Katalunia

Aldarriak parlamenturaino

Milaka lagunek bat egin dute kaleetan Puigdemonten inbestidura aldarrikatzeko. Errepublikaren Babeserako Batzordeek deituta, gaua parlamentu atarian egin dute.

Herritarrak, mossoekin parez pare, atzo, parlamentuaren aurrean, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Bidatz Villanueva
Bartzelona
2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Kataluniako presidentearen inbestidura saioa atzeratu arren, bere horretan eutsi zioten atzo herri mobilizazioek Bartzelonan. Beste behin, milaka katalan batu ziren Kataluniako Errepublikaren defentsan eta Carles Puigdemonten izendapena aldarrikatzeko. Errepublikaren Babeserako Batzordeek deituta, gainera, gaua parlamentuaren atarian iragan dute herritar askok. Hantxe jarraituko dute inbestidura iragartzen duten arte. Ohiko moduan, prozesuagatik atxilotutako «preso politikoak» gogoan izan zituzten aldi oro manifestariek. Aurrekoan baino jende kopuru handiagoa bildu zen parlamentua babestera. Haserrea suma zitekeen askorengan, baina aurrera jarraitzeko amaiezineko gogoa ere bai. Arratsaldean, 17:00 inguruan, manifestariak Ciutadella parkean sartu ziren parlamentuaren aurrean biltzeko. Mossoekin tentsio uneak izan ziren, sarbidea oztopatu baitzuten, jende gehiago sar ez zedin. Herritarrek, azkenean, lortu zuten barreneraino sartzea.

ANC Biltzar Nazional Katalanak 14:30ean Sant Jaume plazan elkartzeko deialdia zabaldu zuen, Lluis Companys pasealekuraino manifestazioan joateko, Roger Torrent parlamentuko presidentearen hautaketa egunean bezala, pantaila handi bat paratu baitzuten Ciutadella parkearen kanpoaldean.

Sant Jaume plaza 14:00ak baino lehen hasi zen betetzen. Esteladak, Puigdemonten maskarak eta indar handia eraman zituzten plazara. Etengabeko aldarriak entzun ahal ziren Puigdemonten eta presoen alde, eta Espainiako Gobernuaren eta Europaren aurka. «Europa hau lotsagarria da», oihukatu zuten hainbatetan. «Preso politikoak askatu», «Ez dago presondegirik hainbeste duintasunentzat» edo «Non dago M. Rajoy?» bezalakoak ere entzun ahal izan ziren.

Manifestarien artean zegoen Carme Reimondez, Bartzelonan bizi den 72 urteko emakumea. Ulerkor azaldu zen egoerarekin: «Nik nahiago izanen nuke inbestidura atzeratu ez izana, baina ez dut nahi presidentea atxilotu dezaten». Babesa emateko eta Espainiako Gobernua egiten ari denaren aurka dagoela adierazteko parte hartu zuen mobilizazioan. Bere kide Paulina Fons, 66 urteko bartzelonarra, antzera mintzatu zen. Testuinguru «korapilatsu honetan», politikariek denentzat egingarriak diren erabakiak hartu behar dituztela iritzi zion. Horrek, ordea, ez zion haserrea apaldu: «Gure eskubideak galtzekotan gaude, baita gure gobernua eta gure parlamentua ere. Hori ez da zilegia. Adarra jotzen ari zaizkigu, eta gutaz barrezka ari dira. Ez dago eskubiderik. Bozkatu egin dugu, gehiengoa dugu, eta hori defendatuko dugu, bakean, beti egin dugun bezala».

Esteladak eta maskarak

Sant Jaume plazatik abiatu ziren manifestazioan 14:30 iraganda, Princesa kalean behera, Lluis Companys pasealekurantz. Manifestazioak Princesa kale osoa hartu zuten plazaraino. Errepublikaren Babeserako Batzorde baten martxa zihoan aurretik, Errepublikaren Babeserako Batzoreek adosturiko topagunera. Hantxe zihoan Elena Llinas, Empordatik joandako 37 urteko emakumea. Haren irudiz, «Espainiak ez du zentzutasunez jokatuko». Ados agertu zen atzerapenarekin, eta «behar dena» itxoingo duela aipatu zuen. Halere, bere nahia izan arren, zalantzak zituen Puigdemont presidente izendatu ahalko duten edo ez.

