Gatazka odoltsu batean hondoratuta dago Afrika Erdiko Errepublika, milizia kristauen eta musulmanen artean erdibitua. Astero izan ohi dira alde baten zein bestearen hilketa politiko-erlijiosoak, eta estatua ez da gai herritarrak defendatzeko. Haatik, Frantziaren ustez, gobernu ahulak anabasa hori kudea dezake NBEko kasko urdinen laguntzarekin, eta ofizialki amaitutzat eman zuen atzo Sangaris operazioa. 2.500 soldatu izan ditu Frantziak herrialdean, milizien arteko sarraskiak eragozteko eta hauteskundeak egitea bermatzeko. Jean-Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroaren arabera, «erabat arrakastatsua» izan da operazioa. «Sarraskiak saihestu ditugu, lasaitasuna ekarri dugu eta onartezina dena eragotzi dugu».
Orain hiru urte abiatu zuen François Hollande presidenteak esku hartzea Afrikako Errepublikan, Frantziaren kolonia izandakoan. 2013ko abenduan «genozidio arriskuagatik» tropak bidali zituen Parisek. Seleka miliziek—musulmanak dira gehienak— François Bozize presidentea indarrez kanporatu zuten urte horretako martxoan. Kristauek, berriz, Anti-balaka miliziak eratu zituzten, eta gerra zibilean ohikoak egin ziren alde bateko zein besteko sarraskiak. Milioi bat pertsonak baino gehiagok etxetik ihes egin behar izan zuten.
Afrika Erditik tropak erretiratuta, atzerrian dituen beste bi fronteak indartu nahi ditu Frantziak; 2013ko urtarrilean Malin esku hartu zuen Hollandek, talde jihadisten aurka; sarritan kexatu izan da Paris Europaren kolaborazio eskasagatik. Horrez gain, Sirian eta Iraken EI Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketak egiten ditu armadak.
Kasko urdinak, jopuntuan
350 soldaduko «erreserba taktiko bat» utziko du Frantziak, NBEko kasko urdinen indarraren barruan. Minusca misioko 12.500 soldaduek izango dute herritarren segurtasuna bermatzeko ardura. Afrikako herrialdeetako soldaduak dira gehienak.
Eskandalu ugaritan nahastu dira NBEko kasko urdinak eta Frantziako soldaduak herrialdean, eta haien presentziak mesfidantza sortzen du toki askotan; NBE ikertzen ari den salaketa baten arabera, kasko urdinek eta Sangaris operazioko soldaduek haurrei janaria eskaini diete sexu harremanak izatearen truke. Afrika Erdiko Errepublika kontinenteko herrialde txiroenetarikoa da, eta asko miserian bizi dira.
Kasko urdinen aurka tentsioak gora egin du azkenaldian. Manifestazioa egin zuten aurreko astean Bangin, NBEko soldaduak herrialdetik ateratzeko eskatzeko. Liskarretan lau manifestari hil zituzten, tiroz; kasko urdinen buruzagiari leporatu diote manifestarien aurka tiro egiteko agintzea.
Faustin-Archange Touadera urte hasieran hautatu zuten errepublikako presidente, baina haren boterea mugatua da oso, hiriburutik kanpo ez baitauka indarrik. Izan ere, herrialdea bitan dago erdibituta. Ekialdean Seleka miliziek—2014tik FPRC Afrika Erdiko Berpizkunderako Herri Frontea deitzen da— kontrolatzen dute. Herrialdea zatitzeko mehatxua egin du komunitate musulmana babesteko neurriak hartu eta borrokalariei etorkizuneko armadan lekua egin ezean. Bestalde, mendebaldean nagusi dira Anti-balaka indar kristauak, baina peul etniako nomaden erasoak sufritzen dituzte noizbehinka.
Afrika Erditik tropak aterako ditu Frantziak, bakea urruti egon arren
'Sangaris operazioa' amaitutzat eman du Parisek, hiru urteren ondoren. Azkenaldian gaiztotu egin da gatazka, eta NBEk kontrolatu beharko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu