Hosni Mubarak boteretik kendu zutenean gehien entzun ziren ahotsetako bat izan zen harena. Asteazkenean, Abdel Fata al-Sisi armadako buruak jakinarazi zuenean Mohamed Mursi kargutik kendu zutela, ondoan izan zuen. Azken urteotako aginte-eskualdaketa garrantzitsuetan aitabitxi lanak egin ditu Mohamed el-Baradeik (Kairo, 1942): beti distantziatik, baina beti begira.
Abokatu familia dirudun batean jaio zen. Kairoko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu eta gutxira hasi zen diplomazia lanetan. Urte batzuetan, Egiptoko Atzerri ministerioan jardun zuen —Egipto eta Israelen arteko bake negoziazioetan, Atzerri ministerioko aholkulari berezi gisa jardun ere—, baina kanpoan zeukan gogoa, eta aurki hasi zen nazioarteko erakundeentzat lanean, New Yorken eta Genevan. NBE Nazio Batuen Erakundeko Ikerketarako Institutuan Nazioarteko Zuzenbideko hezkuntza programaren arduradun izendatu zuten lehenbizi, eta energia gaietara egin zuen gero jauzi. 1984an IAEA Energia Atomikorako Nazioarteko Agentzian hasi zen, eta goraka-goraka, zuzendaritzara heldu zen hamahiru urte geroago. George W. Bush AEBetako presidente zen garaian, hainbat auzi nuklearretan bat egiten zuen harekin, eta 2005ean Bakearen Nobel saria eman zioten, «ugaritze nuklearra saihesteko egindako ahaleginengatik».
Egiptoar gehienek beti atzerrian ezagutu dute, harik eta 2011ko protestetan hitza hartu zuen arte. Mubarak erori osteko garaian, oposizioko buru ipini zen. Hainbat alderdik, baita Anaia Musulmanek ere, Mubaraken gobernuarekin negoziatzeko eskatu zioten.
Trantsizioan, posizio eroso horri eutsi dio orain arte. 2012ko presidentetzarako hauteskundeetan ez zuen parte hartu: alderdi propioa sortu zuen, Konstituzioaren alderdia, baina azkenengo momentuan atzera egin zuen. 2016ko bozetan hautagai izatea espero zuten, baina hainbatek zalantza adierazi dute irabaziko ote lituzkeen: urte luzez Egiptotik kanpo egon izana eta hango politikagintzan esperientziarik ez izatea egotzi izan diote. Beste askok kanpotik etorritako salbaziotzat dute.
Oraingoan, Ekainaren 30 mugimenduaren babesa izan du: talde horrek sustatu ditu Mursiren aurkako manifestazioak. Mubarakekin bezalaxe, Anaia Musulmanekin negoziatzeko eskatu zioten, baina nahiago izan du trantsizioko lehen egunetan itzalpean geratu: armadako buruaren eta behin-behineko lehen ministro ia ezezagun baten esku utzi du estatu kolpearen osteko lehen egunetako lan zikina, eta zorua apur bat apaldu denean sartu da jokalekura.•
Soslaia. Mohamed el-Baradei
Aginte aldaketen anaia nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu