Ahalduntzea erabaki dute Matharen

Kenyako Mathare herrian bizi diren emakumeek zailtasunak dituzte hilekorako produktuak erosteko, lana eta, ondorioz, dirua falta dutelako. Halere, ez dute amore ematen: konpresa berrerabilgarriak egiten ikasten ari dira, doako ikastaro batean.

Bi emakume ikastaroan, konpresa berrerabilgarriak egiten, Matharen, Kenyan. OSKAR EPELDE JULDAIN
Bi emakume ikastaroan, konpresa berrerabilgarriak egiten, Matharen, Kenyan. OSKAR EPELDE JULDAIN
Oskar Epelde Juldain.
Mathare (Kenya)
2024ko abuztuaren 10a
05:00
Entzun

Hilekoa izozmendiaren punta besterik ez da Kenyako Mathare herrian bizi diren nesken egunerokoan. Gutxienez euro bat balio dute bi konpresa paketek, eta, bestela, ez dago aukera handirik. Auzoko emakume batzuek arropa garbitzen dute enkarguz, edo bizirik irauteko oinarrizko zereginak egiten dituzte, baina diru gutxi irabazten dute; irina, olioa, azukrea eta beste erosten berehala agortzen dena. «Ni bizi naizen eremuan badaude konpresak erosi ezin dituzten neskak. Oso garestiak dira. Gosaria edo bazkaria ordaindu ezin badute, nola erosi ahal izango dituzte konpresak?», galdetzen dio bere buruari Mathareko bizilagun Quinter Asedak (29 urte).

Z belaunaldiko gazte talde bat josten ikasten ari da Mabati auzoan. Elkartasunezko herri ekintza bati esker, kurtsoa doakoa da. Lehen egunean, konpresa berrerabilgarriak egiten ikasiko dute. 20 urteren bueltako 30 neska inguruk hartuko dute parte, baina beste asko kanpoan geratu dira leku faltagatik. Lokala solairu anitzeko eraikin baten beheko solairuan dago. Lau josteko makina baino ez dituzte, baina eskuz egiten dituzte konpresak.

Ikastaroan parte hartzen ari diren neska gehienentzat, horixe da eskura duten hezkuntza aukera bakarra, diru faltagatik ikasketak utzi behar izan ondoren. Baina ez dute «bizirik irauteko sektorean» erori nahi, zer eta hiru euro baino gutxiagoko soldataren truke goizetik gauera lan egiteko. Eta horrela, egunero. «Bultzatzen zaituztela sentitzen duzu, ez zara libre», dio Roselyne Akinyik (22 urte), jatetxe batean eta ileapaindegian izandako lehen lan esperientzien inguruan.

«Ikastaroan bazaude, zeure burua ahalduntzea eta zure bizitzaren kontrola hartzea erabaki duzulako da. Eta trebetasunak lortzen saiatzen zara, eta haiek erabiltzen zure enplegua sortzeko eta ekonomikoki independente izateko». Asinah Kassim (24 urte) jatetxe batean hasi zen lanean, baina baldintzak ez ziren egokiak: «05:00etan hasi eta 21:00ak arte gelditu gabe lan egin behar zen 2,15 euroren truke». Halere, erabaki zuen ezin zuela bere buruaz beste egin, gazteegia zela, eta lan hori utzi eta beste zerbait aurkitzen saiatu zen.

«Amore emateari uko egiten diozu, aurrez aurre dituzun baldintzak kaskarrak badira ere. Zure gurasoek lan handia egin dute zu bigarren hezkuntzara iristeko, eta eskertzen diezu. Zure aitak Nairobin pasatu zuen lehen gauean komunean lo egin zuela esan zizun. Segurtasunik gabe nabigatzen zuten, mahai gainean janaria ziurtatzeko eta zuk hezkuntza jasotzeko. Orain lekukoa hartuko baduzu, zeure buruaren onena eskaintzea espero da, komunitate osoaren eta bizia eman dizun familiaren onerako. Bizirik zauden bitartean zure kausa lor dezakezu, denbora kontua baino ez da», esan du Asinahek.

Konpresaren prezioa

«Neska batzuek euren mutil lagunengana joan behar dute konpresak erosteko, eta hortik datoz nerabezaroko haurdunaldi asko. Hemen, Matharen ere, droga abusu handia dago, enplegu faltagatik», esplikatu du Rose Wambuik (21 urte). Wambui «enplegu faltagatik eta presio hutsagatik» geratu zen haurdun; eta, gero, kontatu du 2020az geroztik denbora «alferrik» galtzen ari zela sentitzen zuela. Bere ahizpa nagusiaren ondoan bizi da, eta hura ere ama da; horregatik, batxilergoa amaitu ondoren, ikasketa proiektua bertan behera utzi behar izan zuen Wambuik. Hainbat aldiz saiatu zen gobernuak jarritako zerbitzuei laguntza eskatzen, baina, 18 urte beteta, bizimodua bere kabuz atera behar zuela esan zioten. Eta horretan ari da: xaboia, xanpua eta kosmetika kremak egiten ikasi du komunitateko eskolan.

Vallary Akinyi (19 urte) Mradi auzoko laguna ere ama da. Orain zazpi hilabete izan zuen haurra, eta biak bakarrik bizi dira alokatutako logela batean. Jack izeneko diru emaileak lau hilabete ordainduko dizkiola esan dio, 22 euro hilero. Joan den apirilean, euri bortitzak eta zikinkeria isuriengatik hedatutako uholdeak harrapatu zuen Mradiko behealdea. Hamalau bat bizilagun hil ziren. Ondoren, gobernuak berehala bidalitako bulldozerrek ibaiertzean geratzen ziren etxeak eraitsi zituzten, segurtasun arrazoiengatik. Horien artean, Akinyirena. William Ruto Kenyako presidenteak esan zuen 80 euro emango zizkiela uholdeetan kaltetutako emakume bakoitzari, baina ez Akinyik, ez gehienek ez zuten ezer jaso.

Akinyi haren adin bueltako gizon batekin gelditu zen haurdun. Bera baino apur bat zaharragoa da, eta, haurdunaldiaren berri eman ondoren, amak basektomia egin ziola esan zion, bere gainetik ardura oro kentzeko. Akinyik ezin die malkoei eutsi hori kontatzen duen bitartean. Halere, BECI (Build and Enlighten Community Initiative) eskola komunitarioa ez da lasai negar egiteko leku bat soilik. Bizitzan zer esan badutela sinesteko leku bat baizik, euren egunerokoa ezinezko bihurtzen duten ustelkeriari, nepotismoari edo zergei aurre egitekoa.

Z belaunaldiaren kausa

Nerabea zenetik, Molly Akinyik (24 urte) arrastoa utzi nahi izan du neska-mutilentzako modan eta diseinuan, baina Nairobira etorri zenetik une gogorrak bizi izan ditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu ondoren, moda ikasten hasi zen Kiberan, baina bi aldiz utzi behar izan zuen finantzaketa eta laguntza faltagatik. Halere, ez du amore ematen. Ikastaroko lehen egunean konpresa berrerabilgarria josten bukatu du. Ziur dago eskuz egindako konpresa ekologikoak egiten jakiteak lagunduko diola jostun negozio bat sortzeko proiektuarekin.

Bere ikaskide Veronica Amollok (24 urte) kontabilitate ikasketak egin nahi zituen, baina pozik dago orain, jostuna izateko aukeragatik. Luzera begirako bere ametsa ere birdefinitu du, moda elementuak barne dituzten ekitaldiak antolatzea izango da bere lana. Beraz, hura ere ziur dago ikastaroko gaiak ondo etorriko zaizkiola. «Nire aitak lana galdu zuen, eta nire ama landara joan zen, eta, zoritxarrez, oso zaila egin zitzaidan aitarekin hitz egitea eta hari eskatzea... Gogoan dut behin amak esan zidala bere garaian galtzerdiak erabiltzen zituztela; beraz, galtzerdi zahar bat hartu nion anaiari eta ia bost hilabetez erabili nuen konpresaren ordez», kontatu du Veronica Amollok.

Kenyako eremu batzuetan, Turkana konderrian adibidez, konpresarik izan ezean, ahuntz larrua erabiltzen dute. Neskek, elkarrekin hitz egiten duten heinean eta elkarri esperientziak kontatzen dizkioten heinean, eskubideen auzira jotzen dute ezinbestean. «Ez dute aintzat hartzen behean dagoen jendea, euren buruari besterik ez diote begiratzen, negozioak dituzte, dirua dute, eta zuk egunean apenas irabazten dituzun 3,20 euro, eta, gainera, zerga gehiago ordaindu behar dituzu. Protesta egitea izan da aukerarik onena, mugimendurik onena», esan du Roselyne Akinyik (22 urte).

Lanik ez badaukate ere, gehienek smartphoneak dituzte, eta Z belaunaldiaren artean ezagunak eta erabiliak diren plataforma anitzetara konektatuta daude. Hala, zergen inguruko lege berriaren eta gobernuaren aurkako manifestazio eta protesta masiboei ekiteko elkartu dira. Manifestariak Kenyako Parlamentura sartu zirenetik, protestek ez dute ia etenik. Horien tamaina ikusita, Rutok erabaki zuen erreforma behin-behinean bertan behera uztea, eta berrikusteko eskatu zion parlamentuari. Ordutik, legea ez aurrera eta ez atzera dago.

Z belaunaldiko gazteek sarean hartzen dituzte erabakiak; ez dute ordezkaririk edo buruzagirik, ez triburik edo alderdirik, baina azken bi asteetatik hona antolatu dituzten waandamano edo manifestazioek estatuaren panorama instituzionala astintzea lortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.