Albaniara iritsi dira Italiak bidalitako beste 40 migrante

Meloniren laugarren saiakera da oraingoa. Hara eramandako migratzaileak Italian zeuden jada, eta bertan behera utzi diete asilo eskaera.

Migratzaileak daramatzan ontzia, Albania kostaldera iristen, gaur goizean. MALTON DIBRA / EFE
Migratzaileak daramatzan ontzia, Albania kostaldera iristen, gaur goizean. MALTON DIBRA / EFE
maddi iztueta olano
2025eko apirilaren 11
17:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Italiako lehen ministro Georgia Melonik ez du amore eman; kontrara, auzitegiei izkin egiteko modua aurkitu du. Gaur eguerdian iritsi da Albaniako Gjader herriko zentrora Italiatik bidalitako laugarren migrante taldea: 40 pertsona. Oraingoan, baina, migratzaile horiek guztiak ez dituzte Italiako kostazainek Mediterraneo itsasoan atzeman; Italiako zenbait deportazio zentrotan zeuden, beren asilo eskaeren ezezkoa jaso ondoren. Italiako hedabideen arabera, bangladeshtarrak, aljeriarrak eta tunisiarrak dira.

Albaniak eta Italiak egindako akordioaren arabera, hasierako helburua zen Italiako kostazainek Mediterraneo itsasoan aurkitzen zituzten migranteak Albaniara bidaltzea, eta horiek guztiak Gjaderko zentroan izatea, Italiako agintariek beren asilo eskaerak kudeatu bitartean. Duela bi aste, ordea, Melonik eta haren taldeak dekretu bat onartu zuten, zeinak baimentzen duen Albaniako zentroa migratzaileak deportatzeko zentro gisa erabiltzea, eta Italian modu irregularrean dauden migranteak hara eramatea, ondoren handik sorterrietara bidal ditzaten.

Ikusteko dago trikimailu horrek funtzionatuko ote duen; izan ere, Erromako Auzitegiak bertan behera utzi ditu Albaniara egindako aurreko hiru bidalketak, eta Italiara itzularazi ditu hara eramandako migranteak; besteak beste, batzuk osasunez «kaskar» zeudelako, beste batzuk «oso zaurgarriak» zirelako, eta, oro har, migratzaileen sorterriak ez zirelako «herrialde seguruak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.