Tahrir plazan jaio zen, eta amaiera eman zion Egiptoko trantsizio demokratikoari. Estatu kolpea eman eta hamarkada bat igaro ondoren, Abdel Fattah al-Sisi presidenteak bere zilegitasun kolpea indartu nahi du hiru egunez ospatuko diren Egiptoko presidentetzarako hauteskundeetan. Bozak bihar hasiko dira, eta asteartera arte izango dira abian; mugakide duen Gazan gerra abian den bitartean. Aurreko hauteskundeetan gertatu bezala, pluralismoaren edozein zantzu fartsa hutsa da diktadura militarrean; hamar mila preso politiko espetxeetara bidaltzen dituen diktadura militarrean, non oposizioko buruzagiak, aktibistak eta baita uniformedunen ikuspegi moral estuan sartzen ez diren influencer edo artistak atxilotzen dituzten. Bai, uniformedunak ere.
Oraingoan, al-Sisik, 69 urteko mariskalak, erdipurdiko hiru aurkari izango ditu: Abdel Senad Yamama, Wafd alderdiko buruzagia, enpresen intereserako plataforma bihurtua; Hazem Omar, Mubarak diktadore ohiaren hurbileko alderdi batekoa; eta Farid Zahran, Alderdi Sozialdemokratikoko presidentea. Euren mitinetan eta elkarrizketetan, hiruretako inork ez ditu Al-Sisi edo bere politikak kritikatu —haren erregimenak ezarritako marra gorririk ez gainditzeagatik, betiere—. Benetako lehiarik gabe, litekeena da Al-Sisik berriro botoen %90 inguru lortzea.
Aurkari gisa jarduteko prest zegoen hautagai bakarra Ahmed al-Tantawi diputatu ohia zen, oposizioko koalizio aurrerakoi bateko kidea. Baina auzipetuta dago. Baimen ofizialik gabe «hauteskunde agiriak zabaltzea» leporatzen diote, hau da, legez kanpo, hauteskundeetan parte hartu ahal izateko nahikoa sinadura biltzen saiatzea. Atxilotu egin zituzten haren kolaboratzaile batzuk, eta beste batzuk auzipetu egin zituen Poliziak. Horrek galarazi zien aurkezteko behar zituzten 25.000 sinadurak lortzea. Al-Sisiren erregimenaren gehiegikeria horien guztiak ikusirik, beste behin, hauteskundeei boikota egitea erabaki du oposizio juridikoak.
Gauza bera egingo du Anaitasun Musulmanak alderdi islamista historikoak, zeinak trantsizio demokratikoaren garai laburrean hauteskunde guztiak irabazi zituen. Edonola ere, ez du beste aukerarik, legez kanpokotzat jotzen baitute. «Fartsa hau salatzera, eta erregimen bidegabe honen legitimazioan parte ez hartzera deitzen dugu Egiptoko herria. [Al-Sisiren alderdiak] Herrialdeko bizitza politiko eta soziala hondatu, eta herrialdeko baliabideak xahutu ditu», esan zuen Turkian erbesteratuta bizi den Anaitasun Musulmanak alderdiko buruzagi ohi Mohamed Emadek. «Erakunde terrorista» dela argudiatuta, Al-Sisiren erregimenak errepresio gogor baten pean eta erabat desmoralizatuta dauka mugimendu islamista, eta ezinezkoa da neurtzea herritarren artean duen babes maila.
Partaidetza, behera
Partaidetza izango da hauteskunde prozesuaren daturik interesgarriena, azken urteotan behera egin baitu. 2019an, adibidez, Egiptoko herritarren %41ek bakarrik bozkatu zuten, nahiz eta Egiptoko Gobernuak herritarren partaidetza sustatzeko eskura zituen baliabide guztiak mobilizatu zituen, funtzionarioen aurkako presio handia eta abstenitzen zirenei isunak jartzeko mehatxuak barne. Timothy Kaldas, TIMEP Think Tank-eko zuzendariordeak, zera dio horren inguruan: «Al-Sisiren ospea oso txarra da. Parte hartzeak neurtuko duena da erregimenak zenbat diru inbertitu nahi izan duen biztanleriaren zati bat mobilizatzeko, hautesle askok diruaren truke edo presioaren truke bozkatuko dutelako».
Herritarren parte hartzearen galera hori zuzenean lotuta dago egoera ekonomikoarekin. Hamar urtean Persiar Golkoko aliatuek Egiptori 114.000 milioi dolar (105.000 milioi euro) eman dizkioten arren, eta, 2016az geroztik NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin bi mailegu sinatu baditu ere, duela urtebete Kairok 3.000 milioi dolarreko (2.800 milioi euro) hirugarren mailegu bat eskatu behar izan zion Funtsari, porrota ekiditeko. Urtebete pasatxoan, dolarrarekiko zuen balioaren erdia galdu zuen Egiptoko liberak, eta milioika pertsona pobrezian murgildu.
Orain, Funtsak eskatzen du libera berriro debaluatzeko, eta gastu publikoan murrizketa gehiago egiteko. Hein batean, hori izan zitekeen al-Sisik datorren urtearen erdialderako aurreikusita zeuden hauteskundeak aurreratzearen arrazoietako bat. «Erregimenak milaka milioi xahutu ditu jeneralak aberastu dituzten proiektuetan, baina [proiektu horiek] ez dute sare produktibo sendoagorik sustatu. Izan ere, sektore pribatuak urteak daramatza behera egiten», dio Kaldasek.
Egoera ekonomiko eta sozialaren hondoratze horrek erregimenak helarazten duen segurtasunik eza azaltzen du, zeinak, gainera, ez duen kritikarako tarterik uzten. Berdin dio lan eskubideekin lotutakoak —joan den urrian Lehen Hezkuntzako irakasle talde batek egindakoak— edo Palestinaren aldekoak izan, protestak oso gogor erreprimitu dituzte.
Bestalde, aintzat hartzekoa da urriaren 7an hasitako Gazaren aurkako erasoaldiak aho biko ezpata izan dezakeela Al-Sisiren erregimenarentzat. Alde batetik, gatazkak Egiptoko turismoaren diru sarrerak murriztu ditzake, zeina funtsezko sektorea den herrialdean. Beste aldetik, herrialde arabiarrik jendetsuenaren kolapsoaren beldur ziklikoa berpitz dezake Mendebaldean, eta egoera hori bere onerako probestu dezake Egiptok.