Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu Carmen Lamelak agindu du ahozko epaiketa abiatzea Eulalia Reguant CUPeko parlamentariaren kontra. Desobedientzia larria leporatzen dio fiskaltzak, 2019ko otsailaren 27an, Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaiketan, lekuko gisara uko egin ziolako Voxen galderei erantzuteari. Herri akusazio gisara aurkeztu zen alderdi hori auzian, eta Reguantek argudiatu zuen «eskuin muturrekoa, matxista eta xenofoboa» dela.
Fiskaltzak lau hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Reguantentzat, eta epe horretan botoa emateko eskubidea kentzea ere bai. Lamelaren autoak hamar egun eman dizkio defentsa egiteko eta frogak aurkezteko. Auzitegi Gorenaren bigarren aretoak erabakiko du auzia. Ahozko epaiketa hasteko, Lamelak argudiatu du Reguantek bazekiela bere erabakiak zer ondorio izan zitzakeen, eta hala aitortu zuela epaiketan.
Gorenak 2.500 euroko isuna jarri zion Reguanti ez deklaratzeagatik, eta Daniel Amelang haren abokatuak dio horrek esan nahi duela ez zuela deliturik egin: «Delitua izan balitz, ezingo zioten isunik jarri». Lamelak, ordea, bere autoan azaldu du legeak200 eta 5.000 euro arteko isun bat ezartzen duela lekuko gisa deklaratzeari uko egiten dionarentzat, eta erabaki horri eutsiz gero desobedientzia larriaren delitua leporatu dakiokeela bigarren neurri gisara. Reguantek dio kasua hori dela.
CUPeko ordezkariaren asmoa da epaiketan nabarmentzea Vox alderdi matxista eta xenofoboa dela, eta horri ez erantzutea «adierazpen askatasuneko ekintza bat» dela, «herri akusazioak ezarritako [Voxek eskatu zuen lekuko gisara deklaratu zezala] rol diskriminatzaileari eta nagusitasun abusuari izkin egiteko betebehar moral bat».