Afganistan

Aiman al-Zawahiri Al-Qaedako burua hil dute AEBek, drone batez eraso eginda

Kabulen hil dute Osama Bin Ladenen lekukoa hartu zuen gizona. 71 urte zituen.

Al-Zawhiri, 2004ko argazki batean. EFE/ HO / AL JAZEERA
Edu Lartzanguren.
2022ko abuztuaren 2a
07:51
Entzun

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak baieztatu duenez, CIAk Aiman al-Zawahiri hil du, Kabulen. Al-Qaeda erakundeko burua drone batetik jaurtitako misilekin hil zuten igandean, Afganistango hiriburuko etxe bateko balkoian zegoela. Bilatuenen zerrendan zeukan Washingtonek aspalditik.

Al-Zawahiriri 2001eko irailaren 11ko erasoak agintzea eta prestatzea leporatzen zioten AEBek. Osama Bin Ladenen bigarrena zen orduan, eta, gero, erakundearen buruzagitza bere gain hartu zuen, 2011n, AEBek Bin Laden hil zutenean.

Washingtonen arabera, Kabulen ezkutatuta bizi zen Al-Zawahiri, haren familiarekin. Senideekin zegoen hil zutenean. Bi misil Hellfire jaurti zizkioten, baina, Etxe Zuriaren arabera, beste inork ez zuen minik hartu erasoan.

71 urte zituen Al-Zawahirik. Bidenek esan duenez, hilabeteak behar izan dituzte haren kontrako erasoa prestatzeko. «Orain, justizia egin da, eta buruzagi terrorista hau iragana da». 2001eko erasoen 3.000 biktima ingururentzat, honek atal hura itxiko duela gaineratu du. «Ez du axola zenbat denbora behar den, ez du axola non ezkutatzen zaren; gure jendearentzat mehatxua bazara, AEBek aurkituko zaituzte, eta akabatuko zaituzte».

Talibanak agintean dira Afganistanen, joan zen udan AEBek tropak herrialde hartatik ateratzea erabaki zutenetik. Talibanen eledun batek esan du igandeko erasoak nazioarteko printzipioak bortxatzen dituela.

Hogei urtez okupatu zuten estatubatuarrek Afganistan. 2020. urtean sinaturiko bake itun baten arabera, talibanek hitzeman zuten ez ziotela aterperik emango Al-Qaedari. Iazko abuztutik, lehenengo aldiz egin dute drone bidezko eraso bat AEBek Afganistanen barrutik. Herrialdetik atera aurreko azken erasoan, hamar pertsona hil zituzten estatubatuarrek, huts eginiko eraso batean: gobernuz kanpoko erakunde bateko langile bat hil zuten, eta zazpi haur, besteak beste.

Al-Zawahiri Egipton jaio zen. Sendagilea zen, eta 1980ko hamarkadatik zebilen islamismoan militatzen. Espetxean egon zen Egipton, eta, askatu zutenean, herrialdetik alde egitea erabaki zuen, nazioarteko jihadismoan aritzeko, Bin Ladenekin batera.

Washingtonek hamar urte behar izan zituen Bin Laden aurkitzeko eta hura hiltzeko, eta beste horrenbeste haren ordezkoarekin gauza bera egiteko. Al-Zawahiri ezkutuan ibili da, eta oso gutxitan egin ditu adierazpenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.