JOSEP LLUIS CAROD-ROVIRA

Agur samurra

Kristina Berasain Tristan.
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Udako oporren aurretik zen aro politiko oparo bati amaiera ematekoa, baina bozetara espero baino hilabete geroagorako deitu izanak, azarorako eta ez urrirako, beste saio batean izateko aukera eman dio Kataluniako Legebiltzarrean. Josep Lluis Carod-Rovirak (Cambrils, 1952) legegintzaldiko azken saioan esan dio agur aro politiko bati, eta eguna uste baino samurragoa eta bereziagoa izan da; izan ere, okzitaniera hizkuntz ofiziala egiten duen legea onartu zuen atzo Legebiltzarrak -Katalunian aranera da dialektoa, eta 5.000 hiztun inguru ditu-. Oholtzatik mintzatu zen politikaria bere departamentuak sustatu duen legea aurrera atera izana eskertzeko: «Ez nuen uste hau nire bizitza politikoaren etapa honen azken mintzaldia izatea; ohore bat da niretzat aro honi amaiera ematea horren garrantzi politikoa duen lege bat onartuta». Behin saioa amaituta, korridoreetan, hemendik aurrera zer egingo duen galdetu ziotenean, erantzun anbiguoa eman zuen Carod-Rovirak: «Espero dut paper on bat egitea».

ERC Esquerra Republicana de Catalunyako diputatu izan da politikaria 1988az geroztik. Alderdiko zerrendaburua, berriz, 1999an, 2003an eta 2006an izan zen. Pasqual Maragallek zuzendutako gobernuko kontseilari nagusia izan zen 2003an, baina hilabete baino ez zuen eman karguan; Perpinyan ETAko kideekin isilean bildu zela argitara atera ostean utzi behar izan zuen kargua. Kataluniako bigarren hirukoan presidenteorde gisa aritu da, baina iazko apirilean jakinarazi zuen ez zela presidentetzarako bozetan lehiatuko. Joan Puigcercos alderdikidearekin izandako ezadostasunen ostean utzi zuen alderdiko presidentetza, 2008ko martxoan. Politikaren eremuan jarraituko duela espero da.KRISTINA BERASAIN
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.