Afganistanen 12 polizia eta 70 taliban hil dira konboi baten aurkako erasoan

Washingtonek eta Kabulek segurtasun akordioa lortzeko negoziazioei ekiteko asmoa adierazi dute

2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Hamabi polizia eta 70 taliban hil eta 22 polizia zauritu dira, gutxienez, Afganistanen, talibanek Farah hirian konboi baten aurka egindako erasoan. Poliziak jakinarazi duenez, erasoa Bakwa barrutian gertatu da, eta guztira bost auto suntsituta geratu dira. Afganistango Poliziaren komandante Faridula Farahiren arabera, 200 taliban inguruk hartu dute parte segadan. 70 dira hildako talibanak, baina zaurituen inguruko berririk ez dute zabaldu. Talibanen bozeramaile Mohamed Yusuf Ahmadik bere gain hartu du erasoa, baina hildako eta zaurituen inguruko datu ezberdinak eman ditu: «Hamabost polizia hil eta zortzi zauritu dira». Talibanen artean hiru soilik hil direla gaineratu du. Barne Ministerioaren arabera, azken hiru hilabeteotan 2.748 polizia hil dira antzeko erasoetan.

Elkarrizketei berriro ekin

Duela hamabi urtetik, AEBek herrialdea inbaditu eta talibanak boteretik kendu zituztenetik, inoizko egoera larrienetakoan dago Afganistan. Nazio Batuen Erakundeak argitaratu berri duen txosten baten arabera, aurtengo lehen sei hilabeteetan 1.319 zibil hil dira erasoetan, iaz baino %14 gehiago.

NATOren Afganistango misioko azken tropek hurrengo urtean utziko dute herrialdea, eta 2014tik aurrera herrialdeak zer bide hartuko duen ezer gutxi dakite. 2014tik aurrerako lankidetza militarra zehazteko, Washington eta Kabul akordio bat lantzen hasi ziren duela hilabete batzuk, eta orain akordio hori garatzeko elkarrizketei ekin nahi diete berriro, Afganistango Gobernuko bozeramaile batek azaldu duenez. Ekainean Hamid Karzai Afganistango presidenteak esan zuen ez zuela parte hartuko talibanekin egin behar zituzten elkarrizketetan, atzerriko indarrek horien zuzendaritza Afganistango Gobernuari utzi ezean. Talibanek ez dute Afganistango Gobernua onartzen, eta AEBen «txotxongiloa» dela esan izan dute. Afganistango talibanen buruzagi Mohamed Omarrek jakinarazi du 2014an tropa atzerritarrak herrialdetik irten arte borrokak ez direla amaituko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.