Alaskan petrolioa ustiatzeko proiektua onartu du Bidenek

Ekologistek AEBetako presidenteari egotzi diote energia garbia sustatzeko konpromisoa ez betetzea

Conoco Phillips enpresaren zundaketa gune bat, Alaskan. JUDY PATRICK.
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
WASHINGTON. Alaskan petrolioa ustiatzeari bide eman zion herenegun AEBetako Gobernuak. Joe Biden presidenteak Willow proiektua onartu zuen astelehenean, eta, erabaki horrekin, Conoco Phillips enpresak baimena eskuratu du Alaskako Petrolio Erreserba Nazionalean petrolioa ateratzen hasteko.

Zulaketak bost tokitan hasteko baimena eskatu zion Conoco Phillipsek AEBetako Gobernuari, eta hark hiru gunetarako baimena onartu dio. Aurreragorako utzi du beste bien gaineko erabakia.

Enpresaren arabera, ustiategiak eguneko 180.000 petrolio upel ekoizteko gaitasuna izango du errendimendurik handiena lortzen duenean.

Proiektua AEBetan gutxien esploratu den inguruetako batean ezarriko da, zirkulu polar artikotik 300 kilometro baino gehiago iparraldera. Inguru horrek du herrialdeko biodibertsitate aberastasun handienetakoa. Hori dela eta, eragile ekologistek gogor kritikatu dute Etxe Zuriaren erabakia.

Ingurumenaren babeserako hainbat elkartek Bideni egotzi diote hauteskunde kanpainan emandako hitza jatea. Presidenteak konpromisoa hartu zuen berotegi gasak murrizteko eta energia garbia sustatzeko. Willow proiektuari bide ematea justu aurkako bidean hartutako neurria dela salatu dute.

Horien esanetan, petrolio ustiategiak natur eremu baliotsuetako urak kutsatuko ditu, eta bertan bizi diren animalien migrazio bideak oztopatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.