Martxak aurrera jarraitzen zuen bitartean, beste ehunka herritar zeuden Lluis Companys pasealekuan manifestarien esperoan. Herritar gehienek, esteladez eta Puigdemonten maskarez gain, kolore horia zeramaten soinean, presoekiko elkartasuna adierazteko: eskuturrekoak, lepokoak, txanoak, xingolak edota kamisetak. Txalo eta aldarri artean hartu zuten manifestazio burua. Ondoren, oholtzara igo zen, besteak beste, Agusti Alcoberro Biltzar Nazional Katalaneko kidea. Presoak izan zituen gogoan lehendabizi. Haren hitzetan, herriak jada erabaki bat hartu zuen urriaren 1ean. «Gure indarra herria da», gaineratu zuen, eta iragarri Puigdemonten izendapena eta Kataluniako instituzioak babesten jarraituko dutela. Ekitaldia amaitzean, Errepublikaren Babeserako Batzordeekin elkartzera animatu zuten jendea.

Hain zuzen, Lluis Companys kaletik gertu, Picasso eta Marques de l'Argentera kaleen bidegurutzean jende andana bildu zen Errepublikaren Babeserako Batzordeek deituta. Ciutadella parkera sartzeko ate nagusia da; alegia, politikariak handik sartu eta irteten dira. Marc Serra 24 urteko gazteak «lotsagarritzat» jo zuen inbestiduraren atzerapena: «Ez nago ados. 155.ak eragin duenaz gain, Espainiako Estatua Kataluniako politikariei jazartzen ari zaie oraindik, herriak demokratikoki hautatutakoei. Ez baldin bazuten nahi Puigdemont presidente izendatua izan zedin, inpugna zezatela zerrenda, eta hala ikusi izanen genuen berriz nolakoak diren». Haren ustez, Puigdemont presidente izendatzea lortuko dute.

Picasso kalearen eskuinaldean, mossoez babesturik, Espainiako batasunaren alde herritar bakan batzuk bildu ziren. Espainiako banderak soinean, irainka eta trufaka zebiltzan besteen aurka.

Francisco Villanova, 55 urteko bartzelonarra, han zen. «Babesa ematera etorri gara gure presidente izandakoari, orain denari eta izanen denari. Hori da helburua, ikus dezaten babesa ematen diogula». Haren hitzetan, ahal duten guztia eginen du Espainiak «katalanak izorratzeko» eta azken unera arte saiatuko dira inbestidura atzeratzen. Ez zegoen konforme atzerapenarekin: «Gaur behar zuen izan inbestidurak, nahitaez. Betiko komeria da legez kanpoko ekintzak egiten ari garela, baina legez kanpo jokatzen ari direnak eurak dira. Izendapena telematikoki egin izan bagenu, legearen barnean egin izanen genuke. Orduan, berriz sartu izanen litzateke indarrean 155. artikulua eta arazoak izanen genituzke». Jende baketsua direla nabarmendu zuen, eta orain ez dagoela aitzakiarik katalanen erabakiari muzin egiteko. «Baimena eman ziguten irabazten zuenak agin zezan».

Gaua Ciutadellan

16:30 inguruan, bozgorailuetatik eskatu zuten manifestariak Lluis Companys pasealekura itzul zitezen. Hango ateetatik sartu ziren Ciutadella parke barrura, parlamenturantz. Mossoak ateak ixten saiatu arren, herritarrek aurre egin zieten, eta pasatzea lortu zuten.

Parlamentuaren aurrean jarraitu zuten manifestariek gauera arte, aldarri artean. ANC eta Omnium Culturalek etxera itzultzeko aholkua eman bazuten ere, Errepublikaren Babeserako Batzordeek hantxe jarraitzeko deialdia egin zuten. Lo egiteko arropa eta kanpin dendak eramatea aholkatu zuten. Izan ere, adierazi dutenez, inbestidura noiz eginen den iragarri arte egonen dira parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.