Elon Musk munduko pertsonarik aberatsenak agur nazia egin du Trumpen ekitaldian

Eskuin besoa altxatu du, eskua luzatuta, eta berriz egin du keinua, argi uzteko. Erreakzio ugari eragin ditu.

Elon Musk agur nazia egiten, Trumpek presidente kargua hartzeko ekitaldian.
Elon Musk agur nazia egiten, Trumpek presidente kargua hartzeko ekitaldian.
Edu Lartzanguren.
2025eko urtarrilaren 21a
10:44
Entzun

Orain arte, kaskamotz tatuatu etxekalte bat edo beste ikusi izan da agur nazia egiten jendaurrean, neonazien manifestazioetan, edo futbolean. Baina argi gorriak piztu ditu munduko pertsonarik aberatsenak eta orain botere exekutibo handiena duenak keinu hori munduaren aurrean egin izanak.

Bart gertatu da, Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidentetza hartzeko ekitaldian. Elon Musk Tesla autogintza enpresako eta X sare sozialeko jabeak hitza hartu du ekitaldian. Trumpen garaipenari bultzada eman dio, kanpainari milioi askorekin lagundu baitio, eta Trumpek gobernuko aholkulari nagusietako bat bihurtu baitu. Muskek Gobernu Eraginkorrerako Departamendu (DOGE) delako bat zuzenduko du Trumpen exekutiboan. Haren misio nagusia gastu publikoa murriztea izango dela iragarri dute, Argentinako Javier Milei presidentearen motozerraren estiloan, baina laserrekin.

Muskek eskerrak eman dizkie Washingtonen bildutakoei, Trump agintera eramateagatik. Jarraian, eskuineko eskua bihotzean jarri du, eta besoa zabaldu du airean, eskua luzatuta, ahurra beherantz. Arnas kolpe batekin indartu du. Buelta hartu, eta Trumpi begira berriz egin du keinua, hari ere eskerrak emanez. «Neure bihotza zuengana doa», esan du ondoren. «Zuei esker ziurtatu da zibilizazioaren etorkizuna. Zuei esker. Hiri seguruak izango ditugu, azkenean. Muga seguruak, gastu zuhurrak. Oinarrizko gauzak. Eta DOGEMartera eramango dugu».

Elon Musken agur nazia



Alemanian, kartzelara

Musk defendatu duten hainbatek argudiatu dute hark bihotza bidaltzearen keinua egin duela, ez agur nazia. Alemaniako zigor kodeak, ordea, zehatz-mehatz deskribatzen du zer den Hitlerren agurra: eskuineko besoa gorantz luzatzea da, zuzen. Garrantzitsua da deskripzioa, Alemanian gogor zigortzen baitituzte keinua eta haren aldaera guztiak. Zigor kodeak 2-3 urteko zigorra aurreikusten du, edo isun bat. Horrez gain, gorroto delitu gisa ere tipifikatuta dago, eta horrek hiru hilabete eta bost urte arteko zigorra du.

Salbuespenak badaude, ordea: ez dago zigorrik keinua ez bada testuinguru nazionalsozialista batean egiten, ez bada goresteko egiten, edo zinema edo antzerkian erabiltzen bada.

Baina ez dago halako legerik Ameriketako Estatu Batuetan, eta talde neonazi eta arrazistek nahi bezala erabiltzen dute, svastika eta bestelako ikur naziak bezala.

Azken asteotan ere eman du zeresana Muskek, eskuin muturrari emaniko sostengua dela eta. Urtarrilaren hasieran elkarrizketa egin zion AfD Alemaniarako Alternatiba alderdiko buru Alice Wideli, X sare sozialean. Elkarrizketa horretan, eskuin muturreko politikariak adierazi zuen Hitler «komunista» zela, «sozialista; eta gu kontrakoa gara».

AfDk biltzarra egin zuen urtarrilaren 11n, eta Weidel alderdiko kantzilergai izendatu zuten ofizialki. Batzarrean eskerrak eman zizkion Muski, AfDri babesa emateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.