Protestak herrialde arabiarretan

Agur euforikoa Mubaraki

Armadaren esku utzi du Egiptoko administrazioa presidenteak, herria 30 urtean larrialdi legea ezarrita gidatu duenakHainbat mila herritarrek ospatu dute atzoko matxinadaren garaipenaren egun historikoa

Kairo
2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Herenegun hertsatutako poza euforia bilakatu zen atzo Omar Suleiman presidenteordeak, Hosni Mubarakek, boterea armadaren esku utzi duela iragarri zuenean. Haren hitzak entzutea eta Tahrir plazan zeudenak besarkatzen hastea bat izan ziren, dantzan, oihuka, Egiptoko banderak astinduz. Gauza bera egin zuten Kairoko kale ertzetan pilatutakoek ere, armadak ordu batzuk lehenago etxera joateko agindutakoari kasurik egin gabe. Mubarakek bezperan esandakoak etsipenez baino gehiago amorruz bete zituen; Tahrir plazara ez ezik, protestak toki gehiagotara zabaltzea erabaki baitzuten. Iraultzaren sinbolo bilakatu den plazaz gain, presidentearen jauregiaren inguruak, Legebiltzarrarenak eta telebista publikoarenak ospakizunez bete zituzten.

Omar Suleiman labur aritu zen buruzagia joan zela esaterakoan: «Mohamed Hosni Mubarak presidenteak bere kargua uztea erabaki du, eta Armadaren Kontseilu gorenari agindu dio herriaren gaiak administra ditzan». Hitz gutxi horiek sortutako erreakzioak, baina, hamaika izan ziren, eta presidenteordearen seriotasunaren oso bestelako moduan egindakoak, gainera. Oposizioko ordezkari guztiak bat etorri ziren «diktaduraren kontrako herriaren garaipena» izan dela. Anaia Musulmanen eta Apirilaren 6ko taldearen adierazpenak jasotzea erraza zen, aurreko egunetan ez bezala. Mohamed El Baradei Bakearen Nobel sariduna ere ohi baino irribarretsuago mintzatu zen «Egiptoren emantzipazioaz eta askatasunaz». «Hau hasiera besterik ez da. Herrialde handia daukagu».

Ez ahazteko eguna

Buruzagi politikoek ez ezik, Mahmudek, Mohamedek, Zadimak, Saidek, Nadiak eta plazan ziren gainerakoek ere hitz egin nahi izan zieten kazetariei atzo, munduari bira eman dion iraultzaren parte izan eta Egiptori askatasuna erditzen lagundu diotelako.

Mahmud unibertsitateko irakaslea da, eta protesten hasieratik egon da. «Nik soldata ona daukat, baina jende asko ikusi dut sufritzen, soldata barregarriak dauzkatelako, eta Mubarakek herritarrei kendutakoa azaltzeko ez dago hitzik».

Mohamed Frantziatik itzuli berri da, lanean hamar urte egon ondoren. «Mubarakekin amaituta ere gainerakoak geratzen dira, eta borrokan jarraituko dugu». Lanean jarraitzeko ilusioarekin mintzatu da ere Hassan: «Modu baketsuan, baina mendekua hartuko dugu lapurtu diguten diru guztiagatik»,

Zadimari ez zaio iristen jateko, eta protesta zertara datorren oso ongi jakin ez arren, ederki daki, egunero pairatzen du eta, dirua irabaztea zenbat kostatzen den: «Senarrak hiru lan dauzka, eta larri-larri iristen zaigu ogia erosteko. Mubarak joanda hori aldatzea lortzen baduzue, zuekin nago».

Said garraio publikoen funtzionarioak atzo izan zuen protesta lehen eguna, eta «ja, joan da», dio irribartsu. Hala ere, egunero jarraitu ditu kalean gertatutakoak. Herenegun pozik zegoen armadak esan zuenagatik, baina gero Mubarakek esandakoak «amorru handia» eragin zion. «Pena handia da Egipto honengatik ezagutzea, eta ez piramideengatik, eta horregatik ez nintzen orain arte atera, baina Mubarakena gehiegizkoa egin zitzaidan».

