Alarma egoera ezarri dute Grezian eta Ipar Mazedonian, suteengatik

Atenasen errefuxiatuen esparru bat lekualdatu dute. Prebentziorako funtsen kudeaketa okerra egotzi dio oposizioak Turkiako Gobernuari. Sua Italiara, Ukrainara eta Errumaniara ere zabaldu da

Alarma egoera ezarri dute Grezian eta Ipar Mazedonian, suteengatik.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Europa hegoaldeko bero boladak eragindako suteak piztuta daude oraindik, eta azkar ari dira zabaltzen inguruko herrialdeetara; sugarrak Italiara, Errumaniara eta Ukrainara iritsi dira azken orduetan. Egoeraren larritasunari aurre egin nahian, alerta maila gorena ezarri zuten atzo Ipar Mazedonian eta Grezian. Halaber, Grezian lehenengo hildakoaren berri eman zuten.

Europa hegoaldean egunak daramatzate suak itzaltzeko lanetan, baina azkar ari dira zabaltzen oraindik. Ipar Mazedoniako Gobernuak 30 eguneko alarma egoera ezarri zuen herenegun. Zortzi foku aktibo daude herrialdean, eta horiek itzaltzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek eta segurtasun indarrek. Agintariek asteartean ohartarazi zuten arriskuaz, eta mendira edo basoetara hurbiltzea debekatu zieten herritarrei. Herenegun eman zuten lehen hildakoaren berri, Staro Nagoricane herrian.

Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak ohartarazi zuen herrialdea «historiako krisi ekologikorik larrienean» dagoela: 80 sutetik gora zenbatu dituzte azken bi egunetan, eta ehunka lehenengoa piztu zenetik. Mitsotakisek adierazi zuen egoerak okerrera egin dezakeela, haize indartsuak iragarri baitituzte datozen egunetarako. Gainera, tenperaturek ez dute behera egin; termometroek 40 gradutik gora neurtu dituzte aste osoan.

Baso eta mendietara ez ezik, Greziako herrietara ere zabaldu da sua. Horrek milaka lagun behartu ditu beren etxeak uztera. Atenas inguruan bizi diren errefuxiatuen kasuan, Malakasa kanpalekuan bizi ziren 2.000 errefuxiatu inguru Ritsona kanpalekura eraman zituztela jakinarazi zuten, Atenastik 70 kilometrora. Izan ere, fokuetako bat azkar hurbiltzen ari zen Malakasa inguruetara. Bestalde, 600 lagun inguru Eubeako uhartetik atera behar izan zituzten atzo gauean, sua Agia Anna herrixkara iritsi baitziren.

Lehen ministroak babes osoa adierazi zien herritarrei, eta zin egin zien galerak berreskuratzeko gobernuaren laguntza jasoko dutela: «Etxeak berreraikiko ditugu, eta nekazariei diru laguntzak emango dizkiegu. Erre diren lurrak berreskuratuko ditugu». Bestalde, Kostas Tsiaras Justizia ministroak iragarri zuen nahita piztutako suak delitutzat jo eta horien egileek bost urtetik gorako espetxe zigorrak jasoko dituztela.

Ke eta su artean dauden Europa hegoaldeko beste herrialdeetan ez dute oraingoz alarma egoerarik ezarri, baina egoera larria da. Duela hamar egun Turkian lehen suteak piztu zirenetik, 180 fokutik gora, zortzi hildako eta dozenaka zauritu zenbatu dituzte.

Gainera, ezbeharrak estualdian jarri du Recep Tayyip Erdogan presidentearen gobernua. Oposizioko alderdiek leporatu diote baso suteei aurre egiteko funtsen kopuruaren zati bat baino ez baliatu izana. Datu ofizialen arabera, urte erdian hogei milioi euro baino gutxiago gastatu dituzte —Portugalek 189 milioi baliatu zituen, eta Espainiak, 54 milioi—, eta bertan behera utzi dituzte baso suteen aurka borrokatzeko proiektuak.

Italia zerrendan sartu da

Italia suek kalte egindako lurraldeen zerrendan sartu da aste honetan. Sute gehienak iparraldeko eskualdeetan zabaldu dira, hala nola Lazion, Calabrian eta Puglian. Hala ere, egoera bereziki larria da Sizilian, non hainbat foku piztuta dauden oraindik Messina hirian eta Palermon. Ekialdeko Toscanan eta Umbrian ere sugarraldiak izan dira.

Urteko batezbestekoarekin alderatuta, uda honetan hirukoiztu egin da sute kopurua. Hegoaldea erretzen ari den bitartean, baina, iparraldeko eskualdeetan uholde larriak egon dira azken egunetan; Lombardian batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.