Frantziako armadak abiadura bizian paratu du martxan Sangaris operazioa Afrika Erdiko Errepublikan. Ortzegunean abiarazi zuen, 600 soldadurekin, eta jada bikoitza baino gehiago, 1.600 dauzka herrialde horretan. François Hollande presidenteak adierazi du «behar adina denbora» geldituko direla. Airetik ez ezik, lurretik ere sartu dira Frantziako soldaduak, Kamerungo mugatik. Bangi hiriburua kontrolpean hartzea dute lehenbiziko helburua, baina operazioaren azken xedea zein den ere azaldu du Hollandek: «Herritarrak izutzen ari diren miliziei eta talde guztiei armak kentzea» eta hauteskunde «libre eta demokratikoak» antolatzea.
Gurutze Gorriak herenegun emandako datuen arabera, ortzegunetik 300 ziren Seleka talde matxinoaren eta milizia kristauen arteko borroketan hildako lagunak. Seleka taldea islamistek osatzen dute nagusiki, eta François Bozize presidentea boteretik kendu zuen. Era berean, Selekaren aurka matxinatu dira anti-balaka (aihotzen kontrakoak, sangoeraz) deitutako milizia kristauak, eta sarraskiak gehitu dira.
Gobernua Selekaren esku dago, eta Michel Djotodia buruzagia de facto errepublikako presidentea. Hala ere, haren bozeramaileak Bangin lanera itzultzeko eskatu die funtzionarioei, hedabideetako langileei eta dendariei, Afrika Erdiko Errepublikako defentsa eta segurtasun indarrek, Frantziako eta Misca Afrikako indarren misioko soldaduek haien segurtasuna bermatuko dutela hitzemanda.
Bigarren esku hartzea aurten
Frantziak aurten bigarren aldiz esku hartu du Afrikako kolonia ohi batean. Malin urtarrilean sartu zen, eta han dauzka oraindik soldaduak. Dena den, Hollanderentzat bi kasuak ez dira alderagarriak. «Afrika Erdiko Errepublikan ez gara ari terrorismoaren aurka borrokan». Parisen egin ditu adierazpenak, Afrikako 53 estatutako ordezkariekin izan duen goi bileran. Hollandek iragarri du datozen urteetan Frantziak Afrikako herrialdeetako 20.000 soldadu trebatuko dituela gatazketan esku hartzeko indar berezi bat osa dezaten. Bai Malin, bai Afrika Erdiko Errepublikan, Frantziak Afrikako estatuetako soldaduek osatutako misioak erabili ditu laguntzeko.
Afrika Erdian ere «behar adina denbora» geldituko da Frantzia
Bangi hiriburura jada 1.600 soldadu eraman ditu Parisek; miliziei armak kentzea jarri du helburutzat Hollandek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu