Klima larrialdia

Afrika lehen lerroan jarriz

Karbono dioxido isurien %4 dagozkio Afrikari, baina kontinente hori ari da jasaten klima larrialdiaren ondorio okerrenak. Estatu aberatsek iragarritako laguntzen %12 soilik jaso ditu orain arte

Klima larrialdiaren aurkako neurriak eskatzeko elkarretaratze bat, Cape Townen, Hegoafrikan. NIC BOTHMA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Klima Larrialdiari Buruzko Afrikako goi bilera hasi zuten atzo Librevillen, Gabonen. Bost egun iraungo du, eta kontinente osoko mila ordezkari inguruk hartuko dute parte. Azaroan Egipton egingo duten COP27ren atarikoa izango da, eta klima larrialdiaren muturreko fenomenoek zuzenean eragiten duten lurralde batean egingo da.

Afrikako herrialdeek ere isurtzen dituzte berotegi efektua eragiten duten gasak, baina klima larrialdiak bertan eragin dituen kalteak nabarmen okerragoak dira, iparraldearekin alderatuta. Izan ere, azken urteetako lehorte gogorrena jasaten ari dira Sahel eskualdean; kontinentearen ekialdean, berriz, glaziarrak urtzen ari dira, eta uholdeek erabat suntsituta utzi dute Hegoafrikako KwaZulu Natal barrutia.

Datu bat: Mo Ibrahim fundazioak egin duen herrialde zaurgarrienen zerrendako lehen hamarrak Afrikako estatuak dira. Txosten beraren arabera, kontinenteko herrialdeen bi laurdenek bete dituzte dagoeneko NBE Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak; aldiz, Amerika iparraldeko edota Europako Batasuneko herrialde bakar batek ere ez du gauza bera egin.

Egipton egitekoa duten COP27 goi bilera baino hiru hilabete lehenago hasi dute Afrikako batzarra. «Afrikako goi bilera gisa deskribatu dute COP27, eta hor gure etorkizuna aldatzeko aukera izango dugu. Aste honetan lortu behar dugu denok elkarrekin bidea egitea, azaroan etorkizun hobe bat eraiki ahal izateko», esanez aurkeztu zuen Gabongo presidente Ali Bongo Ondimbak Librevilleko batzarra. Hona hemen hizpide izango dituzte gaietako batzuk.

LEHORTEA

Urte hasieran hasi zen lehortea Etiopian, Somalian eta Kenyan: normalean baino bi hilabete lehenago. Urik ezak arazo larriak eragin dizkie nekazari eta abeltzainei, uztak galtzeaz gain abelburuak ere hil zaizkielako, jateko nahikorik ez dutela eta.

Somalian, beste gosete baten atarian daude. Herrialde hartan, 2010 eta 2012 bitartean 250.000 pertsona hil ziren gosez, haien erdiak adingabeak, eta adituek ohartarazi dute gauza bera gertatu litekeela datozen hilabeteetan, neurririk hartu ezean. «Giza hondamendi baten atarian gaude Etiopian, Somalian eta Kenyan», ohartarazi zuen joan den astean Guleid Artanek, Munduko Meteorologia Erakundeko eskualdeko arduradunak.

Munduko Elikadura Programaren datuen arabera, Djibuti, Etiopia, Somalia, Kenya eta Hego Sudango 80 milioi pertsonak dituzte elikadura segurtasuneko arazoak. Horrez gain, 16,2 milioi pertsonak zituzten edateko ura lortzeko zailtasunak uztailean, otsailean baino 6,7 milioi gehiagok. Adituen arabera, klima larrialdiaren ondorioz, %40 murriztu da uraren eskuragarritasuna azken hogei urteotan.

Adibide argia jarri zuen joan den astean Catherine Russellek, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko zuzendariak: «Irudikatu aukeratu egin behar duzuela gaixo, gose eta egarri dagoen zuen haurrarentzat ogia edo ura erosi, edo erabaki behar duzuela haurra egarriz itotzen ikustearen eta hari ur kutsatua ematearen artean. Lehorteak jotako eskualdeetan bizi diren familiak behartuta daude ezinezko aukerak egitera».

MIGRATZAILE KLIMATIKOAK

Munduko Bankuaren aurreikuspenen arabera, klima larrialdiak eragindako ekaitz, lehorte eta uholdeek etxea uztera bultzatuko ditu Saharaz hegoaldeko 86 milioi pertsona eta Afrika iparraldeko 19 milioi lagun, 2050erako. Erakundearen arabera, Sahara hegoaldea oso zaurgarria da, besteak beste basamortutzearen ondorioz, eta herritar gehienak nekazaritzatik bizi direla eta. Adituen arabera, egoerak ez du hobera egingo. Aurreikuspenak bete eta mende amaierarako tenperaturak 2,5 gradu igotzen badira, Afrika mendebaldean ehun egunetik 250era igaroko lirateke egun beroak.

Muturreko fenomenoek etxetik alde egitera behartu dituzte dagoeneko milaka lagun. Angolan, esaterako, azken 40 urteetako lehorterik gogorrena bizi dute: milaka pertsona Namibiara joatera behartu ditu, elikagaien prezioen gorakada dela eta.

LAGUNTZAK

Karbono dioxido isurien %4 inguru dagozkio Afrikari; aldiz, kontinente horrek jasaten ditu klima larrialdiaren ondoriorik okerrenak. Hori dela eta, nolabaiteko oreka nahi dute Afrikako estatuburuek.

Adituek aurreikusi dute estatu aberatsenek urtero 850.000 milioi euro eman beharko lizkieketela herrialde txiroenei, haiek erregai fosiletatik energia garbietarako jauzia egin ahal izateko. Duela hamar urte, estatu aberatsenek adostu zuten urtero 100.000 milioi euro emango zizkietela herrialde txiroenei, haiek klima larrialdiak eragindako hondamendiak babesteko neurriak har zitzaten. Baina diru horren zati bat soilik jaso dute orain arte (%12); hau da, iparraldeko estatuek ez dute hitza bete. Afrikako 48 estatuk, bestalde, 1,2 bilioi euroko funts bat sortzeko eskatu diete iparraldeko auzokideei, isuriak gutxitu eta tenperaturak murrizteko neurriak hartu ahal izateko.

Arazo nagusia da garapen bidean dauden estatuentzat zaila dela oso erregai fosilak alde batera uztea, energia berriztagarrietan inbertitzeko laguntzarik gabe. Hori dela eta, askok, Afrikako estatu gehienak barne, atzeratu egin dute urrats hori. Kontinenteko estatuburu askok dagoeneko aurkeztu dituzte natur hondamendiei aurre egiteko proiektuak, hasi itsasoaren gorakadari eutsiko dioten hormetatik eta lehorteei aurre egiteko balioko luketen azpiegituretaraino; baina finantzaketa falta dute.

Afrikako klima larrialdiari buruzko goi bileraren helburu nagusietako bat da herrialde aberatsak estu hartzea haiek urratsak egin ditzaten finantzaketan eta energia berdearekin lotutako teknologietan.

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Azken urteetan, Mendebaldeak finantzatu ditu Afrikako gasbide eta petrolio putzuak, eta, bide batez, energia berriztagarrietarako jauzia egiteko ordua atzeratu. Klima larrialdiaren ondorioak gero eta nabarmenagoak diren honetan, ordea, ugaritzen ari dira bestelako bideak urratzearen aldeko ahotsak, baita agintarien artean ere. Orain, ordea, kontinenteari berriztagarrien alde egiteko eskatzen aritu den Europa gas hornitzaile berrien bila dabil, eta Mozambike izan daiteke hornitzaile horietako bat, gas natural likidotuaren bitartez.

Gasaren prezioa ikusita, gobernuz kanpoko taldeak beldur dira estatuburuek ez ote duten irabazi ekonomikoen aldeko apustua egingo, klima larrialdiaren aurkako neurriak bigarren mailan utzita. Power Shift Africa taldearen zuzendari Mohamed Adowren esanetan, kontinenteak «oker larria» egingo luke erregai fosilei lehentasuna emango balie: «Nahi adina eguzki eta haize edukita, Afrikak ezin du erregai fosilei lotuta jarraitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.