Al-Golani, jihadista pragmatikoa

2011n gerra izena hartu zuen, Golango gainetatik ihes egin behar izan zuen bere sendiaren omenez. Siriako Al-Nusra fronteko buruzagiari gerra krimenak egin izana leporatzen dio Nazio Batuen Erakundeak. Orain, moderatu gisa aurkezten du bere burua.

Abu Mohammad Al-Golani HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeko liderra, Damaskoko Omeiatarren Meskita Handian. YAYHA NEMAR / EFE
Abu Mohammad Al-Golani HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeko liderra, Damaskoko Omeiatarren Meskita Handian. YAYHA NEMAR / EFE
joxerra senar
2024ko abenduaren 9a
11:40
Entzun

Nor da Mohammad al-Golani, hamarkadatan Siria gobernatu duen Baxar al-Assaden erbesteratzea eragin duen matxinoen burua? Urte luzez Iraken eta Sirian Al-Qaedako buruzagi izandakoa jihadista moderatu eta pragmatiko gisa azaldu da azken orduetan, bere aurka egindako akusazio larriak ezkutatu nahirik nazioartearen aurrean. Alta, zalantza sortzen du HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeko buru militarrak zer norabide ezarriko duen, eta muturreko islamisten koalizioa baturik izango ote den.

Abu Mohammad al-Golani, berez, gerra izen bat da. Atzean, Ahmed al-Txaraa izeneko siriarra ezkutatzen da —halaxe sinatu ditu azaroaren 27tik abiatutako oldarraldian idatzitako agiriak—. 1982an jaio zen Saudi Arabian, Riad hiriburuan. Bere aita ekonomista zen, eta herrialde horretako Petrolio Ministerioan egiten zuen lan. Alta, gerora, Damasko hiriburuko Mazzeh auzoan hezi zen. Medikuntza ikasketak egin zituen, baina ez zituen amaitu.

Ekialde Hurbileko Middle East Eye albiste agentziaren arabera, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondotik egin zen jihadista. 2003an, AEB Ameriketako Estatu Batuek Irak inbaditu ostean, muga zeharkatu eta bertako Al-Qaedako adarrarekin bat egin zuen. Bertan atxilotu egin zuten, eta bost urte egin zituen preso —tartean, Abu Graib presondegian, non AEBetako indarrek presoak torturatu zituzten—.

2011ko martxoan, Udaberri Arabiarra deituriko matxinaden testuinguruan, Baxar al-Assaden aurkako matxinada hasi zuten Sirian, eta jaioterrira itzuli zen Al-Golani. Orduan sortu zuen Al-Nusra frontea, Siriako Al-Qaedaren adarra. Talde horrek oso metodo bortitzak erabili ditu Sirian egindako atentatuetan. Eraso suizida ugari egin zituen Siriako armadaren aurka. Orduan hartu zuen Abu Mohammad al-Golani gerra izena. 2021ean, PBS AEBetako telebista publikoari emandako elkarrizketa batean azaldu zuen izen horrek erreferentzia egiten diola Golango gainetan bere familiak dituen erroei: 1967an, Israelek ordoki hori bere gain hartu ondotik, eremua uztera behartu zuten aitaren sendia.

AEBek ezarritako «terroristen zerrenda» barruan dago 2013tik, eta, 2017an, AEBetako Gobernuak prezioa jarri zion hari buruzko informazioa errazten zionari: hamar milioi dolar. Irakek aginduta, Al-Assaden gobernua erorarazi eta Sirian xaria —lege islamikoa— ezarri nahi izatea egozten zion garai hartan Washingtonek.

Aro aldaketa

2016an loturak hautsi zituen Al-Qaedarekin, eta 2017an ekin zion Siria ipar-mendebaldean ziren indar islamisten HTS koalizioa sortzeari. Urteotan guztiotan, haren indarren mende egon diren lurretan, Idlib eskualdean, giza eskubideen aurkako eraso larriak egin direla salatu dute bertan bizi diren herritarrek eta giza eskubideen aldeko taldeek. Xaria inposatu dute, eta, kasurako, emakumeak harrika hil dituzte, eta euren arerioak erail. Nazio Batuen Erakundeak gerra krimen gisa izendatu ditu HTSk egindako hainbat ekintza.

Orain, baina, herrialde oso bat dago haren indarren mende. Bere iraganak beldurra eragiten du Sirian bizi diren gutxiengoen artean, eta zalantza da nagusi Al-Assaden agintaldi luzearen ostean zer ekarriko duen etorkizunak. Al-Golanik berak onartu du HTSren banderaren azpian borrokatu dutenen helburu nagusia eta bakarra «Al-Assaden erregimena» eraistea zela. Hori eginda, gero zer etorriko den argitzea falta da, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.