Aire eraso batean hamabost lagun hiltzea egotzi dio Tripolik NATOri

Soilik helburu militarren kontra egin dutela ziurtatu du nazioarteko erakundeko bozeramaile batek

2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Libiako Brega herrian (Tripolitik 700 bat kilometro ekialdera) gutxienez hamabost lagun hil eta beste hogeitik gora zauritu zituzten herenegun eraso batean. Jana berri agentzia ofizialak jakinarazi duenez, NATOren hegazkinek bonbardatu zuten herria. Besteren artean, okindegi bat eta jatetxe bat txikitu zituzten. Hain zuzen, bi gune horietan hil zen jende gehien. Guztiak zibilak zirela zehaztu du Janak.

NATOko bozeramaile batek, baina, gezurtatu egin du estatuaren agentziak zabaldutako informazioa. «Zibilak hil ditugula pentsarazten duten aztarnarik ez daukagu». Adierazi du soilik «helburu militarren» kontra egin zutela, ez herritarren kontra. «NATOk helburu militarrekin erabilitako eraikinei egin die eraso, eta aginte eta kontrol gune erabakigarriak jo ditugu». Eraikin horiek Bregako gune baztertu batean zeudela argitu du, eta erasoa hasi aurretik beharrezko denbora hartu zutela gunea begiztatzeko eta zibilik ez zegoela ziurtatzeko. «Aurrez prestatutako plan jakin baten arabera gauzatu genuen ekintza».

Herritarrek abandonatutako eta Muammar Gaddafiren erregimenaren aldeko militarrek okupatutako zenbait eraikinetan instalatuta zeuden komando eta kontrolgune horiek. NATOk dio soilik helburu militarrekin erabiltzen zituztela baieztatu ostean erabaki zuela haiek bonbardatzea.

Eguneroko txostenean, NATOk dio aireko 137 misio gauzatu zituela herenegun Libian, eta haietatik 43tan helburuak identifikatu eta jo zituela. Bregako petrolio portuareninguruetan, zazpi kontrolgune, biltegi militar bat, armatutako hamalau kamioi, tanke bat, garraiorako bi ibilgailu blindatu, logistikako hiru kamioi eta militarren zazpi babesleku txikitu zituela dio.

Atzo goizaldera, artean Bregaren kontrako operazioarekin jarraitzen zuen NATOk. Arratsaldean, berriz, hiriburua izan zen erasoen lekuko. Berri agentziek jakinarazi dutenez, eztanda indartsuak entzun ziren Tripolin, militarren azpiegiturak dauden gune batean. Herrialdearen mendebaldeko bertze hainbat hiritan ere, Garianen eta Zitanen, adibidez, «helburu militarrak» bonbardatu zituela dio NATOk.

Azken astean NATOren jardunak kritika eta salaketa ugari jaso ditu, hainbat erasotan 28 zibil hiltzea leporatu diotelako. Soilik «hutsegite» batean bederatzi hil zituela onartu du aliantzak.

«Zibilak giza ezkututzat»

Muammar Gaddafi koronelari herritarrak «giza ezkututzat» erabiltzea leporatu dio Ali Abu el Kacem Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko kideak, Marokora egindako bisitan. Haren hitzetan, Gaddafiren aldeko tropek komunikaziorako azpiegitura militarrak babesteko ezkutu gisa darabiltzate herritarrak. «Gaddafik jada ez dauka erregimenik, diruaren truke ari diren mertzenarioz osatutako talde armatuak besterik ez ditu».

NATOrengatik izan ez balitz, zenbait hiri honezkero mapetatik desagertuta leudekeela ere esan du El Kacemek. «Orain arte matxinoak Gaddafiri lapurtutako armekin moldatu dira borrokatzeko, baina atzerriko laguntza militarra behar dute». Petrolio erreserbei dagokionez, ziurtatu du luzerako erreserbak dituztelaTrantsiziorako Kontseilu Nazionalak kontrolatutako eremuan (Libiako ekialdea nagusiki).
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.