Ados jartzeko agertoki egokirik gabe iritsi da COP29 biltzarra azken negoziazioetara

Klima finantzaketari buruzko elkarrizketak bihurtu dira ardatz Azerbaijanen egiten ari den goi bileran. Estatuen jarrerak urrun daude oraindik, eta pausoak emateko eskeak ugaritzen ari dira. Elkarrizketak ostiralean dira amaitzekoak.

COP29ko presidente Mukhtar Babaief (erdian) eta UNFCCC Klima Aldaketari Buruzko NBEren Esparru Konbentzioko idazkari nagusi Simon Stiell (eskuinean), herenegun, Bakun, prentsaurreko batean
COP29ko presidente Mukhtar Babaief (erdian) eta UNFCCC Klima Aldaketari Buruzko NBEren Esparru Konbentzioko idazkari nagusi Simon Stiell (eskuinean), herenegun, Bakun, prentsaurreko batean. IGOR KOVALENKO / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko azaroaren 20a
12:58
Entzun

Negoziazioak aldi erabakigarrian sartu dira COP29 klima larrialdiari buruzko goi bileran. Hasi da atzerako kontua, jarrerak hurbiltzeko eta adostasunak josteko ordua da, eta horretan ari dira buru-belarri ia berrehun estaturen gobernu ordezkariak. Hiru egun luze dituzte aurrean pausoak emateko. Edo ordu batzuk gehiago baldin eta, azken urteetan bezala, negoziazioak luzatu eta asteburuan ere egiten badira. Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko helburua lortzeko modukoa izan dadin, negoziatzaile taldeek bidea urratu beharko dute, orain arte ez baita lortu akordio bat egiteko agertoki egokirik. Eta etsipenak giroa blaitu ez dezan, ados jartzeko pausoak eman behar direla ohartarazi dute biltzarrean parte hartzen ari diren herrialdeek eta bestelako eragileek.

Negoziazio mahaian, klima finantzaketarena da askatu beharreko korapilo nagusia. Zenbat baliabide jarriko den klima larrialdiari aurre egiteko, nork ordainduko duen, eta zer baliabidek beteko dituzten funts horiek. Jarrerak urrun daude oraindik arlo horretan. Baina badira beste eztabaidagai batzuk ere Bakun, Azerbaijango hiriburuan, egiten ari den bilkuran: erregai fosilak alboratzea, karbono merkatuak arautzea eta estatuek aurkeztu beharreko klima plangintzaren anbizioa, besteak beste.

Finantzaketa

Zalantzarik gabe, diru kontuak dira aurtengo COP honetako gai nagusia. Finantzaketan urratsak egitea ezinbestekoa da Hegoalde Globaleko herrialdeek neurriak har ditzaten klima krisiari aurre egiteko. Estatuek datozen bost urteetarako finantzaketa helburuak zehaztu behar dituzte Azerbaijanen, eta herrialdeen arteko desadostasunak sakonak dira.

Elkarrizketak are zailago bihurtzen ditu konfiantza falta izateak. Gogoratu behar da estatu garatuek ez zutela bete 2020. urterako hartu zuten finantzaketa konpromisoa. Urtean 100.000 milioi dolar —95.000 milioi euro— eman behar zizkieten urte horretarako garabidean dauden estatuei, baina ez dira kopuru horretara iritsi 2023. urtera arte. Negoziazioetan ez da aurrerapauso handirik izan oraingoz, eta kezka handitzen ari da, akordiorik ez lortzeko arriskua ikusita.

Orain finantzaketarako zehaztu beharko luketen gutxieneko diru kopuruari dagokionez, urteko 6,15 bilioi euro jarri beharko lirateke munduan 2030. urterako, NBE Nazio Batuen Erakundearen Klima Finantzen Goi Taldeak joan den astean aurkeztu zuen txostenaren arabera. Horietatik bilioi bat herrialde garatuek jarri beharko lituzkete, garabidean dauden estatuetarako —Txina aintzat hartu gabe—. Kopurua munduko ekonomia osoaren %1en parekoa da, gutxi gorabehera.

Garabidean dauden 130 herrialderen koalizio batek 1,23 bilioi euroren klima finantzaketa eskatu du urteko, 2030. urtera arte, eta ohartarazi du klima larrialdiari aurre egiteko funtsek ez dutela herrialde aberatsentzako inbertsio funts bat izan behar, garabidean dauden herrialdeentzako laguntza baizik. Kutsatzen duenak ordaindu behar duela dioen printzipioa defendatu dute. Ez baita hala izan orain arte. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen datuen arabera, 2016. urtetik klima aldaketari aurre egiteko neurrietarako emandako finantzaketaren %70 mailegu bidezkoa izan da. NBE Nazio Batuen Erakundearen datuek erakusten dutenez, mailegu horien bostena gutxienez merkatuen araberako interesekin eman ziren.

DATUa

6,15

Munduan zenbat diru inbertitu beharko litzatekeen klima larrialdiari aurre egiteko. Inbertsioa 6,15 bilioi eurokoa litzateke urteko, 2030. urtera arte, NBE Nazio Batuen Erakundearen Klima Finantzen Goi taldearen arabera. Kopuru horretatik, bilioi bat euro inguru jarri beharko lituzkete herrialde garatuenek garabidean dauden estatuetarako. Kopuru hori munduko ekonomia osoaren %1en parekoa da.

