Afro-amerikar baten hilketa gorroto delitu gisa ikertzen ari dira AEBetan

Polizia ohi batek eta haren semeak Ahmaud Arbery 25 urteko gaztea hil zuten tiroz, otsailaren 23an. Erasoaren bideoak asaldura eragin du

Ahmaud Arberyren hilketaren aurkako protesta bat. ERIK S. LESSER / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Departamentua gorroto delitu gisa ikertzen ari da Ahmaud Arberyren hilketa, Lee Merritt biktimaren familiaren abokatuak herenegun azaldu zuenez. Haren arabera, joan den ostegunean Bobby Christine Georgia hegoaldeko barrutiko fiskalarekin batzartu ondoren izan du prozesuaren berri. FBI ere erasoa ikertzen ari da.

Otsailaren 23an hil zuten Arbery, 25 urteko gazte afro-amerikarra. Gregory McMichael polizia ohiak eta Travis haren semeak tiro egin zioten Georgiako Brunswick auzoan, hura korrika egiten ari zen bitartean. Hasieran, agintariek ez zioten jaramon handirik egin kasuari, baina hil honetan nazioartean zabaldu den erasoaren bideoak asaldura eragin du herritarren artean, eta, horren ostean, GBI Georgiako Ikerketa Bulegoak maiatzaren 7an atxilotu zituen bi gizonak, Arbery hiltzea leporatuta. Horretaz gainera, joan den ostegunean Willian Bryan bideoaren egilea ere atzitu zuten, krimenean parte hartu zuelakoan. Hark, ordea, nabarmendu du «ez duela zerikusirik» gertatutakoarekin. Bideoa publiko egin aurretik, justiziak ez zuen inoren aurkako lege ekintzarik abiatu.

Polizia txosten baten arabera, Gregory McMichaelek detektibeei esan zien Arberyri furgonetarekin jarraitu ziotela lapurreta baten susmagarria zela pentsatzen zutelako, eta hark bere semeari eraso ziola semeak tiro egin aurretik. Hori dela eta, hasieran, Poliziak autodefentsa kasu gisa tratatu zuen tiroketa, eta horrek aita-semeei libre irteteko modua eman zien, bideoak istorio ezberdin bat iradokitzen zuen arren.

Merrittek argi adierazi zuen hilketa arrazismo ekintza bat izan zela: «Arberyk ez zuen inolako krimenik egin, eta ez zegoen arrazoirik gizon horiek uste izateko armekin geldiarazteko eskubidea zutela. Hiru gizon zurik segitu zuten, eta bere arrazagatik bakarrik jarri zuten dianaren erdian. Justifikaziorik gabe hil zuten».

Halaber, ikerketaren erritmoarekin kritiko agertu zen abokatua, eta azpimarratu zuen herritar guztiek eskubidea dutela legearen aurrean babes bera izateko, kasu horretan betetzen ez delakoan. Haren esanetan, gertakari horrek argi uzten du «Georgiako herritar beltzek» ez dutela babes bera: «Egun argiz kalean norbait tirokatzen baduzu, gutxienez, atxiloketa bat espero duzu, eta ez zen horrela izan».

Kerri Kupec AEBetako Justizia Departamentuko kideak duela bi aste iragarri zuen froga guztiak ebaluatzen ari direla «gorroto krimenen ondoriozko kargu federalak egokiak diren jakiteko».

Auzi polemikoa

Beste bi izen ere aipatu behar dira zalaparta sortu duen kasu horren atzean: GeorgeBarnhill eta Jackie Johnson. Hain zuzen, Barnhill Waytross Apelazio Auzitegiko fiskalak kasutik apartatu behar izan zuen, haren semeak Gregory McMichaelekin batera lan egin zuelako Brunswickeko Apelazio Auzitegian. Uko egin aurretik, baina, aita-semeen aldeko defentsa egin zuen.

Bestalde, Glynn konderriko bi mandatarik adierazi zuten Johnsonek, Brunswickeko fiskalak, agindu ziela atxiloketarik ez egiteko. Johnsonek, ordea, gezurtatu egin ditu adierazpen horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.