Lurreko izaki bizidunen eta ekosistemen oreka kolokan jarri du klima aldaketak. Azken hamarkadotan, gero eta ohikoagoak bihurtu dira klima hondamendiak eta muturreko tenperaturak, eta AI Amnesty International erakundearen arabera, «giza eskubideen arloan inoiz ez bezalako krisi bat» sortu du larrialdi horrek.
Klima aldaketaren ondorioz urratu daitezkeen giza eskubideen artean, hauek zerrendatu ditu: bizitzarako, osasunerako, elikadurarako eta ura izateko eskubidea; etxebizitza bat izateko eskubidea; eta determinazio askerako eskubidea. Izan ere, «hondamendi izugarriak» eragin ditu munduko tenperaturaren igoerak —batez beste 1,1 gradu egin du gora industria aurreko garaiarekin alderatuta—; besteak beste, lehorteak, itsas mailaren igoera, bero boladak eta biodibertsitatearen galera.
Hondamendi horiek alarma hotsak piztu dituzte nazioartean, eta zenbait erakunde hasi dira klima larrialdiaren auzian arreta osoa jartzen. Halere, etorkizuneko aurreikuspenak ez dira onak. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2030 eta 2050 artean urtean 250.000 heriotza gehiago eragingo ditu klima aldaketak —zehazki, horren ondorioz garatutako malnutrizioak, beherakoak eta bero kolpeek—.
Eta, klima aldaketaren arriskuak edonon izan daitezkeen arren, ondorioak kaltegarriagoak izango dira toki batzuetan. Muturreko gertaera meteorologikoek —lehorteek eta uholdeek, kasurako— oinarrizko baliabiderik gabe uzten dituzte pobrezian bizi direnen %78; hots, 800 milioi lagun inguru. Are, Munduko Bankuaren arabera, «berehalako neurriak» indarrean jartzen ez badira, baliteke 2030erako 100 milioi pertsona gehiago egotea pobrezian klima aldaketaren eraginez.
Bada, azken urteotako hondamendiak eta etorkizunerako aurreikuspen goibelak aintzat hartuta, AIk esan du klima aldaketak egungo eta etorkizuneko belaunaldien «eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalei mehatxu» egiten diela, eta «gizartearen etorkizuna kolokan» jartzen duela.
Pakistan, erdigunean
Klima larrialdiak zuzenean eragiten dien herrialdeen artean dago Pakistan. Inoizko uda beroenetakoa izan zuten iaz han, 50 gradutik gorako tenperatura izan baitzuten. «Pakistan klima krisiaren lehen lerroan dago, eta ezinbestekoa da nazioarteko herrialdeek berehalako ekintzak abian jartzea», adierazi du AIk, gaur argitaratutako Larrialdi sutsu bat txostenean.
Ikerketan, bero boladaren ondorioak pairatu zituzten 45 lagun elkarrizketatu zituzten. Haien arabera, nekazariak, banatzaileak eta Polizia agenteak —eguzkipean lan egiten duten herritarrak—, eta pobrezia egoeran daudenak izan ziren bero saparen «biktima nagusiak». Eta salatu zuten «Pakistango Gobernuak ez ikusiarena» egiten duela.
Izan ere, iazko udan tenperatura beroenak erregistratu zituzten bi hirietako batean ere ez dute beroaren aurkako planik, ezta horri aurre egiteko babes mekanismorik ere. Horrenbestez, «beroaren aurkako ekintza plan osoak eta bateratuak» abian jar ditzala eskatu dio erakundeak Pakistango Gobernuari, baita plan horietan herrialdeko kolektibo zaurgarrienen araberako neurriak aintzat hartzeko ere, hala nola haurrak eta migratzaileak.
Pakistan munduan gutxien kutsatzen duten herrialdeetako bat da, eta, hala ere, zuzenean pairatzen ditu klima krisiaren ondorioak. Horregatik, «ezinbestekoa da herrialde aberatsenek, zeinak klima larrialdiaren erantzule nagusiak diren, diru eta giza laguntza ematea klima aldaketak Pakistanen eragin dituen kalteei aurre egiteko», esan du AIren Asiako zuzendari Dinushika Dissanayakek.