Al-Qaedak mehatxua berritu die AEBei, Bin Laden hil eta hamar urtera

Aspaldian «isiltasun taktiko» batean izan dela dio talde islamistak, eta prest daudela «fronte guztietan» AEBei aurre egiteko. Herenegun hasi zen Etxe Zuria Afganistandik lehen soldaduak erretiratzen

Barack Obama AEBeko presidente ohia eta haren kabineteko beste kideak, Bin Ladenen aurkako operazioa zuzenean jarraitzen, 2011n. PETE SOUZA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Hamar urte dira gaur AEBetako armadak Osama Bin Laden Al-Qaeda talde islamista sunitako burua hil zuela, oihartzun handiko operazio batean. Ezagun egin zen Barack Obama orduko presidentea eta haren kabinetea operazioa zuzenean jarraitzen ageri zuen irudia, eta baita Bin Ladenen heriotza baieztatu ondoko ospakizunarena ere. Buruzagi nagusia hilda, talde islamista garaitua zutela edo, behinik behin, garaitzear zirela irudikatu zuten AEBek.

Handik hamarkada batera, ordea, bestelakoa da egoera. Ayman al-Zawahirik hartu zuen taldearen buruzagitza, Bin Laden hil ostean, eta, haren gidaritzapean, Al-Qaedak eutsi egin dio Mendebaldeko potentzien erauntsiari, eta EI Estatu Islamikoak jihadismoaren barruan lortutako zentralitatea galdu izanak berriz ere indarra eman diezaioke. Bin Ladenek izan zuenaren moduko presentzia publikorik ez du Al-Zawahirik, baina talde islamistan kohesioa mantentzea lortu izana aitortzen diote, kide asko EIra joatea eragotzi duelakoan.

Orain, AEBek eta NATOk euren tropak Afganistandik erretiratzeak utzitako hutsuneak Al-Qaedak aprobetxatuko dituela espero da, eremu horretan zabaltzeko.

Aro berri bat zabaldu nahi du Joe Biden AEBetako presidenteak herrialde horretan, esku artean dituen auzi nagusiei heltzeko traba gisa ikusten baitu hango egoera. Duela bi hamarkada hasitako gerra itzaltzeko asmorik ez du beste aldeak, ordea. Al-Qaedako bi kideri egindako elkarrizketa bat plazaratu zuen CNN telebista kateak herenegun, eta «fronte guztietan» AEBen aurkako gerrarekin jarraitzeko prestasuna erakutsi zuten, «mundu islamiarretik kanporatzen» dituzten arte.

Afganistanen aurkako gerran estatubatuarrak «garaituak» izan direla zioten Al-Qaedako bi kideek, eta Sobietar Batasunak herrialde horretan izandako esku hartzearekin eta horrek eragindako ondorio ekonomikoekin parekatu zuten egun AEBak hartzen ari diren norabidea. «AEBak Afganistanen eragindako gerrak rol erabakigarria izan du AEBetako ekonomian», adierazi zuten. Talde islamistak aitortu zuen berarentzat ere kostu handia izan duela gerrak, eta borrokalari gehienak Siriara bidaltzera behartu zituela. Bin Ladenen erailketa ere kolpe gogorra izan zela aitortu zuten, eta Al-Qaeda ahuldu zuela, EI egonkortzen laguntzearekin batera. Haren itzalpean geratu da Al-Qaeda azken urteetan, baina, aldiz, taldeko kideek diote «isiltasun taktiko batean» izan direla orain arte, eta «etapa desberdinak» dituen gerra bat egiten ari direla.

Tropen irteerak markatutako aro berriak talibanen hedatzea eragingo duen beldur da Afganistango Gobernua, eta horren inguruko kezka agertu zion Bidenen gobernuari, hark Afganistanen dituen asmoak iragarri zituenean. Hain justu, talibanen eta Al-Qaedaren arteko harremana argudiotzat erabilita eraso zioten AEBek herrialdeari, 2001ean. Herenegungo elkarrizketan, Al-Qaedako bi kideek eskertu egin zieten talibanei AEBen aurkako borroka bizirik mantendu izana. Haiekin duten loturaren inguruko azalpenik ez zuten eman, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak esan izan du talibanek Al-Qaedarekin kontsultatzen dituztela bake negoziazioetan AEBekin eta Afganistango Gobernuarekin hitz egindakoak. Halaber, zenbait adituk lotura zuzena ikusten dute talde islamistaren eta TTP Tehrik-i-Taliban Pakistango taliban talde nagusiaren artean, eta uste dute Al-Qaedako kide asko Pakistanen gotortu izanak are gehiago hurbildu dituela bi taldeak.

The Soufan Center ikerketa taldearen arabera, Al-Qaedak 30.000-40.000 borrokalari ditu mundu osoan, eta gehien, zazpi eremutan: Afganistan eta Pakistanen, Indiako azpikontinentean, Sirian, Yemenen, Afrika ekialdean, Magreben eta Sahelen.

Talibanak, «aginduen zain»

Al-Qaedaren mehatxuaz gain, talibanena ere jaso dute AEBek. Ostegunean erretiratu zituzten lehen ehun soldaduak Afganistandik, baina erabaki hori berandu iritsi dela adierazi zuen atzo talibanen bozeramaile Zabihula Muyahidek, eta Washingtonek jan egin duela hasierako hitza —atzoko tropak kanpoan izango zituela hitzeman zuen Donald Trump presidente ohiak—. «Akordioa urratu izanak atea zabalik uzten digu okupazio indarren aurka beharrezkoak ikusten ditugun neurriak hartzeko», esan zuen Muyahidek, Twitterren zabaldutako mezu batean. Bere milizianoak «aginduen zain» daudela azaldu zuen, «herrialdearen subiranotasunaren, balioen eta interesen» izenean erasotzeko.

Irailaren 11rako atera nahi ditu Bidenek AEBek Afganistanen dituen 2.500 soldaduak, hogei urteko aro baten amaiera irudikatzeko. Etxe Zuriak ostegunean jakinarazi zuen hasia zela horretan, eta, zenbait soldadu erretiratzearekin batera, ingurua militarki indartzen ere ari zela, balizko erasoei aurre egina ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.