Ekialde Hurbila

Alarma hotsak piztu dituzte Jerusalemen, aire erasoen laugarren egunean

Israelgo armadak bonbardaketei ekin die berriz gaur goizaldean. Jihad Islamikoko beste bi kide hil ditu. Tel Aviv erretiratu egin da su eten bat negoziatzeko zeharkako elkarrizketetatik.

Zenbait palestinar Jihad Islamikoko buruzagi Ali Ghaliren hiletan, atzo, Khan Yunisen, Gazan. HAITHAM IMAD / EFE
maddi iztueta olano
2023ko maiatzaren 12a
12:25
Entzun

Hamahiru orduko barealdiaren ostean, suziri hotsekin iratzarri dira Gazan. Ezkutua eta gezia operazio militarraren laugarren eguna da gaurkoa, eta goizean goiz misilak jaurtitzen hasi da Israel. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, asteartetik 34 pertsona hil dira: 33 palestinar —hamabost zibil; horietatik sei haurrak— eta israeldar bat, eta ehun lagunetik gora zauritu dituzte.

Azken biktimak Jihad Islamikoko bi kide dira, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Israelek Gaza hiriko bizitegi auzo bati egin dion erasoan hil dituzte. Horrez gain, Israelgo kolono batek palestinar bati tiro egin dio goizean, Silwad herritik gertu, Zisjordanian, Ramallahtik hamar bat kilometrora. Zauritua larrialdietara eraman dute.

Israel Jihad Islamikoaren zenbait postu militar eta egoitza bonbardatzen ari da goizaldetik, eta Gazako miliziek erantzun egin dute. Palestinako eremu horretatik jaurtitako suziri batek juduen kolonia bat jo du Jerusalem ekialdean. Ez da zauriturik izan.

Jihad Islamikoko bost buruzagi hil dituzte lau egunotan, eta, Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagariren arabera, zerbitzu sekretuen «lan onari esker» lortu dute horiek hiltzea. Baina bi aldeen arteko menia bat adosteko Jihad Islamikoak jarritako baldintza bat urratzen dute hilketa horiek: erakundeko kideen aurkako «hilketa selektiboak» amaitzea, hain zuzen.

Jihad Islamikoko bozeramaile Dawud Shihabek Middle East Eye hedabideari adierazi dionez, Jerusalemera eta Zisjordaniako beste kolonia judu batzuetara jaurti dituzten suziriak «mezu bat» dira, Israelek aintzat hartu ditzan erresistentzia palestinarrak su etenerako ezarri dituen baldintzak.

Egipto bitartekari lanetan aritu da Israelen eta Gazako talde armatuen arteko su eten bat lortzeko, baina Israelek gaur jakinarazi du bere burua erretiratu duela zeharkako elkarrizketa horietatik.

Gazako operazio militarraren ondorioz, azken hilabeteetan gobernuaren kontrako protestak antolatu dituzten taldeek bertan behera utzi dituzte mobilizazioak. Joan den urtarriletik,milaka herritar irten dira larunbatero kalera Israelgo hiri garrantzitsuenetan, Tel Avivek aurkeztu zuen erreforma judiziala salatzeko, iritzita «demokrazia arriskuan» jartzen zuela. Manifestazioen deitzaileek argitu dute «segurtasun arrazoiengatik» etengo dituztela soilik protestak, eta gobernuaren kontra mobilizatzen jarraituko dutela ziurtatu.

Israelgo Finantza ministro eta Alderdi Sionista Erlijiosoko buru Bezalel Smotrichek adierazi du «Gazara itzultzeko garaia» iritsi dela «ziurrenik», Hamas desegin eta eremua «desmilitarizatzeko». Israelek 2005ean atera zituen bere tropak Gazatik, eta lurraldea Hamasen agintepean da ordutik, baina Israelek erabateko blokeoa ezarri zion 2007an. Smotrichen esanetan, Gazan sartzeko aukera hori ez da eztabaidatu oraingoz segurtasun agintaritzaren organoetan.

Gazako muga itxita

Ia etenik gabeko aire erasoek ehun palestinar inguru zauritu dituzte, eta hirurehun etxebizitza baino gehiago birrindu. Halere, asteartetik, Israelek itxita dauka Beit Hanuneko muga: debekatuta dago alde batetik bestera igarotzea, baita larrialdizko giza beharrei erantzuteko ere.

Ondorioz, zenbait GKE gobernuz kanpoko erakunderen arabera, 292 paziente inguruk ezin dute jaso osasun tratamendurik. Minbizia dute batzuek, eta Israelgo ospitaleetan soilik jaso dezakete behar duten arreta. Horiek horrela, zenbait GKEk gutun bat bidali zieten atzo Israelgo buruzagi batzuei, eskatzeko ireki ditzatela mugak giza laguntza eta osasun arreta behar duten zibilentzat.

Gaur-gaurkoz, Israelek ez dio erantzun eskaera horri, baina biltzeko eskubidea mugatu du Gaza ondoko herrietan: 50 pertsona bildu ahal izango dira gehienez. Neurria bihar arratsaldeko zortziak arte egongo da indarrean.

Urteurren mingotsa

Israelgo indarrek Al Jazeera telebista kateko kazetari Xireen Abu Akleh hil zutela urte bat bete zen atzo. Israelgo armada Jeninen egiten ari zen sarekada baten berri ematen ari zela egin zion tiro Israelgo agente batek.

Haren heriotzarekin loturarik izatea ukatu zuten Israelgo indarrek. Zenbait hilabeteren ondoren, iazko irailean, aitortu zuten litekeena zela Israelgo agente batek tiro egin izana, baina «istriputzat» jo zuten gertatutakoa. Atzo, Hagarik barkamena eskatu zuen, CNN telebista katean egindako elkarrizketa batean, baina ez zuen aitortu Israelgo armada errudun denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.