Europar Kontseiluak onespena eman dio EB Europako Batasunak aire kalitateari buruz emandako zuzentarau berriari. Neurriak aurrera egiteko azken urratsa da, eta, ondorioz, EBk gogortu egingo ditu aire kutsaduraren gehienezko mugak, 2030. urterako. Estatu kideek beren legedietan txertatu beharko dituzte zuzentarauaren irizpideak. Bi urteko epea izango dute horretarako.
Egitasmoaren helburua da airearen kutsaduragatik geroz eta ohikoagoak diren heriotzak gutxitzea eta 2050. urterako «zero kutsadura» helburua betetzea. Aire kutsadura da Europan osasunarentzako ingurumen mehatxurik handiena. EBren datuen arabera, 300.000 heriotza goiztiar eragiten ditu urtero, eta partikula kutsatzaileek kalte nabarmenak sortzen dituzte ingurumenean ere.
Baimendutako aire kutsaduraren parametroak nabarmen zorroztuko ditu zuzentarau berriak. Bi mikra eta erditik beherako partikuletan (PM2,5), adibidez, urtean metro kuboko 25 mikrogramo muga 10era apalduko da. NO2 sufre dioxidoaren langa, berriz, metro kuboko 40 mikrogramotik 20ra, eta CO karbono monoxidoarena, metro kuboko 10 mikrogramotik 4ra ―batez beste, 24 orduan―.
Hala ere, EBren estandar berriak ez dira egokitzen Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituenetara. Azken horrek muga are zorrotzagoak eskatzen ditu. Adibidez, OMEren iritziz, PM2,5-etan ezarri beharreko langa metro kuboko 5 mikrogramokoa da da, eta NO2arentzakoa, berriz, 10ekoa. Hau da, EBren zuzentarau berrian ezarritakoaren erdia.
Kalte ordainetarako eskubidea
Onartutako testuaren beste berritasunetako bat da herritarrek kalte ordainak jasotzeko eskubidea izango dutela, baldin eta gai badira frogatzeko osasun arazoak izan dituztela estatuek aire kalitatearen mugak ez betetzearen ondorioz. EBren gidalerroek zehazten dute erreklamatzeko bideak ez direla izan behar herritarrentzat garestiak, kalte ordainerako eskubidea «ezinezkoa edo oso zaila» izan ez dadin.
Dena den, estatuek aukera izango dute eremu jakin batzuetan 2030erako ezarritako helburuak atzeratzeko, justifikatzen badute eremu horietan bereziki zaila dela gutxieneko aire kalitatea lortzea. Gisa horretako edozein atzeratze onartzeko, estatuek bide orri bat aurkeztu beharko dute helburuak nola lortuko dituzten azaltzeko.
Zuzentarauak zehazten duenez, Europako Batzordeak ezarritako estandarrak berrikusiko ditu 2030. urtea baino lehen, eta aztertu beharko du azken ebidentzia zientifikoekin bateragarri diren ala ez. Lan hori bete beharko du 2030. urtearen ondoren ere, bost urtez behin.
Europar Kontseiluak eta europarlamentuak zuzentarauaren gaineko akordioa lortu zuten joan den otsailean. Ganberak apirilean onartu zuen, eta kontseiluak orain.
Euskal Herrian
Gaur-gaurkoz, Euskal Herriko hiriburu handienek ez dituzte betetzen EBren zuzentarauak ezartzen dituen mugak. PM2,5 partikuletan, esaterako, gehieneko kopuruak gainditzen dituzte Iruñeak, Baionak, Bilbok, Gasteizek eta Donostiak. Beraz, administrazioek neurriak bultzatu beharko dituzte EBren araudia betetzeko.