Irak, herrialde baten gainbehera. Al-Qaeda

Afganistango mendi batzuetan...

2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren, AEBek zabaldu zuten Al-Qaeda Afganistandik jarduten zuen talde bat zela, atzerrian atentatuak egiteko sortua. Ordutik hamarkada bat pasatuta, muturreko sare islamista sunitari lotutako taldeak hainbat herrialdetara hedatu dira, zenbait estatu kolokan paratzeraino.

Afganistango mendi batzuetan...
mikel rodriguez
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Zer da Al-Qaeda? Irudi edo ahots grabazioetan agertzen den mediku egiptoar bizardun hori al da buruzagia? Hark markatutako helburuez gain, bertzelako eragileren baten interesak betetzen al ditu? Bi hamarkada baino gehiago dira izen hori agertu zela, Al-Qaeda (Basea, arabieraz), baina gaur egun oraindik jatorri eta interes iluneko taldetzat jotzen da, eta makina bat konspirazio teoriari bazka ematen die. Historia ofizialaren arabera, Afganistango mendi batzuetatik aginduak jasota Mendebaldearen eta horren aliatuen interesei erasotzen zien talde armatu bat zen; «terrorista», etsaientzat. Orain, ordea, mundu zabaleko gobernu anitzek mehatxu globaltzat daukate, estatu batzuen existentzia kolokan paratzerainokoa, Iraken ikusi den bezala.

Iluntasun, teoria eta mito horien artean, Al-Qaedaren jatorria azaltzeko orduan badago adostasuna. 1980ko hamarkada hasieran kokatzen da hori. Sobietar Batasuneko armadak Afganistan okupatuta zeukan, eta horri aurre egiteko, AEBek programa bat paratu zuten martxan muturreko talde islamistak finantzatu eta entrenatzeko. Sobietarren aurkako gerrak muturreko islamistak erakarri zituen mundu osotik, eta horien artean zegoen sendi aberats bateko saudi arabiar bat, Osama bin Laden izenekoa. Afganistanen egindako harremanekin, jasotako trebakuntzarekin eta lortutako baliabideekin sortu zuen Al-Qaeda, talde islamista sunita fundamentalista.

Nagusiki hortik aitzinera hasten da ikerketen, interpretazioen eta teorien eremua. Bertsio hedatuenaren arabera, Bin Ladenen eta Mendebaldearen (bereziki, AEBen) arteko dibortzioa Golkoko gerrak ekarri zuen (1991), Saudi Arabiak, Al-Qaedako buruzagiaren herrialdeak, bere baseak utzi baitzizkion Washingtonek zuzendutako koalizio bati Iraki erasotzeko; hau da, herrialde infidelek musulmanen eremu sakratuenak dauzkan herrialdea erabili zuten bertze herrialde musulman bati erasotzeko. Al-Qaedak jihada, gerra santua, deklaratu zien AEBei eta Mendebaldeari.

Tituluetara, 1998an

1990eko hamarkadan, ordea, Al-Qaeda ez zegoen nazioarteko agendaren erdian. Bloke sozialista desegin berritan, Europako ekialde osoa eta Errusiaren rola nazioartean egituratzeko zeuden, eta arreta mediatiko gehiena erakarri zuten hainbat gerra zeuden —Jugoslaviakoa, Ruandakoa, Txetxeniakoa, Afrikan anitz—, bertzelako gatazketan une historikoak ari ziren gertatzen —israeldarren eta palestinarren artean Osloko akordioak eta haien ondorena, Irlanda iparraldean IRAren su-etenak eta Ortziral Santuko akordioak—, eta arreta puntu gehiago zeuden —Golkoko gerraren ondorena, adibidez—. 1998ko abuztuaren 7an, Tanzanian eta Kenyan AEBetako enbaxaden aurkako atentatuekin lortu zituen Al-Qaedak mundu zabaleko tituluak —224 lagun hil zituen—. Bin Ladenen irudia orduan egin zen ezagun mundu zabalean, eta FBI Ikerketa Bulego Federalak gehien bilatutakoenen zerrendan sartu zuen hamargarren postuan.

Erreferentzialtasuna, ordea, historiara pasatu den eraso batekin lortu zuen Al-Qaedak: 2001eko irailaren 11ko atentatuekin Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurka —ia 3.000 hildako—. AEBek, George W. Bushen agintepean, mehatxu global berria identifikatu zuten; hura deuseztatzeko aterpetzat zeukan herrialdea inbaditu eta babesa eman zion erregimena deuseztatu behar zuten. AEBek bere etsaiak eta helburuak fokalizatuak zituzten orduan: Afganistan inbaditu, talibanak boteretik kendu, Al-Qaeda deuseztatu eta Bin Laden hil edo harrapatu. Bushek haizea alde zuen: AEBetako gizartean mendeku gosea eta gerrarako grina hedatu zen, eta New Yorken eta Washingtonen jasandako erasoengatik nazioartean permisibitate handia lortu zuen.

Gidoi aldaketa

Hurrengo urteetako gidoia, ordea, ez zen 2001eko udazkenean aurkeztu zen bezala garatu, eta horrek gero eta galdera gehiago sortu ditu Al-Qaedari buruz. Nahiz eta talibanak boteretik kendu, Afganistan oraindik bukatu ez den gerra odoltsu batean murgildu zen. Bin Laden ez zen agertu, eta gatazka Pakistanera ere igaro zen. Jarraian etorri zen Irakeko inbasioa (2003), gezurretan oinarritua, eta herrialde horretan ere Al-Qaeda agertu zen. Atentatu handi gehiago egin zituen —Indonesian, Espainian, Marokon, Turkian, Ingalaterran—, baina Bushen bigarren agintalditik aitzinera (2005-2009) eta batez ere Barack Obamak boterea hartuz geroztik, Al-Qaedari lotutako arazoaren izaera aldatu egin da.

Sahararen mendebaldetik hasi eta Asiako hego-ekialderaino, Al-Qaedaren izenean jarduten duten taldeak agertu dira, egitura militar finkoak, tokian tokiko gobernuen aurka borrokan. Kasu anitzetan lehendik sortutako gatazketan nahasi dira: Yemenen, Somalian, Filipinen hegoaldean... Bertze batzuetan, 2011ko herrialde arabiarretako matxinadek sortutako ezegonkortasunaren ondoren agertu dira: Libian, Sirian, Tunisian, Egiptoko Sinai penintsulan... Matxinada horien ondorioz, Sahelen garai batetik zeukaten presentzia operatiboa handitu dute, Malin 2012an estatua hankaz goiti paratzeraino —tuareg independentisten matxinada baliatuta—, eta gehiengo musulmana ez duten herrialde batzuetara ere hedatu da arazoa: Kenyara, Ugandara eta Tanzaniara. Bin Laden 2011n hil zuten AEBek, irudirik erakutsi gabe. 2001eko irailaren 11n hasitako aroaren bukaera aldarrikatu zuen Obamak. Afganistango mendi batzuetatik buru batek kontrolatutako hainbat garrok osatzen omen zuten Al-Qaeda, baina orain bururik gabe, garroek berezko bizia hartu izanen lukete, Iraken gertatu bezala. Anitz dira uste dutenak, ordea, Bin Laden desagertuta ere buruak hor jarraitzen duela, eta hori ez dela Aiman al-Zawahiri mediku egiptoarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.