Herrialde aberatsenak ez datoz bat eskariarekin. Uste dute diru kopuru handiak biltzeko nahitaezkoa dela diru publikoaz bestelako baliabideak aurkitzea. Ezinbestekotzat jotzen dute sektore pribatuaren «inbertsio emari globalak» mobilizatzea, eta gobernuak diru hornitzaile bakarrak ez izatea.

Herrialde garatuenek jendaurrean diru kopururik aipatu ez badute ere, pribatuan proposatu dute 200.000 milioi euro inguruko diru laguntza zuzenak ezartzea. Garabidean dauden herrialdeen koalizioaren izenean, Diego Pacheco Boliviako negoziatzaileak gaurko osoko bilkuran adierazi zuen proposamena onartezina dela.

Bestalde, estaturik garatuenak presio egiten ari dira dirua ematen duten herrialdeen zerrenda luzatzeko. Parisko Itunaren arabera, herrialde garatuenak behartuta dauden garabidean dauden herrialdeei diru laguntzak ematera, baina estaturik aberatsenek uste dute badirela beste estatu batzuk diru emaileen artean egon beharko luketenak jasotzaileen artean egon beharrean, kontuan hartuta zenbateko aberastasuna duten eta zenbat kutsatzen duten. Hautagaitzat dauzkate Saudi Arabia eta beste petroestatu batzuk, India, eta, nagusiki, Txina. Orain arteko joko arauak aldatzea litzateke hori, eta negoziazioetan aurrera egiteko oztopo handienetako bat bihurtu da. Pechecok gaur ohartarazi zuen garabidean dauden estatuentzat «marra gorri bat» dela hori.

Herrialde aberatsenei klima finantzaketarako baliabideak eskatzeko protesta bat, aste honetan, Bakuko COP29an. ANATOLY MALTSEV / EFE
Herrialderik aberatsenei klima finantzaketarako baliabideak eskatzeko protesta bat, aste honetan, Bakuko COP29 bileran. ANATOLY MALTSEV / EFE

Erregai fosilak

Ikusteko dago COP28an erregai fosilen gainean adostutako konpromisoak zer segida izango duen. Zeresan handia eman zuen iaz Arabiar Emirerri Batuetan egin zen biltzarrean hitzartu zenak: erregai fosilak alboratzeko trantsizio bat hastea. Orain, erronka zera da, oinarri hori konpromiso zehatzagoetan islatzea. Alde agertu dira herrialderik garatuenak, uhartedi estatu txikiak, LDS Gutxien Garatutako Herrialdeen koalizioa eta Latinoamerikako estatu batzuk. Saudi Arabia eta beste petroestatu batzuk elkarrizketak oztopatzen aritu dira COParen lehen astean, baina biltzarreko presidentetzak erabaki du aldeen arteko elkarrizketak sustatzea erregai fosilen gainean. Hainbat elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde eskatzen ari dira, besteak beste, har dezatela ikatz lantegi gehiago ez eraikitzeko konpromisoa eta indargabetu ditzatela erregai fosilentzako diru laguntzak.

Karbono isuriak murrizteko, metano emisioak gutxitzeko, deforestazioa geldiarazteko eta energia berriztagarriei bultzada emateko elkarrizketak ere martxan daude, eta ikusi beharko da zer adosten duten arlo horietan ere.

Estatu plangintzak

Parisko Ituna sinatu zuten estatuek klima larrialdiari aurre egiteko plangintza eguneratuak aurkeztu beharko dituzte 2025eko udaberrirako. Plangintza horiek anbizio handiagoa erakutsi behar dute, COP28an onartu zen Munduko Balantzeari jarraikiz, Lurra mende amaieran 1,5 gradutik gora berotu ez dadin, industriaurreko tenperaturarekin alderatuta —egungo neurriekin, 2,7 gradu berotzeko bidean da, Climate Action Tracker elkartearen arabera—. Oraingoz, Erresuma Batuak, Arabiar Emirerri Batuek eta Brasilek aurkeztu dituzte plan gaurkotuak.

Arlo horri dagokionez, COPa amaitu ondorengo hilabeteetan espero dira aurrerapauso gehienak, garabidean diren estatuen anbizioa asko baldintzatuko baitu finantzaketaren arloan lortzen den emaitzak. Berotegi gasen isuriak murrizteko hartuko diren konpromisoek ere erakutsiko dute plangintza horietan noraino heltzeko anbizioa duten estatuek.

Karbono merkatua

Iazko COP28an bezala, akordio baten berri emanez hasi zen COP29 goi bilera, hilaren 11n. NBE Nazio Batuen Erakundearen menpeko karbono merkatu bat arautzeko oinarriak adostu dituzte aldeek, eta bada aurrerapen bat Parisko Akordioaren 6. artikulu gatazkatsuari begira.

Karbono merkatua erabili ohi da berotegi gasen emisioak konpentsatzeko, besteak beste, zuhaitzak landatzeko proiektuen finantzaketaren bidez. Orain arte, kritika ugari jaso ditu gardentasun eta kontrol faltagatik, eta, gainera, borondatezko proiektuetan oinarritu da, nahiz eta Parisko Itunak jasotzen duen NBEren menpeko merkatu bat eratzea. Akordioaren bitartez, zoru bat ezarri da merkatu globala arautzen hasteko. Halaber, karbono kredituak lortu asmo dituzten proiektuek zer baldintza bete beharko dituzten zehazteko irizpideak adostu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.