Kataluniako hauteskundeak

Akordioak egiteko baldintzak mahai gainean jarri ditu CUPek

Amnistia, autodeterminazio loteslea, trantsizio ekologikoa eta erreskate sozialerako ekintza plana dira koalizioaren eskariak. Kataluniarekin erreferendum bat adostearen aurka egin du PSOEk

CUPeko zerrendaburu Dolors Sabater, atzo arratsaldean, Bartzelonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Junts per Catalunyak (JxC) eta En Comu-Podemekoek (ECP) ez bezala, CUPek ez du balizko koalizio bat osatzeko oztoporik jarri, baina baldintzak jarri dizkio bere babesari. Dolors Sabater zerrendaburuak atzo azaldu zuenez, euren aldeko botoaren truke gobernu berriak lau eskari betetzeko konpromisoa hartu beharko du: buruzagi espetxeratuentzako amnistia lortzea eta errepresioa amaitzea; autodeterminazio eskubidea egikaritzea; erreskate sozialerako ekintza plan bat aurkeztea; eta trantsizio ekologikorako bide orri bat adostea. «Ez gaitu askorik kezkatzen nork egingo duen, zertarako eta nola egingo duen baizik. Hori da gakoa», nabarmendu zuen Sabaterrek.

ERC Esquerra Republicana de Catalunyak botoetan irabazi ez arren, lehen postuan geratu den Kataluniako Alderdi Sozialistaren ordezkari kopuru bera lortu zituen igandean, eta dagoeneko hasia da gainontzeko alderdiekin hitz egiten inbestidurarako babesak lortzeko asmoz. CUPek berak jakinarazi zuenez, ERCk bilera bat egiteko deitu zion atzo, baina eguna eta ordua zehaztu gabe. Aldi berean, ezkerreko koalizioak argi utzi zuen «inolaz ere» ez duela babestuko Salvador Illa buruzagi sozialistaren hautagaitza. «Gure lehentasuna da legealdiaren norabidea baldintzatzea, eta helburu horrekin egingo dugu lan», iragarri zuen Sabaterrek. Ezkerreko koalizioak bederatzi ordezkari eskuratu zituen igandeko hauteskundeetan, eta giltzarri bilakatu da independentisten arteko gobernua osatzeko.

Gobernu koalizioa osatzeko elkarrizketak hasteko lanekin aurrera jarraitzen duen bitartean, ERCk adostutako erreferendum baterako eskaria aurkeztu du Espainiako Kongresuan. Ekinbidea atzo arratsaldean zuten eztabaidatzekoa, baina horren aurretik sozialistek iragarri zuten aurka bozkatuko zutela, argudiatuz Kataluniako krisirako irtenbidea «negoziazio mahaian» bilatu behar dela. «Ez gara autodeterminazio erreferendum baten aldekoak. Uste dut honek ez duela inor harrituko», azaldu zuen Adriana Lastra eledunak. Aldiz, gobernuan sozialisten aliatu diren Unidas Podemosek abstentzioaren alde jo zuen, argudiatuta erreferendum bat adosteko prest leudekeen arren, gaia negoziazio mahaian eztabaidatu beharko litzatekeela Kongresuan aurkeztu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.