Hego Sudan

Ahalduntzea, gatazkak amaitzeko lehen pausoa

Gazteak armak hartuta basoan ezkutatzen diren bitartean, emakumeek hartu dute hitza Mendebaldeko Equatorian. Komunitateen arteko elkarlana berreskuratzea dute xede, eta, bide batez, tiro hotsak isiltzea.

Veronica Night, Jospine alabarekin, Tombura herrian, Hego Sudanen. O. E.
Oskar Epelde Juldain.
Tombura
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Herritar andanak eman du izena Edmund Yakani gizarte eragileak gidatutako elkarrizketetan parte hartzeko. Norberaren egia adierazteko beldurra gainditzea da lehen erronka, eta horretarako ahalegin handia egin du Yakanik, sinetsita leinuen arteko errespetua eta duintasuna bermatzea dela konponbiderako lehen pausoa.

Bigarren egunerako Tomburako emakume eta gazteek galdua dute beldurra. Talde txiki eta handiagoetan egindako ariketa eta eztabaidetan argi utzi dute gerra honen zentzugabekeria: eskolak itxita daude, laborantza baztertuta, eta emakumeak traumatizatuta. «Hego Sudango eliteen bi alderdi politikoetako gatazketan azandek eta balandek jartzen dituzte hildakoak», nabarmendu du Yakanik.

Emakumeen esanetan, Mendebaldeko Equatoria eskualdeko gobernadoreen gertuko politikariek gazteei deitzen diete telefonoz, krimenak mendeka ditzaten. Gazte horiek, baina, basoan daude, eta, beraz, Tomburan hitz egindakoak ez die eragingo, baldin eta herritarrak eurak haiekin biltzen ez badira.

Gatazka piztu eta bultzatu izanaren erantzule, hala ere, IO eta Nando Forces indarrak jo dituzte, eta ohartarazi dute, bakea lortuko bada, beharrezkoa dela gobernuak bere ardurak bete eta miliziak eskualdetik ateratzea.

Adiskidetzea

Tomburako elkarrizketek erakutsi dute azande eta balanda herriak bakean bizitzeko gogoz daudela. Iheslarien kanpalekuak dira horren froga, non bi leinuak nahastuta dauden, elkarren ondoan kozinatzen duten, eta maiz familiak osatzeko nahasten diren. Bi herriak prest agertu dira, egia oinarri hartuta, barkamenari eta adiskidetzeari heltzeko, aitortuta indarkeriak aurrerabidea blokeatzen duela.

Emakume eta gazteek aukera izan dute euren beharrei buruz eztabaidatu eta horiek zerrendatzeko: kirola, kultura zentroak, nekazaritzarako laguntzak, lanpostuak, eskolarako laguntzak... Luzea da zerrenda, baina horiek gauzatzeko beharrezkoa da «buruzagitza garden eta arduratsua».

Lehen aldia da horrelako eztabaida batean parte hartzen dutela, baina emakumeak ez dira atzean geratu; gatazka konpontzeko zirrikitu bat aurkitu dutelarik, euren onena eman dute, eta hurrengo asteetarako egitasmoak zehaztu dituzte. Miliziek erasoak eteten badituzte, basora joango dira gazteekin hitz egiteko.

Hego Sudanen emakumeek jasaten duten bortxakeria, Afrika ekialdeko beste herrialdeetakoa baino altuagoa da. Haien eskubideak ez dira aintzat hartzen, eta indarkeria salatzen dutenean ere ez dute inoren babesik. Eurena da haurren eta etxearen ardura, baina, aldi berean, ez dute ahotsik, ez parte hartze politikorik. Haiek, hala ere, borrokarako prest daude: sexu indarkeria salatzeko, oinordetzaren eskubidea bermatzeko...

Emakume indartsuak dira. Haietako bat merkataritzan aritzen da, eta urtean bizpahiru aldiz Tomburatik Kanpalaraino joaten da salgaiak eramateko. Bidaia luzea eta arriskutsua da; lehenik Tomburatik Yambiora joan behar du, eramango duen kamioiren bat aurkitzen badu. Bada errepide bat Yambiotik Jubara, baina oso txarra da, eta nabaria da segurtasun eza ere. Edonon aurki daitezke militarrak eta ahal duenak hegazkina hartu ohi du. Jubatik Kanpalara joateko, berriz, egun oso bat behar du autobusak.

Antzekoa da Veronica Nighten kasua. 18 urteko gaztea duela hilabete erditu zen, baina haurraren aita biologikoa ihes egina da. Bere familiarekin iritsi da Tomburara. Aurrez Yaran bizi zen, baina miliziek herriari eraso zioten, eta ahal izan zuen guztiak ihes egin zuen; Nighten anaia erasoan hil zuten. Haiek, ihesean joan zirenean, herrian utzi zuten zeukaten guztia, eta orain Tomburan bizi dira, baina baliabiderik gabe eta gobernuaren laguntzarik gabe.

Hego Sudanek independentzia lortu zuenetik bizi izan dituen gatazka politikoak eta gerrak bukatzeko lekukoa hartu dute herritarrek eta gizarte zibileko erakundeek.

Irakurri gehiago:Hego Sudanen herritarrengandik datoz bakerako urratsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.