Burumakur ere badira baten batzuk, Mubaraken alboan izandako makina egiptoar. Une honetan oso zaila da horien iritziekin topo egitea, ezinezkoa, protestak dauden lekuan, baina handik kanpo Sadaui bezalakoak topa daitezke, Mubaraken defendatzaile sutsua, Tahrir plazan diktadoreen aldekoek sortu zituzten borroketan lasai asko egon zitekeena. Pentsatzen du AEBen eskua dagoela gertatzen ari denaren atzean, interesatu zaiela Mubarak botatzea, eta Egiptoko politikan eskua sartzea. Baina ez du uste betiko joan denik: «Tarte batean utziko dio Suleimani, baina gauzak baretzen direnean itzuliko da».

Armadaren jarrera salatu du, pentsatzen baitu protestak hasi zirenean jendea Tahrirretik atera izan balu ez zela gertatukoa gertatutako. «Gizon zaharra da, gerra heroia, eta errespetatu egin behar da. Manifestariak gazteak dira, ez dakite zer egiten duten. Soilik iskanbila sortu nahi dute futbol partida batean baleude bezala».

Baina Nadia hor dago gezurtatzeko Sadauik esandakoa, alegia, gazteak direla soilik protesten gidariak, berak 73 urte baititu. Ez da Tahrirren ibili egunotan bilobek ez diotelako utzi arriskuaren beldurragatik, baina ospitaletan boluntario egin du lan, protestan izandako zaurituak sendatzen. «Herri honek beste zerbait merezi du, ustelkeria izugarria delako». Erizain izan zen bera, eta Mubaraken gobernuarekin hasieran zerbitzu ona eskaintzen zuten, baina pixkanaka txartuz joan zela dio, «dirua osasunetik xahutuz joan ziren heinean». Farud erregearen iraultzan borrokatu zen bera, baina Farud egun batean joan zela gogoratu du. «Bigarren iraultza hau gogorragoa izaten ari da, Mubaraken eta bere guardia nazionalaren desafio handia».

Abdul kazetaria da, hainbat aldiz espetxeratua idatzitakoengatik, baina oso argi dauka egiptoarrek behar dutena lortzeko borrokan jarraituko duela. «Urratsez urrats herri osoa hartuko dugu, eta gero Israelgo Gobernua, haiek gurea hartu nahi dutelako».

Herenegun, beste istorio bat

Tahrir plazan borondatez lanean ari den mediku bat da Aiman, eta herenegun gauean depresioak jotako asko hartu zituztela du gogoan: atzokoarekin zerikusirik ez. Mubarak zihoala zurrumurrua zabaldu eta gutxira bera gezurtatzen ateratzeak ilusio guztiak zapuztutakoen etsipenagatik arnas estuka iritsi ziren protestetako ospital inprobisatuetara.

Herenegun herritarrak abesten aritu ziren diktadorearen irteera ospatzen, baina hark publikoki baieztatu arte lotsati. Diskurtsoaren erdian, konturatu zirenean ez zihoala, «joan, joan» oihukatzen hasi ziren batzuk, baina amaitu arte itxaron zuten gehienek amorrua adierazteko. Amaitzerakoan, segundu batzuetan nahasmena nagusitu zen, isiltasun jasangaitza, eta ondoren hasi ziren oihuak, uste baino lasaiago, hala ere. Elkarri begira, desilusioz, negarrez hasi ziren asko, borrokaren nekeak eta presidente tematiak ahituta. Batek mikrofonoa hartu, eta esan zuen arte inork ez zuela esan erraza izango zenik. Jarraitu behar zela, aurrera egin, hurrengo egunean—atzo— milioi bat lagun kaleetan elkartzeko helburuarekin. Atzo goizean jendetza iritsiz joan zen, protestetara deituta zeuden lau guneetara, eta egun osoan atzokoan bai, azkenean utziko zuela zabaltzen hasi zenean, Kairoko eta oro har Egiptoko etxeak hustu ziren, kalea herriarena dela aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.