Datu zehatzik ez dago, baina uste da urtero 200.000 neska eta emakumeri egiten dietela ablazioa. Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko kide eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzaile Fatima Djarraren esanetan (Bissau, 1968), egiazko kopurua askoz handiagoa da. Izan ere, gertuko senideek moztu ohi dizkiete neskei genitalak, eta, beraz, oso zaila da inork gertatutakoa salatzea: «Mozketak berak eragindako traumaz gain, familiaren aurka egitearen sentimendua ere oztopo handia da. Nola esango diozu 10 edo 15 urteko neska bati bere amaren, amonaren edo izebaren aurkako salaketa aurkezteko, non eta polizia etxean». Djarrak ablazioei eta ezkontza behartuei buruzko hitzaldi bat eskainiko du gaur Astigarragan (Gipuzkoa).
Pandemiak bultzatuta ezarritako itxialdiek neska askoren bizimodua baldintzatu dute, ezta?
Bai, noski. Egia da ez daukagula datu zehatzik, baina pentsatzekoa da emakume eta neska gazte askorentzat etxean itxita egoteak arriskua handitzen duela, ez dagoelako inolako kontrolik, eta aurrez ere ikusi izan dugulako krisi egoeretan ablazio kasuak ugaritu egiten direla.
Okerrena da ez dagoela datu zehatzik, ez zenbat kasu dauden, ez non egiten diren. Izan ere, herrialde guztiek sinatu dute emakumeen aurkako indarkeria debekatzen duen NBE Nazio Batuen Erakundearen ituna, baina praktika horiek ez dira amaitu, besteak beste kontrolik ez dagoelako eta ustelkeria ere oso zabaldua dagoelako. Bestetik, asko horren aldekoak dira, eta, debekatuta dagoela jakin arren, ezkutuan egiten dute, edo haurra jaioberria denean egiten diote ablazioa.
Salatzen dira halako kasuak?
Normalean ez, familiartean egiten direlako. Baina, genitalak mozteak osasun arazoak eragiten dituenean eta erietxera joan behar dutenean, edo neska ablazioaren ondorioz hiltzen denean, zailagoa da gertatutakoa ezkutatzea, eta herrialde askotan hiru eta bost urte arteko kartzela zigorrak aurreikusten dituzte halakoetarako. Baina orduan ere oso zaila da erantzulea aurkitzea, halako ohiturak ohikoagoak direlako nekazaritza eremuetan.
Tradizioa aipatzen duzu, baina egoera ekonomikoak ez du zerikusirik halakoak ugaritzearekin?
Ablazioa ez dago derrigor egoera ekonomikoarekin lotuta. Badaude familia aberatsak beren alabei genitalak mozten dizkietenak, ohiturek bultzatuta. Estatus ekonomikoarekin bainoago, estatus erlijiosoarekin dago lotuta ablazioa.
Beste kontu bat da ezkontza behartuena. Pandemiarekin, nesken eta emakumeen aurkako indarkeria mota oro ugaritu da nabarmen, ez bakarrik ezkontza behartuak, baita familia barruko sexu abusuak ere. Nigerian, esaterako, oso presente dago ezkontza behartuen arazoa. Neska askok etxetik ihes egin behar izan dute han eta beste hainbat herrialdetan, eta gobernuz kanpoko erakundeengana joan dira laguntza eske, estatuek ere maiz ez baitute esku hartu nahi halako ohituretan, uste dutelako agintea edo babesa gal dezaketela.
Arazo ekonomikoak egon ohi dira ezkontza behartuen atzean, maiz gizonek ezkonsari handiak eman ohi dituztelako neska batzuen truke. Halakoetan gertatu ohi da, neskak aurrez sexu harremanak izan baditu, familiak hil egiten duela, edo etxetik bota. Pobreziak bultzatzen ditu familia asko neska adingabeak adineko gizonekin ezkontzera.
Baina urratsak egin dira. Emakumeak hasi dira elkarlanean.
Bai, hala da, azken urteetan aldaketa handiak izan dira herrialde batzuetan. Afrikan ere, emakumeak borrokan ari dira euren eskubideen alde: politikan eta instituzioetan parekidetasuna lortzeko; lur jabe izateko; euren etorkizunaren jabe izateko. Afrikan elkarteak sortu dituzte euren ahotsa entzunarazteko. Baina aldaketa horiek guztiak hirietan gertatu dira, ez hainbeste nekazaritza eremuetan.
Fatima Djarra. Emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea
«Afrikan ere, emakumeak ari dira euren eskubideen alde borrokan»
Munduko Medikuak erakundeko kidearen esanetan, herrialde askotan egoera hobetu bada ere, nesken eta emakumeen aurkako praktikak oso errotuta daude oraindik nekazaritza eremuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu