Afganistango presidentearen aurkaria arduratuko da bake prozesuaz

Ghani estatuburuak eta Abdullahk akordio bat egin dute krisi politikoa amaitzeko: batasun gobernu bat eratuko dute. Talibanek zazpi lagun hil dituzte eraso suizida batean

JAWAD JALALI / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Axraf Ghani Afganistango presidenteak eta Abdullah Abdullah haren aurkari politikoak amaiera eman diote iragan iraileko hauteskundeetatik sorturiko desegonkortasun politikoari. Bi agintariek akordio bat adostu dute, eta, horren arabera, datozen egunetan batasun gobernu bat eratuko dute, eta Abdullah saiatuko da egoera txarrean dagoen bake prozesua bideratzen. «Gaurkoa egun historikoa da Afganistanentzat. Afganistandarrek frogatu dute beren interes nazionaletan oinarritu daitezkeela, eta horiekiko konpromisoa dutela», adierazi zuen herenegun herrialdeko presidenteak.

Bake politikoa lortzeko, Ghanik boterearen parte bat eman behar izan dio bere aurkariari. Itunean jaso dutenez, Abdullah gobernuaren buruzagia izango da, 2014tik 2019ra bezala, eta, berritasun gisara, Berradiskidetze Nazionalerako Kontseilu Gorenaren ardura hartuko du, talibanekiko bake prozesua gidatzeko. «Egun, herrialdearen lehentasuna bakea da. Talibanek frogatu beharko lukete borondate ona dutela, beharrezko konfiantza sortzeko eta aukera historiko hau baliatzeko», ohartarazi zuen kontseilu horren buru izango denak.

Prozesuaren lehen pausoan, Talibanek eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) akordio bat sinatu zuten iragan otsailean: horren arabera, AEBek eta harekin nazioarteko aliantza eratu duten herrialdeek beren tropak aterako dituzte Afganistandik hamalau hilabetean. Zehazki, Etxe Zuriak konpromisoa hartu zuen Afganistanen dituen 14.000 militarretatik 8.600 erretiratzeko, itunaren onarpenetik 135 egun betetzen direnerako.

Hurrengo pausoak, gobernuaren eta integrista suniten arteko elkarrizketak, ez du fruiturik eman, besteak beste presoen trukea espero baino mantsoago doalako. Gainera, talibanek ez dituzte erasoak eten, eta gutxienez 120 lagun hil eta 350 zauritu dituzte hilabetean, gobernuaren datuen arabera. Hori guztia 3.800 eraso baino gehiagotan.

Atzo, esaterako, integrista sunitek beste eraso suizida bat egin zuten herrialdearen ekialdean, eta gutxienez zazpi lagun hil eta 40 zauritu zituzten, agintarien datuen arabera.«Tamalez, terroristek bonba-auto bidez beste eraso bat egin zuten, oraingoan Ghazni hiriko zentro islamiko baten aurka», idatzi zuen Tariq Arian Barne Ministerioaren bozeramaileak Twitter sare sozialean. Testuinguru horretan, Ghanik iragan astean eskatu zien militarrei «defentsa aktiboa» utzi eta erasoaldira itzultzeko.

Talibanekiko negoziazioei begira, herrialdeko presidenteak uste du Abdullahk «era egokian» gidatuko dituela negoziazio horiek, lehenik su-eten bat lortu eta gerora bake iraunkor bat eskuratze aldera.

Abdullahrentzat, lehen pausoa presoen afera konpontzea izango da; izan ere, integrista sunitek martxo hasieran ohartarazi zuten preso guztiak askatzean itzuliko zirela negoziazio mahaira. Aurrerapausorik ezagatik, eta presio gisara, AEBek 925,4 milioi euroko diru laguntza etetea erabaki zuten orduan. Orain, koronabirusak sorturiko osasun larrialdia kontuan hartuta, Kabulentzat berebizikoa bilakatu da egoera aldatzea.

Karguen banaketa

Bi agintarien akordioaren xehetasunen zain, Abdullahren aliatuak koalizio gobernuan sartuko dira, eta, lehen informazioen arabera, Barne, Justizia, Lan eta Industria ministerioak lor ditzakete. Abdul Raxid Dostum Afganistango presidenteorde ohi eta Ghaniren aurkariari ere postu bat gorde diote: Segurtasunerako Kontseilu Nazionalaren kide izango da, eta dekretu bidez mariskal izendatuko dute.

Horrez gain, bi agintariek adostu dute hauteskunde sistemaren erreforma egitea —besteak beste, alderdien legea aldatzeko—, krisi politikoa berriz has ez dadin. Iragan otsailean jakinarazitako emaitza ofizialen arabera, Ghanik irabazi zituen iraileko presidentetzarako hauteskundeak, botoen %50,64rekin, baina Abdullahk ez zituen onartu emaitzak, eta, harrezkeroztik, herrialdeko presidentearen aurka aritu da.

Tentsioa erabatekoa izan zen: herrialdeko presidentearen aurkariak iruzur egitea egotzi zion hauteskunde batzordeari, eta estatuburu karguaren zina egiteko ekitaldi alternatibo bat ere antolatu zuen. Bigarren aldia da bi agintari horiek krisi politiko baten protagonista direla, 2014ko bozen ostean antzeko liskarrak izan baitzituzten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.