Aldaketarako, bakea

Ekialdeko Timorren parlamenturako bozak egin dituzte. Alderdi nagusietan erresistentziako kideak zirenek agintzen dute. Hautesleen %20 berriak dira

Aldaketarako, bakea.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ekialdeko Timorren hauteskundeak egiten direnean, alderdi nagusiek berek aurkeztutako programari baino gehiago, hautagaien nortasunari erreparatzen diote hautesle gehienek botoa ematerakoan. Logikoa ere izan daiteke, ordea. Izan ere, hautagai horiek erresistentziako kideak izan ziren, gerrillariak, Indonesiak herrialdea okupatuta eduki zuen garaian, 1975 eta 1999 artean —aurrez, 1600dik 1975era, Portugalen kolonia izan zen—. Hain zuzen, parlamentuko kideak eta lehen ministroa aukeratzeko hauteskundeak egin zituzten, herenegun, uhartean, eta bi aste barru emango dute emaitza ofizialen berri.

Duela 11 urte ia-ia gerra zibila piztu zen garaian izan ezik, estatuak, instituzionalki behintzat, ez du gorabehera handirik eduki 2002an independente bihurtu zenetik; are, elkarrekin gobernatzen dute ez oso aspaldi aurkari ziren bi alderdi nagusiek: Fretilin Ekialdeko Timor Independentearen Aldeko Fronte Iraultzaileak eta CNRT Ekialdeko Timor Berreraikitzeko Kongresu Nazionalak. Lehenaren burua Francisco Guterres presidente eta gerrilarri ohia da, eta bigarrenarena, Xanana Gusmao: okupazio garaiko beste gerrillari bat.

Baina arazo ugari dauzka herrialdeak: langabezia, txirotasuna, ustelkeria... Beraz, aldaketak exijitzen dituzte herritarrek. Maria Magdalena, 28 urtekoa, bozkatzera joan zen. «Hauteskundeak irabazten dituen alderdiak boterean aurrez zegoenak baino lan hobea egitea espero dut», adierazi zion Reuters berri agentziari. 2012koetan ere bozkatu ahal izan zuen; hauteskunde haietan, legebiltzarreko 65 aulkietatik 30 lortu zituen CNRTk, eta 25 Fretilinek. Herenegungoetan 760.000 lagunek zuten bozkatzeko eskubidea —2012koetan %70 ingurukoa izan zen parte hartzea—, eta hautesleen %20 berriak dira. Bozen aurretik sondeorik ez zuten egin, baina joan den martxoan, presidentetzarako hauteskundeetan, Guterres nagusitu zen. Orduan bezala, oraingoan ere giro baketsuan egin dute kanpaina alderdiek, eta hori bera nabarmendu zuen presidente eta estatuburuak, herenegun, bozkatu zuenean. Aldaketak behar duen bakea izan liteke, hain zuzen.

Aldaketak, txirotasunari eta langabeziari aurre egiteko. Ustelkeriak, gainera, aspalditik zipriztintzen du Ekialdeko Timorko gizartea. CAC Ustelkeriaren Aurkako Batzordearen arabera, herritarren %58k uste dute boterean daudenak direla ustelkeriaren errudun. Baina Fretilin gobernuan dago, eta joan den martxoan haren buruak, Guterresek, irabazi zuen erraz antzean.

Beste arazo bat dauka, gainera, Portugalen kolonia ohiak. Izan ere, sekulako mendekotasuna dauka petrolioarekiko eta gasarekiko, eta estatuak horien ustiapenari esker osatzen ditu bere aurrekontuak. 2014ko datuek diote energiaren sektoreak estatuaren BPG barne produktu gordinaren %60 ordezkatzen duela. Timorko itsasoko erreserbek 36.000 eta 47.700 milioi euro arteko balioa dute, baina 2032rako agortuko direla aurreikusten dute adituek. Beraz, CNRTko Gusmaok adierazi du turismoa eta nekazaritza garatzea dagokiela orain.

Hezkuntza eta osasun sistema ere izan dituzte ahotan alderdiek kanpainan. Hala eta guztiz ere, haien arteko giro baketsua azpimarratu dute. Polizia iturrien arabera, independentziaz geroztik inoizko kanpaina baketsuena izan da, eta Rui Maria de Araujo lehen ministroak, Fretilinekoak, «ezer larririk» ez dela gertatu ospatu du. Europako Batasunaren ordezkaritza batek begirale lanak egin zituen herenegun, eta esan du hauteskunde egunean ere ez zela istilurik egon.

Bi belaunaldi

Hain zuzen, bake horrek ireki diezaioke bidea aldaketari. 2002tik gaurdainoko presidenteak erresistentziako gerrillari ohiak izan diren arren, belaunaldi aldaketaren eztabaida inoiz baino biziago dago uhartean, eta askok, aro berri bati ekiteko, politikari berrien aldeko apustua bideratu nahi dute. Okupazioa bete-betean bizi izan zutenen eta ez zutenen arteko harremanak sendotzea ezinbestekoa da, halere. Bakea lortu dute, behintzat, aldaketa gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.