Al Kaedak bere gain hartu du Detroiterako hegaldiaren aurkako erasoa

AEBetako Gobernuak aitortu du segurtasun neurriek huts egin zutela ekintzailea geldiarazteko unean

Erredakzioa
2009ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Arabiar Penintsulako Al Kaedak bere gain hartu zuen atzo joan den abenduaren 25ean Delta konpainiako hegazkin baten aurka egindako atentatu saioa. Internet bidez zabaldutako oharrean talde armatuak dio «akats teknikoengatik» egin zuela huts bonbak, eta atentatua Arabiar Penintsularen aurkako «bidegabeko erasoen erantzuna» dela.

Bestalde, Amsterdam eta Detroit arteko hegaldian gertatutakoak eragindako kritikei erantzunez, Segurtasun Nazionalerako idazkariak, Janet Napolitanok, onartu du segurtasun sistemek huts egin zutela, Umar Farouk Abdulmutallabek zeraman lehergailua atzemateko unean. Abdulmutallaben izena ustezko terroristen zerrendetan dago jasota, baina 30 urteko gaztea arazorik gabe igo zen Detroiterako hegaldian, segurtasun neurri guztiak igaro ostean. Horiek hala, Etxe Zuriko eledun Robert Gibbsek iragarri du ustezko terroristen zerrendak berritu eta segurtasuna zorroztuko dutela.

Bestalde, The New York Times egunkariaren arabera, atentatu saioaren harira -ekintzailea Yemenen trebatu zutela uste du Etxe Zuriak-, Yemenerako laguntza militarra handitzea erabaki du Washingtonek. Kazetak dioenez, AEBetako Informazio Agentzia Zentralak hainbat lagun bidali zituen Yemenera duela urtebete inguru, terrorismoaren aurka borrokatzera. Azken asteetan Yemengo Gobernuak berak dozenaka ustezko ekintzaile hil ditu herrialdean egindako bonbardaketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.