Al-Assad gabe, itzaletik argitara ateratzeko prest da Turkia

Matxinoek gobernua erorarazi ondoren, Siria berriro eraikitzeko prozesu betean dago. Turkia funtsezko rola izaten ari da prozesu horretan, hegoaldeko bizilagunaren egoera politikoak ondorio zuzenak izan baititzake bere kontrolpeko lurraldeetan.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan, eta haren atzean Siriako behin-behineko lehen ministro Ahmed al-Xaraa, Ankaran, otsail hasieran. NECATI SAVAS / EFE
Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan, eta haren atzean Siriako behin-behineko lehen ministro Ahmed al-Xaraa, Ankaran, otsail hasieran. NECATI SAVAS / EFE
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Hamar egunean bukatu zen Baxar al-Assad Siriako presidentea kargutik kentzeko hamahiru urteko gerra. Iazko azaroaren 27an abiatutako eta abenduaren 8an bukatutako ofentsibak amaiera eman zion Sirian 54 urtez agindu duen Al-Assad dinastiari, eta Siria berriro eraikitzeko bidea ireki zuen. Horretan ari da orain behin-behineko gobernua, eta lehen ministroa ere izendatu du: Ahmed al-Xaara, ofentsibaren gidari HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistako burua. Dena den, herrialdetik kanpo ere eragina izan dezake Siriako gobernu aldaketak, eta horretaz jakitun dira haren bizilagunak, hala nola Turkia, zeinak esku hartze nabarmena izan duen gatazkan. Botere aldaketak Ankararentzat zer ondorio izan ditzakeen galdetuta, argi erantzun du nazioarteko harremanetan aditua den Omer Ozkizilcikek, telefonoz: «Zalantzarik gabe, Turkia izan da garaile handienetako bat [Al-Assaden] agintaldia amaitu den honetan».

Udaberri Arabiarraren testuinguruan, 2011ko udaberrian, sortu ziren Al-Assaden agintaldiaren aurkako aurreneko mobilizazio jendetsuak. Gobernuak manifestarien aurka egin zuen, eta gertakari horien ondoren hasi zen gerra zibila; Turkiak Siriako Gobernuaren aurka matxinatutako hainbat talde armatu babestu zituen. Ankarak Siriako gatazkan izan duen esku hartzearen beste erakusle bat zera da, berak adostu zuela Errusiarekin, 2020an, Siria ipar-mendebaldeko Idlib eskualderako su etena, zeina HTS koalizioaren agindupean geratu baitzen. Horiek hala, auzitan jarri izan da Turkiak ez ote zuen antolatu HTSk iazko azaroaren 27an abiatutako ofentsiba.

«Zalantzarik gabe, Turkia izan da garaile handienetako bat [Al-Assaden] agintaldia amaitu den honetan»

OMER OZKIZILCIKGeopolitikan aditua

Ozkizilciken ustez, «ondo» ulertu behar da Turkiak erasoaldi horretan izan zuen rola: «Turkiak oniritzia eman zion, baina operazioa Siriako matxino errebeldeek ondu eta abiatu zuten». Iritzi berekoa da Ilhan Uzgel, nazioarteko harremanetan aditua, Ankarako Unibertsitateko irakaslea eta Turkiako Gobernuaren oposizioko CHP Herrien Alderdi Errepublikanoa alderdiko kidea. «Ez dago Turkiak operazio hori antolatu zuela dioen komunikatu edo ebidentzia ofizialik, hortaz, ezin da ziurtzat jo. Dena den, herrialdeak HTSrekin izan dituen harremanei erreparatuta, agerikoa da zerbait bazekiela erasoaldiaren inguruan», azaldu du telefonoz egindako elkarrizketan. 

Etorkizuneko Siriako Gobernuarekin konfiantzan oinarritutako harreman estrategikoak eraikitzea litzateke Turkiaren aurrera begirako asmoa, Ozkizilcikek esan duenez. Baina, horretarako, beste lan bat du aurretik: «Ankarak Damaskori lagundu nahi dio oinarrizko azpiegitura sendoak eraikitzen, horrela bakarrik izango da posible herrialdearen gainbehera ekiditea eta nazioartearen babesa lortzea». Adituak uste du nazioarteko beste herrialdeek eta erakundeek ere lagundu behar luketela Siria berriro eraikitzeko lanetan. Hori bai, haren arabera, Turkiak izango du azken hitza hainbat aferaren inguruan; «armada berri bat entrenatzea» edo «auzi geopolitikoak» izango lirateke horietako batzuk. 

