Misteriotsua eta espekulazioz beterikoa da Mohamed Omar mulla Afganistango talibanen buruzagiaren itzala; AEBek 2001ean herrialdea inbaditu zutenenik agerpen publikorik egin ez izanak hari buruzko zurrumurruak etengabe elikatu ditu. Nolanahi ere, atzo Afganistango Gobernuak lehenaldiz jo zuen hiltzat: «Informazio sinesgarrian oinarrituta, gobernuak baieztatzen du Omar mulla 2013ko apirilean hil zela Pakistanen», adierazi du Axarf Gani presidentearen bulegoak ohar baten bidez. Talibanek, ordea, ez dute adierazpen ofizialik egin.
Halaber, bake elkarrizketen alde egin du gobernuak. «Negoziazioetarako bidea lehen baino egonkorragoa dela, eta oposizioko taldeei dei egiten diogu aukera aprobetxa dezaten eta bake prozesura batu daitezen». Kabul eta talibanak gaur eta bihar artean dira bigarren elkarrizketa sortari heltzekoak.
Segurtasun Nazionaleko Batzordeko bozeramaileak albiste agentziei esandakoaren arabera, Omar orain bi urte eraman zuten Karatxiko erietxe batera, Pakistan hegoaldean. Ospitalean hil zen, nahiz eta ez dakiten zerk eragin zion heriotza. «Orain dela bi urtetik genuen informazio hori, baina orain fidagarriagoa da», adierazi du Abdul Hassib Sediqik. AEBek ere fidagarritzat jo dute informazioa.
BBCk aipatutako segurtasun iturrien arabera, Pakistango zerbitzu sekretuetatik jaso du Kabulek informazioa. Dena den, azken asteetan beste hainbatetan zabaldu dute Omar mullaren heriotzaren gaineko informazioa. Fidai Mahaz Afganistango Mugimendu Islamikoak —talibanetatik banandutako adar bat da— iragan astean adierazi zuen Omar mulla «martirizatu» egin zutela orain bi urte. Pakistango Tribune Express egunkariak, ordea, talibanen buruzagi ohi bat aipatuta argitaratu zuen tuberkulosiak jota hil zela, eta haren semeak identifikatu zuela gorpua.
«Inbasoreen eta haien txotxongiloen ohiko zurrumurruak dira». Iragan astean Omarren heriotza gezurtatu zuen Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak. Afganistango Gobernuak bake prozesua bultzatzearekin batera indartu dira zurrumurru asko. Hainbat bilkura sekreturen ostean, uztail hasieran egin zuten lehen elkarrizketa sorta.
Arrakalak talibanen artean
Omar mullaren heriotza baieztatuz gero, talibanen artean zatiketa eta botere borroka pitz daitezke. Komandante batzuek lehendik ere hiltzat ematen zuten buruzagia, eta ondorengotza prozesuan pentsatzen hasiak dira. Pakistango prentsaren arabera, Omarren seme Mohamed Yaqubek eta talibanen buruzagiorde Akhtar Mansoorrek lidergoa hartzeko lehia hasi dute.
Haatik, Pakistango zerbitzu sekretuetako iturri batek AFP agentziari esan dionez, Omarren heriotzaren inguruko baieztapenak «espekulazioak» besterik ez dira, bake negoziazioak ezegonkortzeko xedez egindakoak.
Izan ere, talibanen fakzioen artean arrakalak ireki ditu Kabulekin hasitako elkarrizketak. Hiru ordezkarik parte hartu zuten Islamabaden uztail hasieran eginiko bilkuran, baina talibanen Qatarreko bulego politikoak salatu zuen ez zutela mugimendua ordezkatzen. Talibanek orain bi aste Omarren izenean kaleratutako oharrean negoziazio bidea babestu zuten: «Islamak ez du debekatzen etsaiarekin negoziatzea».
Buruzagi erlijioso eta militar historikoa da Omar. Sobietarren inbasioaren aurka borrokatu zuen (1979-1989), eta haiek erretiratzean, madrasako ikasleak bildu eta taliban taldea eratu zuen, —ikasleak esan nahi du taliban-ek arabieraz eta paxtueraz-.1996an Kabul hartu eta Afganistango zati handiena bereganatu zuten talibanek, xaria ezarri, eta estatuburu izendatu zuten Omar.
Afganistango Gobernuak Omar mulla hiltzat jo du, bake elkarrizketen atarian
Kabulen arabera, orain bi urte Pakistango ospitale batean hil zen talibanen buruzagia.AEBek sinesgarritzat jo dute informazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu