Al-Assad erori ondorengo enigmak

Matxinoek Damasko hartu eta Al-Assaden erregimena erorarazi ondoren, baliteke nazioarteak iritzia aldatzea HTS muturreko koalizio islamistaren inguruan. Ikusteko dago zer harreman izango duen Ekialde Hurbileko beste herrialdeekin.

Siriak Londresen duen enbaxada, matxinoek darabilten bandera atean duela. ANDY RAIN / EFE
Siriak Londresen duen enbaxada, matxinoek darabilten bandera atean duela. ANDY RAIN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abenduaren 9a
16:23
Entzun

HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak atzo hartu zuen Damasko, eta, hala, Baxar al-Assad Siriako presidentea kargutik kendu, eta amaiera eman dio 54 urte iraun duen erregimenari. Erregimen hori erori izanak are gehiago katramilatu du Ekialde Hurbileko egoera. Nazioartea mugitzen hasi da, eta, azken adierazpenei erreparatuz gero, susmoak daude ez ote den zilegitasuna ematen ari orain arte zerrenda beltzean zituen taldeei.

Nola jarduten ari dira Al-Assaden aliatuak?

2011n erregimenaren aurkako mobilizazioak hasi eta Siria gerra zibil batean murgildu zenetik, bi izan dira Al-Assaden aliatu nagusiak: Errusia eta Iran. Moskuk babesa eman die Siriako presidenteari eta haren familiari, eta «gertakari lazgarri» gisa definitu du matxinoek azken egunetan Alepo eta Damasko hartu izana. Errusiak, baina, interes militar eta estrategikoak ditu Sirian: aireko base bat eta itsasontzientzako bat ditu Siriako kostaldean. Base horiei esker, Mediterraneorako sarbidea du Moskuk. Horiek gabe, baliteke Moskuk nazioartean duen garrantzia apaltzea. Hori dela eta, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur adierazi du oraindik «goizegi» dela esateko base horiekin zer gertatuko den. Aipatzekoa da matxinoek darabilten hiru izarreko bandera jarri dutela Siriak Moskun duen enbaxadan, eta Londresen duen enbaxadan ere bai.

Irani dagokionez, Teheranek baieztatu du harremanetan jarri dela Siriako presidentea bota duten matxinoekin. Al-Assad gabe, geroz eta aliatu gutxiago geratzen zaizkio Irani eskualdean; are gehiago kontuan izanda bere babespeko miliziak —Hamas eta Hezbollah, batez ere— Israelen aurkako erasoaldietan murgilduta daudela. Bide beretik, Hamasek Siriako matxinoak zoriondu ditu ohar baten bidez, «askatasuna» lortzeagatik.

Zer gertatuko da aurrerantzean Israelen eta Siriaren artean?

HTSko buruzagi Abu Mohammad al-Golaniren familiak Golango gainetatik ihes egin behar izan zuen Israelek lur horiek okupatu (1967) eta bereganatu ostean (1981). Hori dela eta, ikusi beharko da gobernu berriak zer jarrera izango duen Israelekin; hau da, Al-Assadek legez Tel Aviven aurka egingo ote duen, edo harremanak estutuko dituen, Mendebaldearen oniritzia lortu ahal izateko. Israel, hala ere, hasia da mugimenduak egiten. Israelgo armadak hainbat eraso egin ditu gaur Siriako «arma sistema estrategikoen» aurka. Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek Jerusalemen egin duen agerraldian jakinarazi duenez, «Israelgo herritarrak babestuta egotea ziurtatzeko» egin dituzte eraso horiek. Gainera, militarren presentzia areagotu egin dute Golango gainetan.

Zer ondorio izan ditzake Turkiarentzat?

Siriako gerra zibilak hainbat ondorio izan ditu Turkian: horietan nabarmenetako bat da hiru milioi errefuxiatu inguru heldu izana azken hamar urteetan, gerratik ihesi. Behin Al-Assad kargutik botata, Ankarak iritzi dio errefuxiatu horiek sorterrira itzul daitezkeela. Horrez gain, Turkiaren babespean dagoen SNA Siriako Armada Nazionala gehienbat kurduen milizien kontra ari da borrokan. Hortaz, SNA gobernura heltzeak beste onura bat ere izan dezake estatu horren interesentzat: izan ere, Siriaren menpeko Kurdistanen de facto agintean den SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioak kontrolpean du Siria ekialdea, eta horrek Turkiaren menpeko Kurdistanen duen eraginaren beldur da Ankara. Hortaz, espero du SNAren bidez SDFren boterea murriztea.

Zer jarrera du Mendebaldeak HTSrekin?

HTS da Al-Assaden erregimena erorarazi duten matxinoen artean pisu handiena duena. Al-Qaeda talde islamikotik eratorritako indarra izanik, nazioarteak —batez ere Mendebaldeak— neurriak hartu izan ditu haren aurka. Herrialde askok «talde terroristen» zerrendetan zuten HTS. Damaskora heldu eta gobernu berriaren kontrola izango duela dirudien honetan, ordea, ematen du taldeari buruzko iritziak aldatzen ari direla. Erresuma Batuak, esaterako, ez du baztertu Sirian ezarriko duten gobernu berriarekin harremanak izateko aukera. Pat McFadden Erresuma Batuko Gobernuarteko Harremanetako ministroak esan du aukera dagoela «debekatutako taldeen» zerrendatik kentzeko. Sky News telebista katean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, taldeak «hemendik aurrera izango duen jarreraren arabera» hartuko dute erabakia.

Beraz, Al-Assad boteretik aldendu dutenez gero, badirudi Mendebaldea prest dagoela HTSkoek orain arte izandako jarrera ahazteko eta taldeari aukera bat emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.