Akordioa lortu du Frantziako ezkerrak

Gobernu programa adostu dute, eta hautagaitza bateratuak aurkeztuko dituzte Frantziako Estatuko hautesbarruti guzietan.

Fronte Popularraren aldeko pankarta bat, Parisen. ANDRE PAIN/EFE
Fronte Popularraren aldeko pankarta bat, Parisen. ANDRE PAIN/EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko ekainaren 13a
21:12
Entzun

Txalo artean hartu dituzte Frantziako ezkerreko alderdietako ordezkariak Parisen, EELV Europa Ekologia - Berdeak alderdiaren egoitzatik atera direnean. Hainbat egunetako negoziazioen ondotik, akordio bat erdietsi dute. Hautagaitza bateratuak aurkeztuko dituzte heldu den ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan, eta gobernu programa bat adostu dute.

Agiri bateratua publikatu, aspaldi ikusi gabeko frente komun zabalena iragartzeko. Ezker muturretik zentro ezkerreraino batuko dira, «Frantziako historiaren orrialde berri bat» idazteko. «Gaurtik aitzina, Frantzia guzian, batasun hau zabaltzeari ekingo diogu, gure ideiekin bat egiten duten herritar, elkarte, sindikatu, alderdi politiko, eta eztabaida publikoan inplikatuak diren pertsona ezagunekin», adierazi dute.

«Frantziako gizartea» ordezkatzeko gaitasuna izanen duten hautagaiak izanen dituztela erran dute, eta, Frantziako Asanblean gehiengoa lortuta, Frantziako Gobernua hartzeko prest agertu dira. «Hausturan» oinarritzen den programa politiko bat osatu dute, agintaldiaren lehen ehun egunetarako neurriak zehaztu dituena. «Proposamen konkretu eta errealistak, frantziarren bizitza aldatu dadin, zinez».

Lortu duten akordioari esker, baieztatu dute Batasun Nazionala boterera iristea ez dela «halabehar» bat. «Altxa zaitezte, eta batu Fronte Popularrera. Esperantza bertan da».

Parisen akordioa lortuta, ikusteko dago horrek zer eragin izanen duen tokian-tokian. Ipar Euskal Herrian, EH Bai prest agertu zen Frantziako ezkerrak osatuko zuen batasun horretan parte hartzeko. Oraindik ez dakite nor izanen diren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituzten hiru hautesbarrutietako hautagaiak, baina aukera bat da horietako batzuk ezkerreko abertzaleak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.