«Siria herrialde egonkor bat denean, orduan posible izango da Ankarak eta Damaskok harreman estuagoak izatea»

ILHAN UZGELUnibertsitateko irakaslea eta oposizioko kidea

Ankarak hamahiru urtez babestu ditu Al-Assaden agintaldiaren aurka altxatutako matxinoak, baina bada Al-Assad presidentea babestu duenik ere: Iran eta Errusia izan dira haren aliaturik handienak. Ozkizilcikek esandakoa aintzat hartuta, Iran eta Errusia lirateke «galtzaileak»; halere, biek ez dute harreman bera Turkiarekin. «Iran lur jota dago, Turkiak suntsitu egin baititu Ekialde Hurbilerako zituen plan geopolitikoak; hortaz, baliteke mendekua hartu nahi izatea». Errusiaren kasua, berriz, bestelakoa dela iritzi dio: «Errusiak eta Turkiak gutxitan izan dute jarrera bera nazioarteko gatazketan; halere, alor gehienetan mantendu egin dute bien arteko kooperazioa, eta litekeena da hori horrela izaten jarraitzea». Ekialde Hurbilari dagokionez, Ozkizilcikek azaldu du Ankarak orain aukera gehiago dituela herrialde arabiarrekin harremanak estutzeko, argudiatuta orain arte Al-Assad izan dela horretarako oztopo nagusia.

Kontrara, Uzgelek kritikatu egin du Turkiaren garaipen geopolitiko posibleei erreparatzen aritzea, noiz eta oraindik Siria «oso ezegonkor» dagoen. «Siria herrialde egonkor bat denean, gutxiengoak errespetatzen dituen eta prozesu demokratikoei jarraitzen dien herrialde bat, orduan posible izango da Ankarak eta Damaskok harreman diplomatiko, militar, ekonomiko eta politiko estuagoak izatea», gaineratu du. Aitortu du, ordea, Sirian gertatzen den orok eragin handia duela Turkian: «Azken finean, bi herrialdeek 900 kilometroko muga bat partekatzen dute, eta ia 4 milioi errefuxiatu siriar bizi dira hemen [Turkian]».

Kurduen afera

HTS koalizioaren erasoaldiak hamar egun iraun zuen, baina herrialdeko hainbat eremutan borrokan ari dira oraindik; batez ere, Siria ipar-ekialdean. Turkiaren babespean dagoen SNA Siriako Armada Nazionala ari da gehienbat hor borrokan, beste matxino talde batzuekin batera, milizia kurduek eta arabiarrek osatzen duten SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioaren aurka. Eremu horretan, Siriaren menpeko Kurdistanen, SDF dago agintean de facto, eta Ankara beldur da zer eragin izan ote dezakeen horrek Turkiaren menpeko Kurdistanen.

Uzgelek argi utzi nahi izan du bera ez dela Turkiako Gobernuaren izenean hitz egiten ari, baina adierazi du Turkiaren interesekoa dela SNA etorkizuneko Siriako Gobernuaren «parte handi bat» izatea; are, iritzi dio Turkiak nahiko lukeela SDF deuseztatzea eta SNAk horko miliziak barne hartzea. SDFko buru Mazlum Abdik atzo egindako prentsaurreko batean jakinarazi zuenez, ordea, kurduek eta arabiarrek osatutako miliziak ez du Siriako hurrengo gobernua eratzeko asanblean parte hartzeko gonbitarik jaso; hortaz, erabaki dute eurak bere asanblea propioa eratzea kontrolatzen dituzten eremuetan, etorkizuneko Siriara nola integratu adosteko.

Ozkizilciken arabera, bestelakoa da Ankarak jokatu nahi duen partida: «Turkiak, nahiko balu, egun gutxian garaitu ahalko luke YPG Herriaren Babes Unitateak [miliziano kurduen adar nagusia], baina orain beste aukera bat ikusi du. Aukera hori litzateke YPGk armak uztea eta Siriako alderdi politiko bat bilakatzea». Ez du irudi, epe laburrean behintzat, hori gertatuko denik. Ipar Kurdistanen, Turkia hegoaldean, jarduten duen PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren lider eta sortzaile Abdullah Ocalanek armak uzteko eta taldea desegiteko eskatu zien, atzo, PKK-ko kideei; 40 urteko ibilbidearen ondoren. SDFko buruak «positibotzat» jo zuen Ocalanen erabakia, baina argi utzi zuen PKKri soilik zegokiola eskaera hori, eta ez SDFri: «Ez dauka zerikusirik gurekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.