NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak ebazpen bat onartu du gaur arratsaldean, Afrika den bezala irudikatzen duen eredua lehenesteko: Equal Earth delakoa. Afrikako Batasunak sustatu zuen iaz egitasmo hori, eta Togo arduratu da auzia nazioarteratzeaz. «Egitasmo hau urrats historikoa da errepresentazio kartografiko zehatza eta parekidea lortzeko», adierazi du talde komunitarioak ohar bidez. Togoko Atzerri ministro Robert Dusseik, berriz, zera esan dio Reuters agentziari, bozketa baino lehen: «Mundu justua mapa justu batekin hasten da».
Mercator proiekzioa, eredurik ezagunena, itsas nabigaziorako sortu zuen Gerardus Mercator geografo flandriarrak, XVI. mendean, eta Lurraren ikuspegi desitxuratua erakusten du; ekuatoretik urrunen dauden herrialdeak eta lurraldeak berez diren baino handiago irudikatzen ditu —adibidez, Afrikaren eta Groenlandiaren artean ez dago alde handirik, baina kontinente hori Artikoko irla halako hamalau da—. «Hainbat mendez, Mercator proiekzioak geografia globala desitxuratu du», erantsi du Afrikako Batasunak, eta nabarmendu kontinentearen «eskala, pisua eta tokia» erakutsiko dutela mapek. Izan ere, Equal Earth proiekzioak proportzio bertsuan erakusten ditu herrialdeak-eta.
Ikusi gehiago
Ameriketako Estatu Batuek ebazpenaren kontra bozkatu dute, sei herrialde abstenitu egin dira, eta gainontzeko guztiek, 164k, alde bozkatu dute. Washingtonen ordezkari batek kazetarien aurrean argudiatu duenez, onartu berri duten ebazpenaren gisakoek eta horiek bultzatzen duten «agenda ideologikoak» Batzar Orokorraren lana «oztopatzen» dute. Erabakia ez da loteslea, eta Togoko Atzerri Ministerioak ohar batean nabarmendu du asmoa ez dela «inondik inora ere» Mercator proiekzioa ez dadila erabili itsas eta aireko nabigaziorako.
Dena den, Afrika mendebaldeko herrialde horrek bozketa baliatuko du eskoletan irakasten den proiekzioa Equal Earth izan dadin. «Togo aurrenekoa izango da geografia liburuak aldatzen», esan du Dusseik. Afrikako Batasuneko herrialde kideekin bilduko direla jakinarazi du, eredu horren erabilera areagotzeko: «Mundua aldatzen ari da. Afrika ere aldatzen ari da».