Abdul Karim Omar. Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoaren Europarako ordezkaria

«Aitorpena eskatzen dizuegu euskaldunoi»

Omarrek azaldu du Siria «demokratiko eta deszentralizatu bat» nahi dutela, herrialde horretan bizi diren «herri guztiak errespetatzen dituena». Eta ohartarazpena egin du: konponbiderik lortu ezean, ez da egonkortasunik izango Ekialde Hurbilean.

KARLOS ZURUTUZA.
Gernika
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gernikan (Bizkaia), goizean goiz, elkartu da BERRIA 61 urteko farmazialariarekin. Pentsa liteke patxada nahiz irribarrea galtzen ez duten horietako bat dela; bere egungo ardurek, alabaina, erronka bilakatu diote biei eustea. Siria Ipar eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak Bruselan duen ordezkari nagusia izateaz gain, Abdul Karim Omarrek Atzerri ministro ardura ere hartu ohi du.

Bost eguneko bidaia trinko batean, Kataluniako, Madrilgo eta Euskal Herriko ordezkari politiko nahiz gizarte zibilarekin elkartu da; bilerotan, Siriako kurduak zertan diren beren jatorriko lurraldeetan (Rojavan) argitu du, bai eta Siria ipar-ekialdeko beste herriekin eraikitako administrazioan ere. Han gauzatu da, historian lehendabiziko aldiz, konfederalismo demokratikoa izeneko sistema. Apustu aurrerakoia bezain ausarta da, bai eta etsai asko esnarazi dituena. Horietaz hitz egin du BERRIArekin, bai eta sortu diren foko berriez. Iranen ere borroka sutsuari eutsi diote kurduek egun, eta Turkian. Ukrainan, ordea, nekez topatuko ditugu, baino hango gatazkak ere eragin zuzena du Siriako ipar-ekialde hartan.

Omarrek ez zuen Euskal Herritik alde egin nahi Gernika bisitatu gabe. «Gizakiok ez dugu ikasten», errepikatu zuen, bizpahirutan, inoiz errautsa izandako herrian.

Gatazka korapilatsua da zuena: fronte anitz eta aliatu urri...

Bost milioi lagun bizi dira administrazio autonomoan; Siriako%30 hartzen du. Siria barruko egoerak baldintzatzen du gurea, asko baitira herrialdean eskua hartu duten atzerriko aktoreak. Arazoa zera da, Siria nazioarteko auzi bilakatu dela, eta herrialdeko etorkizuna ez dago siriarren esku.

Iranek, Turkiak, eta Errusiak herrialdeko hainbat eskualde okupatu dituzte, eta guk AEBekin hitzarmen bat dugu Estatu Islamikoaren kontra borrokatzeko. Aldi berean, 200.000 errefuxiatu jaso ditugu Turkiak okupatutako eskualdeetatik... Ez da erraza.

Komunikaziorik ba al dago zuen eta Damaskoren artean?

Koordinazio militarra egon badago, beraiek ere presentzia baitaukate Siria ipar-ekialdean, baina ez dago elkarrizketa politikorik. Errusiaren bitartekaritzaren bidez hainbat bilera izan ditugu Damaskon, baina emaitzarik gabeak denak.

[Siriako presidente Baxar] Al-Assadek lehenagoko Siria berreskuratzearekin amets egiten jarraitzen du; iraganeko diktadura berrezarri nahiko luke Iranen eta Errusiaren laguntzaz, baina Siria ez da izango 2011 arte izan zena. Ez dugu inoiz mehatxupean jarri Siriaren lurraldetasuna. Siria demokratiko eta deszentralizatu bat nahi dugu, herrialdean bizi diren herri guztiak errespetatzen dituena.

AEBek ospa eginez gero, eskualdearen jabe bilaka liteke Al-Assad errusiarren laguntzaz?

Aukera izatekotan, saiatuko da. Guk gure borrokari eutsi genionean ez zegoen ez amerikarrik ez eta errusiarrik ere gure eskualdean. Washingtonekin abian jarri genuen elkarlana Estatu Islamikoaren kontra borrokatzeko izan zen, ez besterik.

Oraingoz, zuen sistemari eusten diozue administrazio autonomoan. Zer lortu duzue han?

Sistema administrazioko zazpi kantonamenduetan ezarri da dagoeneko. Bakoitzak bere gobernua du, bere parlamentua eta bere justizia sistema. Emakumeek %50ko presentzia dute erakundeetan, eta kolidergoa ezarri da aginte gorenetan. Sistema hau Siria osorako ere egokia litzatekeelakoan gaude. Herrialde demokratiko bat eraikitzen lagunduko luke.

Administrazio horrek, alabaina, hainbat giza eskubideren kontrako salaketak ere jaso ditu.

Egia da hainbat kasu izan direla, baina ezin dezakegu ahaztu gerra amaigabe batean murgilduta gaudela. Bost milioi biztanle dituen administrazioan mundu osoko zerbitzu sekretuek sartu dituzte eskuak. Askotan ez dakigu nor dagoen hainbat erasoren atzean... Agintean eskarmentua falta zaigu, boterean ez baikara inoiz egon eta akatsak egiten dira, jakina. AIk [Amnesty Internationalek] eta HRWk [Human Rights Watchek] beren kexak helarazten dituztenean, horiek ikertzeko konpromisoa hartzen dugu beti.

Edonola ere, ez dago arazo larriegirik: kurduek ez dituzte arabiarrak sarraskitzen gurean, ez eta alderantziz ere. Arazoak Turkiarekin kolaborazio estuan ari diren hainbat alderdirekin ditugu, Turkiaren okupazioan laguntzaile izan diren horiekin, hain zuzen. Horiek denak Turkiatik politikoki aldentzea nahi dugu.

Estatu Islamikoa aipatu duzu. Zertan dira jihadistak egun?

Berrantolatzen ari dira. Estatu Islamikoa garaitu arren, ideologiak bizirik dirau, eta oraindik zelula lotiez josita dago eskualdea. Horri aurre egiteko laguntza behar dugu.

Horixe eskatu diezue alderdiei bisita honetan?

Laguntza eta elkartasuna nagusiki. Espainiako Estatuari ezin diogu leporatu NATOn [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean] egotea, baina Turkiaren sarraskiei babesa ez ematea eskatu diogu. Kurduen kontrako [Turkiako presidente Recep Tayyip] Erdoganen genozidioa eteten laguntzea nahi dugu.

Kataluniako Parlamentuak administrazioa aitortu zuen iragan urrian. Antzeko keinua espero duzue euskal ganberatik?

Euskaldunoi ere aitorpena eskatzen dizuegu. Edota, gutxienez, gure arteko elkarlana. Ildo berean, Madrilek Europako Batasuneko presidentetza hartuko du datorren urtean. Gure eskualdeko gatazka konpontzen laguntzea eskatu diogu Espainiako Estatuari.

Genozidio hitza maiz aipatzen duzue.

Turkiak hiru eskualde kurdu okupatu ditu Sirian: Afrin, Serekanie eta Gire Spi. Demografia aldaketa bat eragitea du helburu. Afrinen, esaterako, kurduak %97 ziren; egun, alabaina, %20ra ez dira iristen. Erdoganek milioi eta erdi arabiar errefuxiatu eraman nahi ditu Turkiatik, bertan instalatu daitezen. Hori gutxi ez, eta nazioarteko laguntza eskatzen du hori egin ahal izateko...

Herri kurdua eta bere proiektu demokratikoa zapuztea izan da plana beti. Siriako kurduak ez ezik, gainontzeko guztiak ere ditu Ankarak begi-puntuan. Beldur dio Rojavako esperientzia Turkian nahiz Iraken zabaltzeari. Irakeko Kurdistanen, esaterako, egunero bonbardatzen du, arma kimikoak erabiliz askotan.

Erdoganek Siria iparraldea inbaditzearekin mehatxu egin zuen iragan udaberrian. Zerk eten zuen?

Ukrainako gerra aprobetxatu nahi zuen orduan Tell Rifaat eta Manbij eskualdeak inbaditzeko, baina errusiarrek eta estatubatuarrek ez zioten baimena eman oraingoan. Orain Al-Assadekin hitz egin nahi du Erdoganek. Turkia eta Siriako zerbitzu sekretuak hainbatetan elkartu dira berriki Damaskon, Teheranen eta Moskun. Herrialde hauek zera esan diote Ankarari, kurduen kontra borrokatu daitekeela Sirian, betiere Al-Asadekin adostekotan. Gure informazioaren arabera, sartzeko esparrua egungo bost kilometroetatik 42 kilometrora zabalduko litzateke.

Egingo al du?

Egia da ez dietela lurretik sartzeko baimena eman, bai, ordea, droneen bidez egunero bonbardatzeko. Hori oso ohikoa da. 24 orduz hegan egiten dute Rojava gainean. Aurten bakarrik 46 hildako eragin dituzte. Indar militarrez gain, zibil arruntak dira ere euren jopuntuan.

Turkia okupatutako lurraldeetan betirako geldituko dela uste al duzu?

Gureak ez ezik, Irakeko Mosul eta Kirkuk eskualdeak ere Turkiaren zati direla uste dute. Historikoki, Turkia ez da inoiz okupatu dituen eskualdeetatik erretiratu. Ziprekoa da horren adibide garbia. Tamalez, Ukrainako gerrak Turkiaren posizioa indartu du, Errusiak nahiz AEBek behar baitute, eta Turkiak gure kontra erabili nahi ditu horiek biak.

NATOko beste kideek ez ikusiarena egiten dutela pentsa liteke.

Gure kontrako erabateko injustizia da, areago Estatu Islamikoaren kontrako borrokan egindako sakrifizioaren ostean. 12.000 hildako izan ditugu, 24.000 zauritu... Denek zioten herri kurduari asko zor ziotela, baina ezer gutxi egin du inork gure alde.

Errusiak ere txanpon truke gisa erabili gaitu, Ankarari Afrin entregatu zionean. «Edo Damaskori sartzen utzi edo Turkia sartuko da», izan zen Moskuren mezua. Handik urtebetera, [Donald] Trumpek baimena eman zion Erdogani Serekaniye eta Gire Spi eskualdeak inbaditzeko. Azkenik, Suediak eta Finlandiak ere bizkarra eman digute, NATOn sartu ahal izateko akordioa dela eta.

NATOk asko du jokoan Ukrainan. Zer eragin du gerra horrek zuenean?

Batetik, gure gatazka isilarazi du prentsa medioetan; bestetik, Ukrainako gerrak Rojavako gatazka luzatzen lagunduko duelakoan gaude. Suediak eta Finlandiak kurdu iheslariak entregatzeko konpromisoa hartu dute. Aldi berean, Suediak 2019tik indarrean zuen arma enbargoa kendu dio Turkiari... Ez dugu hitzik euren erabaki politikoetan, jakina, baina ezin gaituzte truke txanpon gisa erabili.

Errusiaren ahulezia posibleak eragina izan lezake Siriako oholtzan?

Ez dugu uste eragina izango duenik. Errusiak eta Iranek Sirian jarraituko dute erregimena babesten. Trumpen iruzurraren aurretik, errusiarrek gauza bera egin zuten Afrinen... Ez dugu konfiantzarik ez Errusiarengan ez eta AEBengan ere. Nolanahi ere, Errusia eta AEBak Sirian egoteak nolabaiteko oreka eskaintzen digu.

Aldi berean, Irakeko Eskualde Kurduko Gobernuak enbargo bortitza inposatu ohi dizue, bi eskualderen arteko muga ixten. Nola aska daiteke kurduen arteko liskar hau?

Enbargo horrek biziki zailtzen du nazioarteko laguntza humanitarioaren iritsiera, eta Damaskotik sartzen dena ez zaigu iristen, gobernuak hala erabakita. Irakeko Kurdistango Barzanitarren gobernuaren norabidea Ankarak markatzen du, Turkiaren presioa dago atzean beti. Turkia eta PKKren artean beste bake prozesu bat abian jartzekotan, Erbilek bere jarrera aldatuko du gure mesederako. Barzanitarren Kurdistan Alderdi Demokratikoarekin ezik, gainontzeko alderdi kurduekin harreman ona dugu.

Datorren urtean presidentetzarako bozak egingo dituzte Turkian. Erdoganek galtzeak ireki lezake konponbiderako bidea?

Ikusteko dago. Azken urteetan, Turkiako gobernu guztiak kurduak militarki deuseztatzen saiatu dira, baina ez dute lortu. Hogei milioi kurdu bizi dira Turkian, eta ordezkari politiko guztiekin izandako bileretan prozesu politiko bat bultzatzea eskatu ohi dugu.

Azken bake prozesuan zehar [2013-2015] ez zegoen mehatxurik. Ameden [Diyarbakir] izan nintzen, HDP alderdi kurduaren bilkuran, Rojavaz hitz egiteko... HDPk gobernuaren atea du Turkian, alderdi giltzarri bilakatu da.

Irango protestak Rojhelatetik, Iranen mendeko Kurdistandik zabaldu ziren herrialde osora. Zein da zuen interpretazioa?

Rojhelaten hamar milioi kurdu inguru bizi dira. Besteak beste, auzi kurdua nazioarteko auzia ere badela frogatzen du protesta horrek. XXI. mendeak gure herriaren askatasuna ekartzea espero dugu.

Auzi kurdua zatitzen gaituen herrialdeetan konpontzea nahi dugu, konfederalismo demokratikoaren bidez. Konponbidea lortu ezean, ez da egonkortasunik izango Ekialde Hurbilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.