

Ez da kontu berria, Indiako Konstituzioaren lehenengo artikuluan aipatzen dute (1950): «India, hau da, Bharat, estatuen batasun bat izango da».

Rigveda kontakizun epikoan erabiltzen dute Bharata hitza, leinu bat izendatzeko. Sanskritozko Mahabharata poema epikoaren izenburua Bharata handia gisa itzultzen dute askotan. Halakoetan ohi den bezala, zatia izendatzetik, hau da, leinu bat edo haien eremua (India iparraldean), dena izendatzeko zabaldu zuten hitzaren eremu semantikoa, bharatarren inperioa zabaldu ahala.

Sanskritoz, bhr erroa dago hitzan, eraman esan nahi du, eta horrek isla du Europako hizkuntz indoeuropar askotan: ingelesezko to bear, eta latinezko fero, esaterako. Erro horrek makina hitz ekarri dizkio euskarari konferentzia, interferentzia, diferentzia, sufrimendua... eta Luzifer (argia daramana).

Kontu sinboliko bat da, beraz izena aldatzea, Parlamentuko saio sinbolikoan. Izan ere, Indiaren independentziaren 75. urteurrena ospatzen ari dira aurten, eta Narendra Modi lehen ministroak iragarri du bihar bertan egoitza zaharra utzi, eta erakundea beste eraikin batera eramango dutela. Biharko saiotik aurrera, egoitza berrian arituko dira parlamentariak.

Modiren alderdiaren izena Bharatiya Janata da, hau da Bharatako (India) Herriaren Alderdia. Eskuinekoa da, nazionalista, eta agintean egon da 2014. urtetik. Bharatiya gaztelerazko baratija hitzarekin lotuta egon daitekeela pentsa dezake norbaitek, agian garai batean handik zetozelako Europara bitxi merkeak. Bada, ez. Grezierazko prattein hitzetik dator (gauzatu, lortu), hango merkatariek horrela esaten ziotelako salgai bat merke lortzeari.

Abuztuan iragarri zuen Modik Parlamentua beste eraikin batera eramango zutela, eta ustekabean harrapatu zuen oposizioa. Gardentasun eza leporatu zioten lehen ministroari, halako aldaketa handiak gainerako alderdiekin hitz egin gabe egiteagatik.

Orduan hasi ziren oposizioko alderdiak esaten Modik Indiari izena aldatzeko asmoa zuela. Izan ere, G20 herrialdeen bilera egin zuten irailaren lehenengo astean, eta horretarako gonbidapenetan India baztertu eta Bharat idatzi zutela ohartarazi zuten.

Modiren alderdiko hainbat kidek esan dute, geroztik, India izena britainiarrek sartu zutela, eta «esklabotzaren ikurra» dela.

Edonola ere, dena airean dago, Gobernuak ez baitu baieztatu gaia mahai gainean jarriko duenik.

Badira kasuak

Aldaketa eginez gero, India ez litzateke lehen herrialdea izena aldatzen. Turkiak urteak daramatza gainerako herrialdeak konbentzitu nahian bere turkierazko izena bere horretan erabil dezaten: Turkiye. Izan ere, ingelesezko Turkey hitzak herrialdeaz gain, hegazti bat izendatzeko erabiltzen da —indioilarra—, eta polisemia hori ez zaie duina iruditzen Ankarako agintariei, nonbait. Horrekin itzultzen gara, gainera, India izenaren nahasmenduaren gurpil zorora: indioilarra (Indiako oilarra), indaba (Indiako baba, hau da, babarruna).

Arrakasta izango luke Indiak izena aldaketarekin? Hau da, mundu osoa Bharat esaten hasiko litzateke norberaren tradizioari uko eginez?

Nor gogoratzen da Persiarekin? Mendebaldean, Iranen izen tradizionala Persia izan da mendeetan. 1935. urtean, ordea, hango errege Reza Shahk eskatu zion nazioarteari Greziako antzinako historialariek emaniko izen hori baztertzeko, eta Iran esateko herrialdeari, hori zelakoan euren endonimoa. Gaur, Persia erabiltzen jarraitzen da testuinguru batzuetan, batez ere historialari eta bestelako akademikoen artean, baina nazioarteko harremanetan Iran nagusitu da erabat.

Nork ezagutzen ditu katu thailandiarrak, ordea? 1939. urtera arte, Siam esaten zioten Asiako hegoaldeko herrialde horri. Urte horretan sinatu zuen hango erregeak lehenbiziko nazioarteko hitzarmena, eta horretan paperean argi utzi zuen bere herrialdearen izena Thailandia zela. Bitxia bada ere, berriz bataiatu zuten Siam 1946tik 1948ra. Baina, geroztik, berriro Thailandia.

Indiaren antzeko kasua Sri Lanka da. Britainiarrek Ceylon jarri zioten, Sri Lanka ingelesezko belarrietara moldatuta. Baina herrialdeak izena berreskuratu zuen independentziarekin (1948).

Beste hainbat adibide daude, baina, azkenean, Indiari izena aldatzen badiote, eta Mendebaldean baten batek erabakitzen badu Bharat-i uko egitea eta India erabiltzen jarraitzea tradizioaren izenean, arazo bat izango du. Herritarrei azaldu beharko die zergatik ez zuen arazorik izan Kievi egun batetik bestera Kyiv esaten hasteko, Errusiak Ukraina inbaditu bezain pronto.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.