Afganistango eraso bat dela eta, Alemaniako Gobernua salatu dute

NATOko hegazkinek duela bi urte hildako 139 zibilen familiek kalte-ordaina eskatu diote Berlini

Karim Popal abokatua, NATOren bonbardaketan hildako zibilen senideek Alemaniaren aurka salaketa jartzeko emandako aginduarekin. HARALD NEUBER.
Berlin
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Duela bi urte NATOko hegazkinek bi erregai kamioiri egindako eraso batean, 139 zibil hil ziren Afganistan iparraldean. Eraso hartan hil zirenen abokatuek salaketa bat jarriko dute Alemaniako Gobernuaren kontra. Karim Popal abokatu aleman-afganistandarrak BERRIAri Berlinen esan dionez, familiek —gutxienez haietako 74k— 23.000 euroko kalte-ordaina eskatuko dute. Erasoan 139 lagun hil eta gero, Alemaniako Gobernuak 3.500 euro eman zituen hildako bakoitzeko. Nolanahi ere, askotan dirua ez zitzaien iritsi hilen familiei; halaxe jakinarazi du Popalek, zeinak Hanburgon duen bulegoa.

2009ko irailaren 2an, Georg Klein koronel alemanak agindua eman zuen kamioi haiek bonbardatzeko. Gasolinaz beterik zeuden, eta taliban talde batek bahiturik zeuzkan, Kondoz hiritik gertu. Klein tematurik zegoen AEBen gerra hegazkinek bonbardatu egin behar zituztela kamioi haiek, nahiz eta bere tropak ez zeuden arriskuan, eta nahiz eta inguruan dozenaka zibil zeuden. Alemaniako Parlamentuko ikerketa batzorde bat kasua aztertzen aritu zen, eta okertzat jo zuen militarraren jokabidea; okupazio indarren aliatuek ere kargu hartu zioten ofizialari, behin eta berriz.

Alemaniako Gobernuaren auzi zibila ikusirik, IALANA Bakearen Aldeko Legelarien Elkarteko buruak, Otto Jaeckelek, gogor kritikatu zuen Klein koronela. «Pilotu estatubatuarrek bi aldiz galdetu zioten ea arriskuan zegoen tropa aliaturen bat», kontatu zuen legelariak ostegunean, Berlinen izandako prentsaurreko batean. Militar alemanak, Kondoz eskualdeko okupazio tropetako komandantea bera, bi aldiz erantzun zien baietz.

Eroskeria akusazioak

Popalen eta Jaeckelen arabera, NATOren bonbek suntsituriko bi kamioi haietako biktima askoren familiak gaur egun ez dute inolako diru sarrerarik.

IALANAko buruaren eta Popalen ustez, bakearen aldeko pauso bat da Alemaniako Gobernuaren kontrako salaketa. Afganistango lege kontzeptuen arabera, biktimen familiek mendeku hartu behar zuten ahaide hilengatik. «Behin eta berriz esan nien familiei Alemania zuzenbide estatu bat dela eta goi funtzionario politikoak berak ere epaitu egiten ditugula oker jokatu baldin badute», azaldu du Popalek. Baina Popalek berak ere dudak ditu horri buruz. Abokatu izanik, Popalek akusazio larri batzuk egin dizkio Alemaniako Defentsa Ministerioari. Izan ere, haren ustez, Kondoz eskualdeko lur jabe handi bati, Omara Khani, 50.000 euro eman zizkioten iaz, ustez Aliabat herrian errepide bat egiteko. Orain arte, behintzat, han ez dago errepiderik, eta horregatik dago Popal hain seguru. «Diru horrekin, nire kontrako lekukoak erosi zituzten». Abokatuak segurtatu du badituela bere teoria egiaztatzen duten lekukotasunak eta dokumentu judizialak.

Kondozko bonbardaketaren biktimen abokatuek babestu egin behar izan dute Alemaniako Gobernuak egindako erasoetatik. Hain zuzen, gobernuari Popalen lana iruditu zaio amorragarriena. Abokatuak azaldu zuenez, Alemaniako Defentsa Ministerioak sekulako propaganda gerra egin dio. Aurrena, ministerioak esan zuen Popalek ez zuela baimenik biktimen ordezkari aritzeko. «Baina hementxe dauzkat nire bezeroek emandako aginduak», esan du abokatuak, dokumentuetako bat erakutsiz. Gero, funtzionario batzuek adierazi zuten talibanen interesen alde ari dela, eta hori «purrustada bat» iruditzen zaio Popali; izan ere, milizia islamistek hil zuten Kondozen zeukan ikerketa taldeko burua. Eta, azkenik, Defentsa Ministerioak leporatu zion interes ekonomiko batzuen bila aritzea. Egiaz, ez Popalek eta ez haren lankideek kobratzen dute ezer ere.

Alemaniaren aurrekariak

Oztopo horiek guztiak gorabehera, Kondozko bonbardaketa dela-eta Alemaniako Gobernuaren kontra hasitako auziak esperantza piztu du, Alemaniaren historia juridikoan zerbait aldatuko ote den. Orain arte, horrelako auziak Bigarren Mundu Gerran naziek eginiko gerra krimenei buruzkoak izan dira. Kasu horietako batean, Greziako Distomo herriko sarraskiari buruzkoan—Alemaniako armadak 1.800 bizilagun hil zituen han 1944an—, Alemaniako Gobernuak uko egin zion kalte-ordainak emateari, garai hartan ez zegoelako inolako hitzarmenik Berlinen eta Atenasen artean horrelakoei buruz. Hala ere, Serbiako Varvarin hiritik gertu 1999ko maiatzaren bukaeran Morava zubia bonbardatu eta gero, Alemaniak salbabide bakarra izan zuen: hamar hilen familiek ezin izan zuten frogatu militar alemanek zuzenean parte hartu zutela erosoan. Kondozko sarraskiaz, ordea, ez dago dudarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.