Al Bashirrek aginteari eutsiko dio Sudanen, bozak irabazi ostean

Presidenteak ez duela zigorgabetasunik izango ohartarazi du Europako Batasunak; gerra krimenaz akusatuta dago Al Bashir. Hego Sudango erreferenduma urtarrilean egingo dela berretsi du presidenteak

2010eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Omar al Bashirrek agintean jarraituko du Sudanen. Orain dela 21 urte estatu kolpe baten ondorioz botereaz jabetu zenak irabazi baititu apirilaren 11 eta 15a bitartean egindako presidentetzarako hauteskundeak. Boz horietan, lehen aldiz, beste hautagairik egon bada ere, oposizioko alderdi nagusiek lehiatik kanpo geratzea erabaki zuten, gutxieneko arau demokratikorik ez zegoela argudiatuta. Hala eta guztiz ere, eta arazo askoren artean, egin egin dira bozak.

Sudango Hauteskunde Batzordeak atzo jakinarazi zituen emaitzak, presidentearen garaipena iragarriz. Omar al Bashirren NCP Kongresu Nazionaleko Alderdiak botoen %68,24 eskuratu zituela zehaztu zuen Abil Alierrek. Hauteskunde Batzordeko buruaren hitzetan, bigarren lekuan bozetatik erretiratu zen hautagai bat gelditu zen. Jasser Arman musulman laiko da, eta SPLM Sudan Askatzeko Herri Mugimendua oposizioko indar politikoak babestu zuen. Lortutako boto kopuruen arabera, ondotik lerro-lerro sailkatu dira PCP Herri Kongresuaren Alderdiko Abdala Dang Nial, DUP Batasunaren Alderdi Demokratikoko Hatim al Sirr eta Umma alderdiko Sadek al Mahdi. Azken horrek jakinarazia zuen, alta, presidentetzarako boz horietatik erretiratzen zela, demokratikoak ez direla izan salatzearren.

Presidentetzarako, Legebiltzarrerako eta eskualdeetarakohauteskundeak aurrenekoak izan dira 1986. urteaz geroztik. 2005eko urtarrilean hitzartu zen bake itunaren ondorio izan dira, hain zuzen ere, bozak. Khartumeko gobernuaren eta SPLM hegoaldeko gerrillaren arteko 21 urteko gatazka odoltsuari eman zion amaiera akordio hark. Musulmanak gehiengoan diren iparraldearen eta animistak eta kristauak nagusi diren hegoaldearen arteko gerra zibilak bi milioitik gora lagunen heriotza eta lau milioi herritarren ihesa eragin du.

Kiir garaile hegoaldean

Bake itunaren haritik, herrialde autonomo bat eratu zen hegoaldean. Sudan federaleko presidentea aukeratzearekin batera,hortaz, hegoaldeko herrialde autonomoko presidentea ere hautatu dute egunotan, eta jada kargu horretan zegoena berretsi dute bozetan. Salva Kiir SPLMko buruzagi ohiak jarraituko du izaten, beraz, Hego Sudan autonomoko presidente. Horrek, emaitza ofizialen arabera, botoen %92,9 bereganatu ditu. Oso boz gutxi jaso ditu, beraz, haren kontra lehiatzen zen Lam Akolek. Hori ere SPLM gerrillako buruzagitzan egona da, baina, bake akordioaren ostean, Sudango Atzerri ministro kargurako izendatu zuten, jardun horretan bi urtez izan zelarik. Hego Sudango herritar batzuen ustez, Lam Akol Khartumeko gobernuaren zerbitzari hutsa bilakatu da. Horrek, baina, gezurtatu egin ditu akusaziook.

2005eko hitzarmenaren arabera, beti ere, Hego Sudango herritarrek burujabetza eskuratu nahi duten ala ez trenkatzeko erreferenduma egin behar da, 2011ko urtarrilean. Bozketa hori egin egingo dela ziurtatu du Omar al Bashirrek, garaipena iragarri eta ondoren egindako lehen adierazpenetan. «Hego Sudanen erreferenduma hitzartutako unean egingo dela berresten dut: Darfurren, aldiz, bakea lortzeko eta sendotzeko ahaleginei tematsu eutsiko diegu».

Sudango mendebaldean kokatua den eskualde horretan, gatazka gogor batek dirau azken zazpi urteotan. Khartumeko indar armatuen zein horien aliatu janjauid milizia arabiarren erasoen eta horien eta talde gerrillarien arteko borroketan honezkero 300.000 herritar inguru hil direla jakinaraz du Nazio Batuen Erakundeak. Darfurko 2,7 milioi lagun inguruk, berriz, indarkeriaren ondorioz euren etxeetatik ihes egin behar izan dutela zehaztu dute giza laguntzarako gobernuz kanpoko erakundeek; Txaden errefuxiatu dira asko.

Nazioarteko Zigor Auzitegiak iazko martxoaren 4an auzipetu zuen Al Bashir, Darfurren gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egin izana leporatuta. Bozen bidez hautatua izan arren presidenteak zigorgabetasunik ezin izango duela izan ohartarazi du Europako Batasunak. Nazioarteko krimen larrienen kasuan zigorgabetasuna onartezina dela ohartarazi dute diplomaziaburuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.