Al-Assadek esan du ez zuela aurreikusia Siriatik alde egitea

Moskun sinatutako ohar batean argudiatu duenez, matxinoek boterea hartu eta gero «helbururik gabe» geratu da haren kargua.

Baxar al-Assad, Moskun, iazko martxoan. VLADIMIR GERDO / SPUTNIK / EFE
Baxar al-Assad, Moskun, iazko martxoan. VLADIMIR GERDO / SPUTNIK / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abenduaren 16a
16:19
Entzun

Matxinoek Damasko hartu eta Siriatik familiarekin alde egin zuenetik zortzi egun bete diren honetan, Baxar al-Assad herrialde presidente izandakoak lehen adierazpenak egin ditu. Kargutik kendu zuten matxinoak «terrorista» batzuk direla adierazi du ohar batean, eta herrialdea zergatik utzi duen kontatu du. Adierazi duenez, Siria talde horien esku egonda bere karguak ez du zentzurik: «Estatua terrorismoaren eskuetan erortzen denean, eta ekarpen esanguratsu bat egiteko gaitasuna galtzen denean, edozein kargu helbururik gabe geratzen da».

Siriako presidentetzaren Telegram kanalean argitaratu du Al-Assadek oharra. Hartan,nabarmendu du bere ihesaldia ez zela «aurreikusitako mugimendu bat izan», eta «azken momentura arte» matxinoen aurkako operazioak «ikuskatzen» ibili zela adierazi du. Izan ere, hainbat hedabide eta Al-Assaden aurkako eragilek esan izan dute abenduaren 7an egin zuela ihes Al-Assadek; hau da, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea buru duten matxino taldeek Damasko inguratu zutenean. Informazio horiek gezurtatu ditu Al-Assadek, eta adierazi inork ez ziola horrelako proposamenik egin.

Are gehiago, bere gobernuaren eta estatuaren «kolapsoraino terroristen aurka borrokan» aritu zela azpimarratu du oharrean. Al-Assadek Moskutik baieztatu duenez, matxinoek «azken kokapen militarrak» bereganatu zituzten abenduaren 8an, eta, horrela, indarrean geratzen ziren estatuaren erakundeak «paralisian» geratu ziren.

Erakunde horiek ez zuten herrialde osoan eragiten; izan ere, 2011ko protesten ostean hasitako guda zibilaren ondorioz, Siria hainbat talderen menpe gelditu zen zatiturik. Gaur egun, HTSk ezarritako trantsizio gobernua indar gehienek onartzen dute, kurduak barne.

Al-Assadek esan du Siriaren eta herritarren menpe dagoela, eta adierazi du herrialdearen nahia berriz «askea eta independentea» izatea dela. «Siriako herritarren nahian oinarritutako proiektu nazional baten zaindaritzat eduki dut neure burua beti, eta ezerk ez du hori aldatuko», gaineratu du.

Al-Assadek HTSk ezarritako trantsizio gobernuaren aurka egiten duen bitartean, nazioartea harremanak estutzen ari da harekin. NBE Nazio Batuen Erakundeko Siriarako ordezkari berezi Geir Pedersen Siriako lehen ministro berri Mohammed al-Baxirrekin bildu da gaur. Siriako herritarrek gidatutako «trantsizio politiko sinesgarri eta inklusibo bat» ziurtatzeko eskatu dio Pedersenek behin-behineko gobernuburuari.

«Siria berria»

Behin Baxar al-Assad Siriako presidentea erorarazita, agintariaren aurka agertutako taldeak herrialdea antolatzen hasi dira. HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea taldeak trantsizio gobernu bat osatu du Mohammed al-Baxir lehen ministro izendatuz, adibidez. Gobernu hori zatitutako Siria kontrolatzen duten talde gehienek onartu dute, Siriaren menpeko Kurdistanek barne. Horiek, gainera, parte hartu nahi dute trantsizio gobernu horretan oinarritutako herrialdearen eraikuntzan, eta gaur Siria Berria izeneko proiektua aurkeztu dute, Raqqan (Siria).

Siriaren menpeko Kurdistan Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoaren parte da: arabiarrak eta kurduak bere gain hartzen dituen eskualdea. Hango agintariek adierazi dutenez, herrialdea «aro berri batean» murgildu da, eta, horri «era arrakastatsu batean» aurre egiteko, «nahitaezkoa» izango da talde guztien arteko elkarlana.

Kurduen iritziz, Al-Assaden osteko Siriaren helburu nagusia da «talde eta kide guztien eskubideak bermatzea oinarri demokratikoen bidez». Gauzak horrela, trantsizio gobernuak jarraitu beharreko hamar pausoko gida lerroa osatu dute. Hala ere, aurreneko puntuak trabak ekarri ditzake beste taldeekin. «Siriako lurraldearen batasuna eta subiranotasuna zaindu, eta Turkiaren eta bere mertzenarioen erasoetatik babestu», dio aurreneko puntuak. Kurduek salatzen dute Turkiaren esanetara dagoela HTSrekin batera Damasko eta beste zenbait hiri hartzen aritu diren taldeetako bat: SNA Siriako Armada Nazionala.

Sirian dauden talde etniko eta erlijiosoen arteko errespetua eta babesa sustatzea azpimarratu dute hainbat puntutan. Hirugarren pausoan, esaterako, dei egin dute «tolerantziazko jarrera bat hartzeko eta gorroto diskurtsotik aldentzeko». Bestetik, seigarren puntuan, Siriako herrien «ondare kulturala» babesteko eta lekualdaketa politikak amaitzeko eskatu dute.

Bosgarren puntuak, berriz, emakumeen rola indartzea galdegiten du: «Prozesu politikoetan emakumeek parte hartze eraginkorra izatea bermatu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.